Post-it bat mikrouhin-labearen atean
2019/09/17 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Gaur goizean, post-it bat aurkitu dut mikrouhin-labearen atean. Hauxe zuen idatzita: “Serendipity hutsa izan da zu topatzea. Muxu bat”. Ufa! Horrela hasiko balira egun guztiak...
Ezusteko aurkikuntzak zoragarriak dira, bai, eta horixe pentsatuko zuten bai post-it oharrak idazteko papertxoak asmatu zituenak, bai eta mikrouhin-labearen asmatzaileak ere. Izan ere, nola batean ala bestean, zoriak zerikusi handia izan zuen.
Post-it paperak, esaterako, 3M enpresaren laborategiko zientzialari elizkoi bati esker jaio ziren. Laborategi hartan bertan, lau urte lehenago, ia itsasten ez zen lekeda bat egin zuten. Halako deskalabrurik! Ezin dena bota, ordea. Garestiegia zen, eta, beraz, gorde egin zuten. Eta lekeda eskas harekin gogoratu zen zientzialari elizkoia, Arthur Fry, mezetako liburuan markak jartzeko papertxoak galtzeaz nazkatuta. Baztertutako lekeda hartu, paperari eman eta... eureka! Eliz liburuan itsatsita geratzen zen, baina erraz kentzeko moduan. Orain, agian urrun samar geratzen zaizkigu eliz liburuak, baina nork ez ditu erabiltzen orritxo hori horiek?
Mikrouhin-labea, berriz, radarretan ikertzen ari zela asmatu zuen Percy Lebaron Spencer ingeniariak. Berez, magnetroiak egiten zebilen, mikrouhinak sortzen dituzten tresnak, radar bat egiteko. Magnetroia martxan zegoela, Spencer konturatu zen poltsikoan zuen txokolatea urtu egin zitzaiola. Beraz, mikrouhinek berotzeko ahalmena zuten. Gainera, janaria barrutik berotzen zuten; hala frogatu zuen artoarekin eta arrautza batekin: arto-aleak krispeta bihurtu ziren, eta arrautza lehertu egin zen! Ikasgaia: mikrouhinak baliagarriak dira janaria berotzeko, baina ez da komeni arrautzak azal eta guzti egiten saiatzea.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia