Presioaren neurketa zehatza
2009/03/01 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Presio-patroi primarioaren kontzeptuak, konplexua dirudien arren, presioaren edozein neurketa egiteko ezaugarri bikainak dituen patroia adierazi nahi du, eta patroi horren balioak erreferentziazkoak dira. Eibarko Tekniker-IK4 zentro teknologikoan garatutako patroi primarioak bi presioren arteko diferentzia neurtzen du, edozein direla ere, eta hiru funtzio nagusi ditu, hartutako erreferentziaren arabera. Batetik, barometro gisa funtziona dezake, eta presio atmosferikoa neurtu; bestetik, presio absolutua neur dezake, erreferentzia moduan hutsa hartuta, eta, azkenik, manometro gisa lan egin dezake, bi presioren arteko diferentzia neurtzen denean.
Jariakin batek grabitatearen menpe dagoenean sortzen duen indarra da presioa. Indar hori neurtzeko, bi merkurio-hodiren arteko altuera-diferentzia hartzen du kontuan Tekniker-IK4ko gailuak.
"Bi hodi horiek merkurioz beteta eta azpialdetik komunikatuta daude. Bi hodiek presio berdina badute, likidoa altuera berean egoten da bietan. Gainazal horretan presio-diferentzia bat eraginez gero, ordea, altuera-diferentzia bat sortzen da. Gainazal horretan, ispilu bat duen flotagailu bat kokatu dugu. Ispilu horri laser-izpi batek egiten dio eraso, eta izpi horrek gainazalaren goranzko edo beheranzko mugimendua jasotzen du. Mugimendu horren neurketetatik, merkurioaren dentsitatea eta parametro geometrikoak kontuan hartuta, presioaren kalkulua egiten dugu" azaldu du Tekniker-IK4ko Josu Egia ingeniariak.
Merkurioz betetako bi hodi horiez gainera, presio-patroi primarioak beste hainbat hodi eta mekanismo ditu presioa sartu edo ateratzeko, hutsa sortzeko edo atmosferarekin konektatzeko eta abarretarako. Esaterako, batetik, bi hodi horien ondoan dauden kutxetan, laserraren uhin-luzera konpentsatzeko sistema bat dago. Bestalde, granitoz egindako euskarri berezi bat du, eta horrek isolatu egiten du presio-patroi primarioa kanpoko bibrazioetatik, eta, hortaz, egonkortasuna ematen die neurketei.
Doitasun ikaragarria
Doitasun handiko neurgailu bat izanik, patroi primario hori kokatuko den gelak edo inguruneak ere zenbait ezaugarri bete beharko ditu neurketa zehatzak egiteko. "Alde batetik, giroak kontrolatuta egon behar du tenperaturari dagokionez. Hau da, gelak 20 gradura egon behar du, graduaren ehunen bat gora edo behera, gehienez. Bestalde, patroia egongo den zoruak isolatuta egon behar du eraikinaren egituratik" dio Egiak.
Horrek guztiak gailuaren doitasuna eta neurketaren zehaztasuna bermatzen du. Hori da, hain zuzen ere, presio-patroi primario hori beste guztietatik desberdintzen duena.
"Munduko beste gailuekin alderatuta, ziurgabetasun txikiagoa dauka, zehatzagoa delako eta parametro guztien kontrola hobea delako. Gailu honek ematen duen balioa benetako balioa da" dio. "Neurketan parte hartzen duten parametro guztien kontrola eginda lortzen da hori, hau da, tenperaturaren, merkurioaren dentsitatearen eta altueraren neurketaren kontrola eginda. Hiru horietako bakoitzean, oso seguru eta zehatz jokatu behar da" gehitu du.
Doitasun-ingeniaritzan dituen ezagutzak izan dira Teknikerrek proiektu horri egin dizkion ekarpen nagusiak. Espainiako Metrologia Zentroan, berriz, neurketetan dira adituak. Elkarlanean garatu duten presio-patroia aurrerapauso handia da Madrilgo Metrologia Zentroarentzat.
"Azken finean, halako independentzia bat ematen dio laborategiari. Lehen, presio-neurgailuak konparatzeko eta kalibratzeko kanpora eramaten ziren, Estatu Batuetara, Japoniara edo Ingalaterrara. Orain, ez du horren beharrik, eta horrek independentzia ematen dio. Horrez gain, Tekniker-IK4n erabilitako ziurgabetasunaren inguruko ingeniaritza-teknikak aplikatuta sistemen neurketa hobetu dugunez, haien ekipoak ere hobetu dira, katearen hasieran neurgailu hobeak daudelako" dio Egiak.
Hamar urte pasatu dira presio-patroia garatzeko ideia sortu zenetik Metrologia Zentroaren oniritzia jaso arte, eta, gaur egun, jadanik martxan dago Madrilen munduko presio-neurgailurik zehatzena.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia