}

Primateak eta bakterioak 40 milioi urtez borrokan burdinagatik

2014/12/16 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

primateen-eta-bakterioen-arteko-40-milioi-urteko-b
Arg. Michael Schwarzenberger

Bakterioek beharrezkoa dute burdina bizitzeko. Eta, horregatik, bakterioen aurkako defentsa-mekanismo bat da burdina eskuragarri ez uztea. Hori eraginkorra da bakterioek burdina hori eskuratzeko mekanismoren bat lortzen duten arte. Bada, burdinagatiko borroka horretan gutxienez 40 milioi urte daramatzate primateek eta bakterioek, Science aldizkarian argitaratu berri den lan baten arabera.

Transferrina izeneko proteinak garraiatzen du burdina odolean, eta, horri esker, burdina ez dago odolean libre, bakterioentzat eskuragarri. Hala ere, bakterio batzuek, meningitisa eta gonorrea eragiten dituztenek kasu, horri aurre egiteko arma bat garatu dute: TbpA izeneko proteina. Proteina hori transferrinari lotzen zaio, eta burdina erauzten dio.

Bakterioen TbpA proteinak (urdinez) transferrina (berdez) ezagutu eta itsastea lortzen duenean, burdina erauzten dio. Puntu berdeek eta urdinek adierazten dute mutazioak non izan diren. Arg. Janet Iwasa, Ph.D., University of Utah

Utah Unibertsitateko bi ikertzailek 21 primateren transferrinak eta hainbat bakterioren TbpAk aztertu dituzte, eta ikusi dute bi molekula horiek aldaketa asko izan dituztela 40 milioi urtean. Transferrinaren kasuan, ikusi dute proteina horrek dituen bi lobuluetako batean gertatu direla ia aldaketa guztiak, TbpA lotzen zaion lobuluan, hain zuzen ere. Eta aldaketak noiz gertatu diren begiratzean, erabateko parekotasuna aurkitu dute primateen eta bakterioen artean. Hala, ikertzaileek ondorioztatu dute aldaketa horiek borroka ebolutibo bati dagozkiola. Alegia, TbpAri ihes egiteko transferrinak aldaketa bat egin ondoren, TbpAren beste aldaketa bat etorri dela, berriz ere transferrinari burdina erauzi ahal izateko. Eta horrela behin eta berriz, 40 milioi urtez.

Bestalde, ikusi dute transferrinak izan duen azken aldaketa batekin berriz lortu duela bakterioek ez antzematea. Gaur egun, munduko pertsonen laurdenek dute trasferrinaren azken aldaera hori.