Prioiak, misterioa argitu ezinik
2006/03/05 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Prioia behi eroena bezalako gaitzak eragiten dituen proteina bat da. Berez animalien gorputzeko zelula gehienetan izaten dira prioiak (neuronetan dira ugarien), baina oraindik ere ez dakite zer funtzio duten. Izan ere, ez da posible gorputzak prioiak mantentzea gaitzak eragiteko baino ez badute balio. Funtzioren bat izan behar dute. Prioien zeregina zein den misterio bat da, ordea.
Lehenengo argibideak
Hala, prioien funtzioaren bila dabiltza ikertzaileak jo eta ke. Ikerketa baten arabera, litekeena da memoriarekin zerikusia izatea: dirudienez, neuronen arteko sinapsia egonkortzen laguntzen dute. Ondorioz, gerta liteke memoriaren mekanismo molekularrari lotuta egotea. Dena dela, ikerketa horrek ez du argitu prioien misterioa; argibidetxo bat baino ez du eman.
Prioien funtzioarekin zerikusia duen beste ikerketa bat ere argitaratu berri da. Horren arabera, zelula amen zatiketan zerikusia dute prioiek. Aurkikuntza ezustean egin dute Biomedikuntzaren Ikerketarako Whitehead Institutuan , Cambridgen. Izan ere, ikerketak, funtsean, ez zuen zerikusirik prioiekin; zelula amak etengabe zatitzea lortu nahi zuten. Zatiketari adi-adi begiratutakoan, ohartu ziren prioiak kantitate handietan espresatzen zirela. Ikertzen jarraitu eta ikusi zuten prioiak espresatzen dituzten zelulek irauteko aukera gehiago dutela.
Beraz, zelula amen zatiketan ere agertzen dira prioiak. Baina horrek ere ez du argitzen zein den prioien funtzioa. Oraingoz, beraz, ez dakite zertarako balio duten prioiek.
Bigarren misterioa
Prioiek alde ezkutu gehiago dituzte. Esate baterako, prioiekin zerikusia duten gaitzak zabaltzerako, prioi infekzioso batek gorputzean dauden prioi arruntak infekzioso bihurtzen ditu. Bada, hori nola egiten duen ere ez dakite. Izan ere, dirudienez, prioi arrunta (gorputzean duguna eta gaitzik sortzen ez duena) eta prioi infekziosoa (kutsatutako behi baten haragitan jandakoa, esate baterako) berdinak dira (aminoazido sekuentzia bera dute). Aldea egitura tridimentsionalean dago. Prioi arrunta batez ere helikoidala da, helize-itxurako egiturek osatzen dute, eta gaixotasuna eragiten duenak xafla-itxurako egitura du, laminaz osatuta dago.
Laburbilduz, prioi arruntek ere xafla-itxura har dezaten eragiten du prioi infekziosoak, pilatu egiten dira eta plaka amiloideak deiturikoak osatzen dituzte. Hori guztia garuneko neuronen barruan gertatzen da batez ere. Plaka horien erruz, neuronek ezin dute funtzionatu, eta hil egiten dira.
Mekanismo horri jarraitzen diote prioiek gaixotasunak sortzeko. Oro har, entzefalopatia espongiforme kutsakor izena dute prioiek eragindako gaitzek: behi eroen gaitza ganaduan, Creutzfeldt-Jakob gizon-emakumeotan, scrapie delakoa ardietan... Guztiek oinarri bera dute. Beraz, mekanismoa hobeto ezagutzen bada errazago bilatuko da gaitz horietatik babesteko txertoa, edo gaitza sendatzeko tratamendua.Oraingoz, bidea ilun samar ageri da, baina ikerketak argituko du.
7K-n argitaratua.