}

Proiektu inspiratzailea: nondik galtzen du energia gure ikastetxeak?

2024/03/27 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)

proiektu-inspiratzailea-nondik-galtzen-du-energia
Arg. Pernan Goñi

Gaia

Eraikinen efizientzia energetikoa

Testuingurua

Eraikinetan erabiltzen den energiaren zati bat galdu egiten da, bero-galeren edo bentilazioaren bitartez, adibidez. Beraz, funtsezkoa da eraikinek isolamendusistema eraginkorrak izatea, energia-galerak gutxitu eta baliabideak ahalik eta gehien aprobetxatzeko. Gainera, energia berriztagarriak lortzeko sistemak, hala nola bero-ponpak edo eguzki-kolektoreak, erabiltzea irtenbide ezin hobea da eraikinen erregai fosilekiko mendekotasuna eta berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko. Eraikinen energiaefizientziak ingurumenean eragina izateaz gain, ekonomian ere eragina izan dezake, energia gutxiago kontsumitzeak diru asko aurreztea ekar dezakeelako.

Beraz, eraikinetan energia berriztagarriak erabiltzea, isolamendu-sistema eraginkorrak izatea eta energiakontsumoa murriztea funtsezko neurriak dira etorkizun jasangarriago eta arduratsuago bat eraikitzeko.

Ikerketa-galdera:

Nondik galtzen du energia gure ikastetxeak? Nola murriztu daitezke energia-galera horiek? Nolakoa da gure ikastetxearen energia-efizientzia?

Ikerketaren helburuak

  • Eraikinen energia-kontsumo eta –galerak aztertzea.
  • Eraikinen energia-efizientzia zer den ulertzea eta eraikinen energia-efizientzia sustatzeko faktoreak ezagutzea: galerak murriztea, instalazioak hobetzea…
  • Eraikinetan erabil daitezken energia berriztagarriak ezagutzea.
  • Ikastetxearen energia-efizientzia aztertzea eta hobekuntzarako proposamenak egitea: isolamendu-sistemak, energiaren jatorria…

Esperimentaziorako proposamena

  • Eraikinen energia-efizientziari buruzko informazioa bildu eta aztertu.
  • Ikastetxearen energia-galerak eta energia-efizientzia aztertzeko, honako esperimentu hauek egin daitezke: Oharra: esperimentu batzuk egiteko, ezinbestekoa da adituen laguntza.
  • Zubi termikoak eta tenperatura-banaketa aztertzeko entsegu termografikoak.
  • Pareten erresistentzia termikoaren neurketa.
  • Geletako infiltrazioen kalkulua, ate-haizagailu entseguaren bidez.
  • Ikastetxeko instalazio termikoak ezagutu eta aztertu.
  • Energia-kontsumoaren inguruko fakturak aztertu eta beste eraikin batzuetako fakturekin alderatu.
  • Emaitzen azterketa: aztertutako informazioarekin eta esperimentuetan lortutako datu guztiekin ikastetxearen energia-efizientziaren inguruko txostena egin.
  • Ikastetxearen energia-efizientzia hobetzeko proposamenak egin.
  • Komunikazioa: emaitzak hainbat modutan zabaldu daitezke, hala nola proiektuaren txostena eta/edo bideoa ikastetxearen webgunean eta sare sozialetan jarriz, erakusketa baterako panelak egin eta ikastetxean/herrian jarriz, ikastetxeko zuzendaritza-taldekoekin eta irakasleekin bilera bat eginez, hitzaldiak antolatuz (ikasleentzat, gurasoentzat…), proiektua zientzia-azoka batean aurkeztuz…

*Oharra: esperimentu batzuk egiteko, ezinbestekoa da adituen laguntza.

Hausnarketarako gakoak

  • Zenbat energia gastatzen duzu zure egunerokoan? Zerrendatu non erabiltzen duzun energia.
  • Energiaren gehiegizko kontsumoa eta baliabideen xahuketa.
  • Beharrezkoa da udan aire girotua eta neguan berogailua hain fuerte jartzea?
  • Energia berriztagarriak: geotermia, biomasa…

Proiektu gehiago ikusteko, sakatu hemen.

Proiektu hau Elhuyarrek sustatu du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren laguntza du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia