}

Proiektu inspiratzailea: auto jakin batean 100 km egiteko behar den energiarekin, zenbat ogi egin daitezke?

2024/03/20 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)

proiektu-inspiratzailea-uler-eta-ezagut-ezazu-mugi
Arg. Pernan Goñi

Gaia

Garraioaren energia-kontsumoa

Testuingurua

Garraioa da mundu osoan energia gehien kontsumitzen duen jardueretako bat. Erregai fosilak erabiltzen dituzten garraiobideak baino efizienteagoak dira teknologia eraginkorragoak eta gutxiago kutsatzen duten teknologiak erabiltzen dituzten garraioak, eta energiaaztarna murrizten eta ingurumena babesten lagundu dezakete (auto elektrikoa, adibidez). Baina, ibilgailua mugitzeko behar den energia ez ezik, erabilitako erregaia edo elektrizitatea sortzeko behar den energia ere kontuan hartu behar dugu.

Bestalde, gure etxeetan energia gehien kontsumitzen duten ohiko jardueren artean argiztapena, berotzeeta hozte-sistemak eta sukaldeko etxetresnak ditugu. Labeak, adibidez, oso lagungarriak dira elikagai eta errezeta goxoak prestatzeko, baina energia asko kontsumitzen dute. Horregatik, etxetresna bat erosteko garaian, garrantzitsua da energia-kontsumoan duen eraginkortasuna adierazten duten etiketak kontuan hartzea (A+++, A++, A+, A, B, C, D).

Beraz garrantzitsua da erabiltzen ditugun garraiobideak eta etxetresna elektrikoak modu arduratsu eta efizientean erabiltzen ikastea, aukerarik efizienteenak hautatuz eta ingurumenean duten eragina minimizatuko duten ohiturak hartuz.

Ikerketa-galdera

Auto jakin batean 100 km egiteko behar den energiarekin, zenbat ogi egin daitezke?

Ikerketaren helburuak

  • Egunerokoan garraiorako kontsumitzen dugun energia aztertzea.
  • Energia-kontsumoari eta garraio jasangarriari buruzko hausnarketa sustatzea.
  • Energiarekin erlazionatutako unitateak ezagutzea eta eraldatzen ikastea.
  • Egunerokoan energia kontsumitzen duten beste ekintza batzuk ezagutzea.

Esperimentaziorako proposamena

  • Garraiobideen eta etxetresna elektrikoen energiakontsumoari buruzko informazioa bildu eta aztertu.
  • Aztertuko diren garraioak aukeratu, eta bakoitzak distantzia konkretu bat egiteko (100 km, adibidez) kontsumitzen duen energia kalkulatu. Garrantzitsua da energia bere osotasunean aztertzea, hau da, energiakontsumo zuzena eta zeharkako energia-kontsumoa (erabiltzen duten erregaia edo energia sortzeko behar den energia, adibidez) kontuan hartzea.
  • Etxeetan erabiltzen diren labe arruntetan ogia egiteko (beste elikagai bat ere aukeratu daiteke) zenbat energia behar den aztertu. Beste ekintza batzuk ere azter daitezke; adibidez, arropa garbitzeko garbigailuak zenbat energia kontsumitzen duen.
  • Garraio-mota bakoitzarekin 100 km egiteko kontsumitzen den energiarekin etxeko labean zenbat ogi egin daitezken kalkulatu, eta emaitzak konparatu.
  • Emaitzak eta ondorioak: lortutako datu guztiak (bibliografikoak eta esperimentalak) aztertu eta ondorioak atera.
  • Komunikazioa: emaitzak hainbat modutan zabaldu daitezke, hala nola proiektuaren txostena eta/edo bideoa ikastetxearen webgunean eta sare sozialetan jarriz, erakusketa baterako panelak egin eta ikastetxean/ herrian jarriz, hitzaldiak antolatuz (ikasleentzat, gurasoentzat…), proiektua zientzia-azoka batean aurkeztuz…

Hausnarketarako gakoak

  • Kontsumitzen ditugun erregaien jatorria eta ekoizpenean kontsumitzen den energia.
  • Auto elektrikoen bateriak kargatzeko elektrizitatea. Guztiz “garbia” da elektrizitate hori?
  • Leku guztietan berdinak dira mugitzeko energia-beharrak? Herriak vs hiriak, Europa vs Afrika…
  • Etxetresnen energia-efizientzia: A+++, A++, A+, A, B, C eta D.

Proiektu gehiago ikusteko, sakatu hemen.

Proiektu hau Elhuyarrek sustatu du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren laguntza du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia