}

Proiektu inspiratzailea: zenbat hegazti-espezierekin partekatzen dugu espazioa?

2024/04/24 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)

proiektu-inspiratzailea-zenbat-hegazti-espeziereki
Arg. Pernan Goñi

Gaia

Hirietako/herrietako hegaztien biodibertsitatea

Testuingurua

Izaki bizidun ugarirekin partekatzen dugu espazioa, mikroorganismo txikienetatik hasi eta animalia handienetaraino. Animalia horietako askok gure presentziara egokitzen ikasi dute, baita hiriinguruneetan ere, eta hegaztiak horren adibide garbiak dira. Baina ez dira leku guztietan hegaztiespezie berdinak ikusten. Hirietan, adibidez, usoak eta txolarreak aurkitu ditzakegu; landa-eremuetan, berriz, belatzak eta putreak ere ikus ditzakegu, besteak beste.

Hegazti-espezie batzuek babesa, janaria eta habia egiteko leku segurua aurkitzen dute hirietan, baina hegaztien eta gizakien arteko elkarbizitza ez da erreza. Hegaztiek babesa eta janaria aurkitu dezakete hirian, baina badituzte arriskuak ere, hala nola kutsadurarekiko esposizioa. Bestalde, hegaztien gehiegizko populazioak ere arazoak sor ditzake, hala nola gaixotasunak zabaltzea eta hiriko ekosistemak degradatzea.

Beraz, neurri egokiak hartu behar dira hegaztien eta gizakion arteko elkarbizitza ahalik eta hoberena izateko.

Ikerketa-galdera

Zenbat hegazti-espezierekin partekatzen dugu espazioa? Berdinak dira urteko garai guztietan?

Ikerketaren helburuak

  • Gizakiekin espazioa partekatzen duten hegaztiak ezagutzea.
  • Hegaztiak behatzea eta haien aniztasuna eta portaera aztertzea.
  • Hegaztien presentzian eta ugaritasunean eragiten duten faktoreak ikertzea.
  • Hegaztien biodibertsitatearen eta natura- eta giza ingurunearen arteko harremana aztertzea.

Esperimentaziorako proposamena

  • Tokiko txorien inguruko informazioa bildu eta aztertu; liburuetan edo datu-baseetan begiratu dezakegu, edo herritarrei galdetu. Adibidez, herriko agureei galdetu gazteak zireneko txoriren bat desagertu den edo lehen ez zegoen espezie berriren bat agertu den.
  • Txorientzako jantokiak eraiki, eta behaketa egiteko toki lasai batean kokatu. Garrantzitsua da jantokietan beti janaria egotea. Ura ere jar daiteke.
  • Behaketa nola egingo den definitu behar da: zer ordutan egingo den, behaketak egiteko txandak nola antolatuko ditugun…
  • Jantokietara hurbiltzen diren hegaztiak behatu eta erregistratu. Beharrezkoa bada, erabili hegaztiak identifikatzeko gidak edo mugikorretarako aplikazioak. Idatzi xehetasunak, hala nola tamaina, kolorea, txorrotxioa eta hegaztien portaera. Fototranpeorako kamerak ere erabili daitezke.
  • Lortutako informazioaren eta emaitzen analisia egin, eta ondorioak atera: Zein espezie daude? Berdinak dira urteko garai guztietan? Eta eguneko ordu guztietan? Duela urte batzuk zegoen espezieren bat desagertu da? Duela urte batzuk ez zegoen espezie berriren bat dago?
  • Komunikazioa: emaitzak hainbat modutan zabaldu daitezke, hala nola proiektuaren txostena eta/edo bideoa ikastetxearen webgunean eta sare sozialetan jarriz, identifikatu diren espezieen panelak egin eta ikastetxean/behatu den tokian jarriz, hitzaldiak antolatuz (ikasleentzat, gurasoentzat…), herritarren zientzia-proiektuetan parte hartuz, proiektua zientzia-azoka batean aurkeztuz…

Hausnarketarako gakoak

  • Espezie basatiak hiri-inguruneetara egokitzea eta haien populazioen hazkundea: basurdeak, zikoinak, usoak…
  • Maskotak vs animalia basatiak (adibidez: katuek txori basatiak ehizatzen dituzte).
  • Animalia basatiekiko errespetua hirietan eta beste leku batzuetan.
  • Animalia basatiekin espazioak partekatzearen arriskuak: istripuak, gaixotasunak… (animalientzat ere bai).

Proiektu gehiago ikusteko, sakatu hemen.

Proiektu hau Elhuyarrek sustatu du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren laguntza du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia