}

Proteinak zeluletan sartzeko modu berria azaldu dute

2001/03/13 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Proteinak zelulen langileak dira, funtzio asko betetzen baitituzte; horregatik ikertzaileentzat oso garrantzitsua da zelularen barrura proteinak sartu eta gertatzen dena aztertzea. Baina, orain arte, proteinak sartzeko teknikak ez ziren oso eraginkorrak eta ikertzaileek nahi baino emaitza txarragoak lortzen zituzten, batez ere zelula asko hil egiten zirelako. Orain, ordea, proteinak sartu eta zelulak bizirik irauteko modu eraginkor baten berri eman dute The Proceedings of the National Academy of Sciences aldizkarian.

Izan ere, metodo gutxi ezagutzen ziren proteina hidrofilikoek zelula-mintz hidrofoboairagaitea lortzeko. Proteina bakterioek, birusek edo euliek ekoitzitako peptido berezi batzuei lotzean datza horietako metodo bat. Peptido horiek zelularentzat erakargarriak izanik, zelulak proteinarekin batera irensten ditu, hau da, peptidoa gehi proteina. Baina, batzuetan, proteina sartu baino lehen desitxuratu egiten da; beraz, zelula barruan dagoenean, ezin du bere funtzioa bete.

Erabiltzen den beste metodo bat bakterioen toxinen bidez zelula-mintza zulatzean oinarritzen da. Proteinak pasabide horietatik sartzen dira, baina zelulak oso gutxi irauten du bizirik mintza zulatua duelako.

Alemaniako Mainz-eko Unibertsitateko ikertzaileen arabera,zer toxina-dosi behar den jakitea da guztiaren gakoa. Streptococcus piogenes bakterioaren streptolisina-O proteinarekin egin dute beren lana. Gizakien leuzemia-zelulek tindaketan % 80ko dosia onartzen zutela ikusi zuten. Zelulak toxinarik gabeko inguruan ordubete eduki ondoren, zelulen % 50ek ez zuen beste tindaketarik onartu; horrek zuloak desagertu zirela adierazten zuen. Gainera, zelulak bizirik iraun zuten. Hurrengo ikerketa batean, toxina-dosi berdina erabiliz, hiru proteina sartzea lortu zuten, eta hirurak bere funtzioa betetzeko gai izan ziren zelula barnean.

Teknika berri horrek zelularen mugimendua eta zelulen arteko kontaktuagatik sortzen diren aldaketa fisiologikoak aztertzen lagunduko du, besteak beste.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia