}

Quebec-eko meteoritoaren aztarnak Ingalaterran

2002/11/15 Elhuyar Zientzia

Duela 214 milioi urte meteorito batek Quebec jo zuen, eta 100 kilometroko diametrodun kraterra ireki zuen lurrean. Kraterra izugarri handia da: astronautek espaziotik begiz ikus dezakete, inolako laguntzarik gabe.

Meteoritoaren ondorioz gertatu zen eztandak Hiroshiman bota zen bonbak baino 40 milioi aldiz indar gehiago zuen. Eztanda indartsu horren ondorioz, arroka asko askatu ziren eta horietako batzuk Ingalaterran, Bristol inguruan, aurkitu dituzte geologoek.

Dirudienez, Bristolen aspaldi jaso zituzten arrokak, baina orain arte inor ez da arduratu horien konposaketa aztertzeaz. Geologoek esan dutenez, beste hainbat kraterren inguruan aurkitutako arroken antzeko egitura daukate, kristalen eta mineralen konposaketa oso berezi bat, alegia.

Lehenengo aldia da Britainia Handian meteorito baten inpaktuaren aztarnak aurkitzen dituztela. Arrokek Kanadatik Britainia Handiraino nola bidaiatu zuten azaltzeko, kontuan izan behar da duela 214 milioi ez zegoela Ozeano Atlantikoa eta Europa eta Ipar Amerika askoz ere gertuago zeudela. Inpaktuaren ondorioz askatutako arrokek kilometro ugari bidaiatu zituzten, eta hemendik aurrera horrelako gehiago ere aurkituko direla uste dute geologoek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia