Quickplacer, munduko robotik azkarrena
2006/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Fatronik zentro teknologikoak munduko robotik azkarrena aurkeztu zuen duela gutxi.
Objektuak maneiatzeko erabiltzen diren roboten familiakoa da. Lau eragingailu ditu, eta elkarren artean koordinatuta lan egiten dute.
Robotak lau askatasun-gradu ditu: hiru norabidetako translazioa eta bere ardatz bertikalarekiko biraketa. Haren biratzeko gaitasuna ± 200º-koa da. Beraz, objektuak edozein orientaziotan utz ditzake.
Robotak izugarrizko dinamikotasuna du, eta gai da minutuko 200 pieza baino gehiago hartu eta bere lekuan jartzeko. Gehienez 2 kg-ko eta hainbat formatako objektuak maneiatzeko gaitasuna du.
Halaber, ikusteko sistema bat du, eta sistema hori gai da robotaren mugimenduak gidatzeko. Ikusteko sistema hori, objektuen forma eta orientazioa aurkitzeaz arduratzen da, eta, robotari agindua ematen dio, jaso duen programazioaren arabera dagokion agindua.
Munduko robotik azkarrena da. Azeleratzeko eta balaztatzeko gaitasun handia du, 1 formulako automobil batek baino 5 aldiz handiagoa. Haren elementuen egitura eta ezaugarriak bereziak dira, eta, ondorioz, haren abiadura eta azelerazioa oso handiak dira. Harekin lortzen den ekoizpena % 20 handiagoa da egun dauden ohiko metodoekin alderatuta.
Hainbat alorretako maneiu-lanak egiteko aproposa da. Alor horien artean aipagarrienak hauek dira: nekazaritzako elikagaien industria, higienea, edergintza, osasuna eta osagai elektronikoak. Eta honako lan hauek egin daitezke Quickplacer robotarekin: bonboiak banan-banan kaxetan sartu, txokolate- nahiz turroi-tabletak paketatu, galletak banan-banan nahiz multzoka paketatu, piperrak, umetxoen paper-zapiak eta ezpain-margoak paketatu...