}

Radar berria hegazkin detektagaitzak atzemateko

1991/12/01 Sarriegi Eskisabel, Andoni Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ikusi-makusi, zer ikusi? Ikusi/Ez-ikusi. Detektatu/Ez-detektatu. Gaitza/Erremedioa. Nagusigo militarra izateko lasterketa, aker-jauzien antzekoa da: batak handia besteak handiagoa. Estatubatuarrak, absolutu edo behin-betikoa litzatekeen arma egin nahian aritu dira. Erradiodetekzioak detekta ezin dezakeen hegazkinaren atzetik alegia. Eta lortu ere, lortua zutela egiaztatu zuten 1991ko urte hasieran Kuwait eta Iraken egindako gerran. Orain ordea, hara nondik elektronika frantziarrak asmatutako super radarrak aitzindaritza hartu duen! Absolututasun-usteak erdia ustel beste behin ere.
Radarra armiarma-sare. RIAS/BASR (Radar à Impulsions et Antennes Synthétiques / Bulkada eta Antena Sintetikozko Radarra) aireko detekzio-sistema iraultzaileak, espazioa zaintzeko hiru dimentsioko armiarma-sare erraldoia ezartzen du. Espazioa kubu txikietan zatitzen du eta horietako bakoitzak, “helbide” edo kode elektroniko bat du. Artropodoak eltxoa legez, armiarma-sareak berehala kokatzen du harrapakina. Espazioaren zatitzaile den kubu horietako bat zeharkatzen duen hegazkina, ohizko radarrarentzat detektaezina den berbera, automatikoki seinalatuta geratzen da bere kokagune, ibilbide eta abiadurari dagozkien xehetasunetan. Defentsa, lurretik airerako misilek edota hegazkin aurkitzaileek antola dezakete, ihardetsiz edo erantzuna emanez. RIAS/BASR sistemako antenak oso lurralde zabaletan zehar barreiatuak daudenez, bat edo beste suntsitzeak ez du eteten sarearen funtzionamendu orokor eta osoa. (Argazkia: J. Pardo).

US Air Force k oso gogor jokatu du radarrentzat detektagaitzak diren hegazkin berrien belaunaldi horren alde. “Isilpeko” deituriko hegazkin ehiztari-bonbaztatzaile eta garbitzaile izugarri horiek, benetako iraultza izan dira aireko armen arloan. Senatu iparramerikarrak isilpeko A-12 hegazkin ehiztari berri baten hedapena eragozteko hartutako erabakia pikutara joanik, Estatu Batuek ez zituzten milioi dolar gutxiago gastatu Rafale frantziarrak adierazten duen eboluzio ortodoxoarekiko guztiz desberdina den ideia ikertzeko. Rafale izan ere guztiz eta osoro abiadura handirako eta maniobragarritasun izugarrirako diseinatutako hegazkina da.

F-117 hegazkin detektaezinak eta bere antzekoek guztiz bestelako ezaugarriak dituzte: airean erraz harrapatzen da eta abiadura aldetik ez da azkarra. Baina aldi berean, meritu handi bakarra ere badu: eredu horrek ez du radarretatik iheska itsumustuan ibili beharrik. Gogoratu baino ez urtarrilaren 16 eta 17ko Iraken aurkako eraso orokorren aurretik, F-117ekin Saddam Hussein-en posizioetatik detektatua izan gabe erasoak prestatzeko beharrezko informazioa lortzeko hegalaldi ugari egin zituela. (Ikus “Elhuyar. Zientzia eta Teknika”, 47. alean, 1991.eko maiatzekoan “F-117 hegazkin ikustezina” izeneko artikulua).

SER/RAB “Surface équivalente radar/ Radarrarentzako azalera baliokidea” —objektuak isladatutako uhin-kopurua neurtzen duena (ikus aurrerago)— oso ahula du isilpeko hegazkinak; adibidez, B-52 famatuek baino ehun aldiz txikiagoa edota Mathias Rust alemaniarrak Moskuko Plaza Gorrian lurrartu zuenean erabilitako turismoko Cessna txikiarenaren erdia. Radarreko irudiari dagokionez berriz, eta egunkari bateko kazetari batek zioen bezala txolarreak bezain txikia uzten ez badu ere, gerra horretan pantaila katodikoetan hegazkin horrek egindako marra ez da ULM txiki batena baino nabarmenagoa. Horregatik iparramerikarrek, stealth hegazkin ehiztari-bonbaztatzaileaz hitz egiten dute, hitz horrek isilpeko, iheskor, ezkutuko, klandestino eta maltzur gisako adierak izanik.

Seguru asko UFO, OVNI edo OHEak (Objektu Hegalari Ezezagunak) azken urtean zehar, munduko puntu desberdinetan begiz ikusi dira, baina inoiz ere ez dira radarrez detektatu probatan zebiltzan isilpeko ehiztari-bonbaztatzaile hauek.

Forma irregularrekoak izaki, horietan radar-uhinek gaizki eta zeharka errebotatzen dute. Izan ere, oso estaldura-material zurgatzaileak izateaz gainera, aire-sarrera nahiz bestelako zuloak kamuflatuak daude, izpi infragorri gutxiago igortzearren tenperatura jaisteko gas beroak diluitu eta haizabide txiki ugariren bidez irteera ematen zaie. Mezu eta kontramezu elektronikoen saldo ugaria sortzeko trikimailu bitxi bilakatu da. Guztia soinu-detektagailu, radar edo infragorri-detektoreek aurkitzeko arriskuak txikiagotzeko pentsatu eta diseinatuta dago, noski. Kezka bakar honen baitan jarri ziren beraz ardura guztiak. Baina isilpeko hegazkin honen abantaila nagusia bere lastertasun eta maniobragarritasunaren kaltetan gertatu da.

Zer axola dio ordea, tresna hegalari hau detektagaitza izanez gero? “Isilpeko” izateak aditu militar askorentzat erabateko lehentasuna du; Frantziako Rafale programa bere garaian, Defentsa-Ministrariak zalantzan jartzerainokoa. Zer egin zitekeen baldin eta arerioak bere begininian bazintuen eta zuk bezain azkar hegan egiten bazuen? Gaur egun, radarrak saihesteak bakarrik balio du gerra-hegazkinean.

Baina beti ere bere burua ere hobetu duen teknika, beste batek hobeagotu eta harrapatu egin ohi du eta isilpeko hegazkina ere detektatzeko gai den super-radarra asmatu dute ikerlari frantziarrek.

Historia apur bat eginez, 1904ean radar-aurrekoa asmatu zela kontsidera daiteke; Christian Hülfsmeyer alemaniarraren telemobiloskopioa alegia. Sistema honek, era sinple eta arruntean, egungo radar aurreratuenen —erradiodetektagailu deituen— oinarrizko sistema berbera zuen. Antena batek, etengabeko mikrouhin erradioelektrikoak igortzen ditu nahi den norabidean. Aurrean topatzen duten edozein oztopok, horietako batzuk, isladatuz, itzul erazi egiten ditu eta antenarantz doaz berriro, gutxienez ere kopuru bat behintzat (oihartzun deitutakoa) maiztasun berberarekin jasoz.

RIAS/BASR radar-antena.
J. Pardo

Kontua ordea ez da behatutako norabide-norantzetan objektuaren presentzia detektatzea bakarrik; baizik eta bera zein distantziatara aurkitzen den zehaztea ere bai, joanetorriko mikrouhin horien bidez denbora kalkulatuz. Kontutan hartu, mikrouhin horiek argiaren abiaduraz transmititzen direla. Oihartzunak asko anplifikatuta, ordenadorez tratatutako informazio ustiagarria jasotzen da eta honek higikari horren ibilbidea zehazten du; gure kasuan hegazkin erasotzailearena.

Erradiodetekzioak, oso ondo gidatutako edo zuzendutako uhin-sorta igortzea eskatzen du, higikariaren posizio angeluarra oso zehatz ezagutzeko eta oihartzun parasitoak baztertzeko. Oso mikrouhin laburrak behar dira (segundo-milioiareneko periodokoak eta batzuetan gutxiagokoak) horrela distantzia ongi neurtzeko eta era berean igorle indartsuak eta hargailu sentikorrak behar dira, oso urruneko gauzak edota uhin erradioelektrikoak gutxi isladatzen dituztenak detektatzeko.

Oinarrizko sistema hauen ondorengoak izugarri aurreratu dira hasierako saio haiekiko eta teknika honen praktikak ere bai, 1940an ingelesek magnetroia asmatu ondoren; erresonantzi hutsuneko hodia edo uhin ultralabur, zorrotz eta indar handikoak igortzeko gai zena asmatu ondoren alegia.

Mikrouhinak kodetzea izan zen erradiodetekzioaren arloko aurrerakada garrantzitsuetako bat. Honek, parasito askoko ingurunean edo etsaiak “lainoztatutakoan” oihartzun erabilgarriak jasotzeko aukera eman zuen. Irteerako mikrouhinaren maiztasuna modulatu egiten da eta hargailuan oihartzun eta seinale guztiak jaso ordez igorritakoen ezaugarri berberak dituztenak bakarrik jasotzen dira; beretzat, nolabait esan, esanahia dutenak bakarrik alegia. Gure adimenak, oso nahastuta dagoen soinu-giroan doinu edo aire bat erraz ezagutzen duen era berean gutxi gorabehera ezagutzen ditu isladatutako uhinak.

Oihartzunean Doppler efektua neurtzeak ere, asko aurrerarazi du erradiodetekzioa. Doppler efektua, maiztasun jakineko uhin-iturria behatzailearekiko higitutako bakoitzean agertzen den fenomenoa da. Gure kasuan uhin erradioelektrikoak isladatzen dituen objektua higitzen da radarrarekiko. Azken finean, jasotako maiztasuna eta igorritakoa ez dira berdinak. Ohizko argibide bat aipatzeko: auto-lasterketa batean ikusleak entzundako zarata. Bolidoen arrabotsa, zorrotzago bihurtzen da gugana hurbiltzen doan heinean (maiztasunak altuagoa dirudi) eta baxuago edo grabeago gugandik urrundu ahala (maiztasunak baxuagoa dirudi).

Doppler efektua oso baliagarria da higikarien abiadura radarraz neurtzeko. Jasotako oihartzunaren maiztasuna igorritako mikrouhinekin erkatu eta detektatutako objektuaren abiadura doitasun handiz jakiten da.

Mikrouhinen konpresioa da beste hobekuntz faktore bat. Energi kopuru handiaren eroale diren seinaleak jaurtitzeko —radar batek emaitza onak lortzeko baldintzetako bat hori da—, potentzia berdinean iraupen luzeko bulkada edo inpultsuak erabil daitezke, baina hori distantziaren neurketa-doitasunaren kaltetan izango litzateke. Izan ere berori oso bulkada laburren baitakoa bait da, jadanik ikusia dugunez. Bulkada konprimatuz, berak maiztasuna modulatu egiten du energia baliagarria garraiatuz.

Teknika honek oso bitarteko elektroniko konplexuak behar izaten dituen arren, emaitza harrigarriak ematen ditu urruneko objektuak detektatzen edota oihartzun txarreko uhinekin ihardutean. Seinale-konprimaketak, distantzi neurketan doitasun harrigarria lortzeko aukera ematen du. 10 mikrosegundoko bulkadekin eta 1 MW-eko gailur-potentziako oihartzun-uhinekin, ohizko radarrak 10.000 MW-ekin lortzen zituen efektu berberak lortzen ditu.

Hedadura handiko estaldura suntsigaitza. RIAS/BASR radar-antena ugariak, oso nabarmengaitzak dira ohizko radarrenekin erkatuta eta oso lurralde zabaletan zehar barreiatuta egon daitezke, horrela, segurtasun-estaldura ugalduz. Dipolo igorleen uhinak, ahul samarrak dira. Harrera-dipoloak (detektatutako helburutik datozen uhinak jasotzen dituztenak), guztiz pasiboak dira eta ez dute inolako seinalerik igortzen. Radar berri hau gainera, ohizko radarrak baino zailagoa da etsaiaren hegazkinek antzeman eta suntsitzeko. (Argazkia: J. Pardo).

Elektronikak mirariak egin dituen arren, ohizko radarraren puntu ahula mekanika izan da, isladatzaile edo erreflektore parabolikoen arloan bederen. Askotan tantai galantak ikusten dira zutik eta nekagaitz espazioa beren fronte guztietan ikertzeko prest. Antenek, doitasun handiz orientatuta egon behar dute kokapen eta azimutari dagokienez. Baina egitura astun horien biraketa oztopo da higikariaren ibilbidea zehatz kalkulatzeko. Beren biraketa-denbora dela eta, helburuarekiko kontaktua, minutuko 6tik 10 aldira baino ez da ezartzen. Demagun tiratzaile bat, plater-tiraketako lehiaketa batean joko-arau batek lotuta, atzea emanda jartzen dela sei segundotan zehar eta gero platera ikusten saiatzen dela!

Beraz, ekorketa elektroniko soilez, higitzen ez diren elementuek sorta hau orientatzeko gai ziren sistemak sortu beharra ikusi zen. Antena handi bakar baten ordez elkarren ondoko anitz txiki eta elkarrekiko norabide berean zubi eginez ipintzen dira. Fase edo luzera berbereko uhina igortzen duten igorle guztien uhin-sorta norabide amankomunaren paraleloa da. Baina antena finko hauek igorritako (eta beraz jasotako) seinaleen fasea batabestearekiko apur bat dekalatuz gero oihartzunak angelu desberdinetan itzultzen dira. Antena bakoitzak jasotako angelua, seinale-desfasearekiko proportzionala da. Faseak elektronikoki aldatuta, ohizko radar baten orientazioa aldatuta bezalakoxe efektua lortzen da, baina kasu honetan inolako piezarik fisikoki higitu beharrik izan gabe.

Beraz, inertzia mekaniko orotatik libre, sistema hauek abiadura angeluar harrigarriz ekortzen dute espazioa, higikari edo helburua detektatuz gero bera lasai aztertzeko bertan geratuz. Gero espazioa oro har miatzen hasten dira berriro. Baina gainera, erabilpen desberdin hauek elkarren segidan radar desberdin asko baleude bezain azkar gauzatzen dira.

Bestalde, helburua bera ere, ez dago guztiz defentsarik gabe uhin-bonbaztaketa horren aurrean. Bera ere saiatuko da radar-entzuketak faltsutzen nahasketa erradioelektrikoak eraginez, eguratsera mezu engainagarriak jaurtiz eta gisako beste amarru batzuk bideratuz. Gainera, hegazkin militar modernoek beren barnean daramatzate jasotako mikrouhinak aztertzeko bitartekoak eta arerioa nahasteko oihartzun faltsuak berrigortzekoak. Gaur egun badaude misil bereziak beren gidari autozuzentzaileek lurreko radar batek sortutako seinaleak zatitu eta radarra suntsitzera zuzenean joaten direnak.

Isilpean

ibiltzea da erradiodetekziotik gordetzeko beste bitarteko bat (ikusi dugunez, batzuek azken bidetzat jotzen dute). Berez hegazkin guztiek ez diete harrera berdina eskaintzen radarraren uhinei. Beren suntsigarritasuna asko aldatzen da batzuetatik besteetara erabilitako erradiomaiztasunen, fuselaiak duen forma edo eite geometrikoaren, estalduraren eroaletasun-ezaugarrien eta hegazkinak radarrari aurkezten dion angeluaren - “jarreraren” - arabera (“jarrera” honen beraren arabera, 1etik 20ra alda daiteke emaitza).

Objektu batek duen “Radarrarentzako azalera baliokidea” (SER/RAB), objektu horren oihartzun-kopuru berbera igorriko lukeen esfera metaliko baten sekzio zuzenaren azalerari deritzo . Itsasuntzia denean milaka m 2 tan neurtzen da, hegazkina denean aldiz zenbait m 2 tan eta misil batentzako m 2 -zatikitan. SER/RABak zerorantz jotzen du ordea isilpeko hegazkinaren kasuan. Balio hau, hein batean bederen, igorritako maiztasunaren eta detekzio-gaitasuna sendotzeko aldi berean nahiz jarraian uhin-luzera anitzekin erabilitako radar-kopuruaren baitakoa da.

Helburu edo jomuga den elementuaren radar-uhinekiko sentiberatasuna, bere profilaren baitakoa ere bada. Hegazkin baten punturik kritikoenak, bistan denez, bere radar-antena (isladagailu edo erreflektore ideala definizioz), aire-sarrerak eta bere erreaktoreen gas-fluxuak jaurtitzeko tutuak dira. Parametro guzti hauek kontutan hartzen dira isilpeko hegazkina diseinatzeko. Azken hauek urteak daramatzate radarren hesietan zehar detektatu gabe batera eta bestera.

Gero eta gehiago hitz egiten da hegazkin horien babes magikoaren hutsegiteez. Aeronautikako adituek diotenez, Thompson-CSF radar batek hain zuzen ere F-117 hegazkin ehiztaria detektatu egin zuen Pertsiar golkoan zebilela.

F117 hegazkin ikustezina.

Radar honek, oso teknika finak erabiltzen ditu eta gai da oso azalera txikiek eragindako oihartzunak aztertzeko. Detekzioa ordea, zinez egina izan arren, ziurtasun gabea eta berankorra da eta gatazka-kasuan benetako erantzuna emateko aukera oso txikia da. Gertakari hau, isilpeko hegazkin hauen detektaezintasunaz araua egiaztatzen duen salbuespena izan daiteke. Hara non ordea, RIAS/BASR (Bulkada eta Antena Sintetikozko Radarra) delakoa asmatu den, asmatzaile nagusia Jacques Dorey frantziarra izanik; gaur egun ONERAko (Office National d´Études et de Recherches Aérospatiales-eko) azterlan bateratuen zuzendari dena alegia.

Duela hogei bat urte hasi zen guztia, balistikako ojibei buruzko lanekin. Gauza jakina da noski, eguratsa abiadura handiz zeharkatzen duen misil baten kanpokaldea izugarri berotzen dela eta hurbilean berori inguratzen duen airea plasma izateraino eraldatzen dela, elektrizitate-eroale bikaina den gas ionizatu bilakatuz. Espazio-ikerkuntzan ongi ezagutzen den fenomeno honek, erradioloturen etena eragiten du hamar bat minututan, kapsulakoen eta lurrekoen artean, satelitea eguratseko geruza dentsoetara sartzen den bakoitzean.

Telekomunikazio-arazo hau zela bide, fisikariek jakin egin nahi zuten plasmaren atzean disimulatutako gauzak nola identifika zitezkeen. Gerra atomikoaren kasuan garrantzitsua zatekeen noski erabil zitezkeen misil eta misil-aurkakoentzako hainbeste elementu nahastaileren artean benetako buru nuklearrak bereiztea. Hori zela eta, “Electre” esperientziari hasiera eman zitzaion. 25 Mach-eraino azeleratuta lurrera berriro itzultzen zen misila erradio-igorlez beteta. Lurrean, antena-sare batek jasotako maiztasunak ikusi eta plasman izpi hertziarrak nola barreiatzen ziren aztertu zuen. Landetako Entseiu-Zentruan hasirik, esperientzia “Henri Poincaré” itsasuntzian jarraitu zen, horretarako antena-multzo bereziz eta Nimbus sistema osatu zuen ekipo-multzoaz hornitu ondoren. Lan haiek ustegabeko ondorioak izan zituzten, hasierako asmoak gaindituz.

Horrela, esandako seinale-bilduma oso partikularren tratamendu informatizatuaren puntura heldurik, Doreyk eta bere laguntzaileek gerora RIAS/ /BARS izatera heldu denaren lehenengo intuizioa izan zuten. “Electre” proiektuan, anitz puntutan barreiatutako antena-sare baten bidez igorri eta jaso ziren seinaleak. Deszentralizatutako multzo hark, erradio-uhinezko sarea sortu zuen eta misilaren berremisoreek igortzen zizkienak aztertzen zituzten. Nolabait esateko, radar baten antzera jokatzen zuen apur bat bederen. Hortik ondorengo galdera sortu zen: ezin ote zitekeen hain estaldura zabaleko gailu hau gidari harturik erradiodetekzio-teknika berri bat asmatu? “Astrolabe” izeneko esperientziak, gai honi lehenengo erantzun sustatzailea eman zion.

Artean frogatu gabeko sistema honen prototipoa, Mediterranioko Ile du Levant entseiu-zentruan muntatu zen. RIAS/BASR bezalako radar bitxia zen: 15 m-ko zutabeak bi zirkulu zentrukideren ingurunean ezarrita, handienak 400 m inguruko diametroa zuen. Bere bi masta handiek dipolo erako lineei eusten zieten eta bata bestetik 15 m-ra instalatuta zeuden. Kokapen honekin egindako radarra, “biestatikoa” zen: “estatikoa” antena biragarririk gabeko finkoa zelako eta “bi” igortzeko eta jasotzeko antena bana erabiltzen zuelako.

Funtzionamenduan ere ez du ohizko radarraren inolako antzik. Modu puntual eta norabide bakarrean igorri ordez, RIAS/BARSek, erradio-seinalez betetzen ditu inguruak. Arlo honetan esaten denez, espazioa uniformeki eta norabide guztietan “argiztatu” egiten du. Egia esan —hor dago sekretua— “argiztapena” ez da guztiz uniformea. Radarraz babestutako espaziogunea, milioika bolumen elemental txikitan zatitzen da eta horietako bakoitza, kokapenaren arabera, kode propio batez “argiztatu” egiten da.

Hegazkin bat espaziogune horretara (uhin erradioelektrikoen inurritegira alegia) sartzen denean, berak benetako oihartzuna (txikia bada ere) bidaltzen du, baina seinale hori ez da doitasun handiz aurkitu behar izaten. Oihartzunak bere baitan ordea, une horretan hegazkinak okupatzen duen bolumen elementalaren kode berezia darama. Nahikoa da seinale hori aztertzea, kodea aurkitu eta helburu denaren posizioa bere koordenatu guztiekin jakiteko: kokalekua, azimuta, altuera,...

YF-22 hegazkinaren prototipoa.

Gainera, higikariaren ibilbideari jarraitu beharrik ere ez dago. Bere pasaeran hurrenez hurren okupatzen dituen bolumenei behatuz, bere ibilbidea eta abiadura ere erraz kalkula daitezke. Baina higikari bakarrarena ezezik, radarraren estalduragune hori une horretan iragaten ari diren beste guztien datuak ere berdin kalkula daitezke. Oihartzunak, etengabe “argiztaturik” egoten dira RIAS/BASRek hartzen duen eremuan dauden bitartean.

Teknika burutsu honek baditu noski abantailak. Izan ere, objektu bat potentzia handiko uhinak bidali behar izanik gabe detektatzen bait du. Horrela RIAS/BASR, ohizko radarra baino askoz ere gutxiago errepara lezake helburu bat atzematera edo jotzera doan hegazkinak. Transmititutako energia erradioelektrikoa distantzia ber lauren arabera ahulagotzen da. Igorpen-mailan bi edo hiru aldiz murriztutako energia hori, helburu den objektuak jasotzerako 16tik 80ra murrizten da. Kaptatu, aztertu, deskribatu, hain seinale ahulak nahasi, etab. egiteko, hegazkinak eraman ditzakeen baino askoz ere ekipo elektroniko handiagoak beharko lirateke.

RIAS/BASRaren nagusitasuna beste arlo batek ere sendotzen du gainera: eraginkorra da banda metrikoan, bereizmen ona ziurtatzeko eta antenen tamaina murrizteko. Aitzitik, oso maiztasun handiekin lan egiten dute ohizko radarrek

banda zentimetriko eta mikrometrikoetan

Hain zuzen ere, uhin-luzera handietan oso zaila da “radarraren azalera baliokidea” hobetzea, horretarako isilpeko izateko teknikek proposatutako eraikuntz jukutria guztiak erabili arren. Bestela esanda, maiztasun hauetan, helburu den objektuaren aldeko hobekuntzak, radarrarentzat SER/RAB murrizten ez laguntzea dakar. Adituak bat etorri dira hegazkin iheskorrak erremediorik gabe RIAS/BASRek harrapatu egingo dituela esanez. Radar honek, beste radarrek baino askoz ere beheragotik “ikusten” du, transhorizon motakoak (hauetan eremua horizonteak ez du mugatzen, ionosfera bidez maiztasun handiko uhinen islada erabiltzen dute eta.

Hala ere, oso urruneko helburuak bakarrik detektatzen dituzte) eta AWACS (Airbone Warning and Control System; hegazkin espezializatuek daramaten zelata-sistema elektronikoa) hegazkinetan muntatutakoak salbu. Egungo hegazkin ehiztari eta bonbaztatzaileek, aukera gutxi dute altuera txikian hegaldiak detektatu gabe egiteko, NATOko radar egonkorren eta herrialde desberdinetako armaden estaldurapetan. RIAS/BASRek oraindik ere are eta zailagoa jarri die lana.

RIAS/BASRen antenen funtzionamenduak, lehenago deskribatutako ekorketa elektronikoen kidetasuna du. Edozein dipolo suntsituta, sistema ez du guztiz eta osoro erabili ezinda uzten, ohizko radarretan sabotaia edo aireko eraso batekin gertatzen den bezala.

Horrelako gailu baten eraketak, infinitu bariazio izan ditzake. Bere osagaiak eremu handietan bana daitezke eta ohizko radar-estazioak egiten duen bezala, ez du helmuga edo jomuga bat bakarra eskaintzen. Berari atxekitako kalkulagailuak berriz, babestuago egon daitezke leku urrunagoan. Uhin-segidei jarraituz igorpen-antenak aurki badaitezke ere, harrera-antenak zeharo pasiboak dira. RIAS/BASRek beraz, sistema neutralizaezina dela dirudi.

Hona bada teorian oso erraza dirudien, baina praktikan gauzatzea oso zaila den teknika. Batez ere, uhin erradioelektrikozko estaldura, bolumen elemental bakoitzak (eremu “argiztatuko” erreferentzi kubu txiki bakoitzak alegia) espazioan duen posizioaren kode-seinalea berrigorriz burutzea. Horrelako balentria kausitzeko, jadanik “irekitze-sintesia” deitu metodoa erabili izan da, hegazkinetan edota behaketa-sateliteetan muntatutako beste radar batzuetan. Trikimailu honekin, neurri handiko (potentzia handikoa beraz) antena bakar baten lana tamaina txikiko hainbat antenaz ordezkatu da.

Azkar desplazatzen den antenak, helburuak isladatutako oihartzunak berreskuratu egiten ditu; baita antena finko baten eremutik nahitaez kanpo geratzen diren norabideetan ere. Lortutako irudia, doitasun eta zehaztasun handikoa da, informazio maximoa jasotzen delako, baina izugarrizko ahalmena duen datu-tratamendua eskatzen du radarraren higidurari dagokion dekalajea zuzentzeko. Horrek beraz, detekzio-ahalmena helburu finkoetara mugatzen du.

RIAS/BASRek gisako teknikarekin jokatzen du, baina are konplexuagoa da. Lurrean finko dagoen sistemak, iharduneango antenetako bakoitzaren itxurazko higidura lortzen du, igorpen-dipoloen abiadura handira egindako konmutazioa dela bide. Horrela, azkar higitzen den antena bakarra bailitzan jokatzen du sistemak, neurri handiko eremua estaliz. Helburuak edo jomugak Mach-kopuru handira higi daitezkeenez, unean uneko posizioa ziklo bakoitzean oso denboraldi laburrean isladatutako oihartzuna kontutan hartuz irudikatzen da. Emaitza hauetara iristeko beharrezkoa den kalkulu-ahalmena izugarria da. 1980an, lehenengo entseiuen data bera, minutu bateko aire-behaketa deskribatzeko Cyber 360 motako supermakina baten aste osoko tratamendua behar zen. Hain zuzen ere, arrazoi horregatik atzeratu da batipat RIAS/BASRen garapena.

Ordenadore-belaunaldi espezializatu hauen arloko superkalkulagailu bat instalatu behar izan da bere programa izugarriarekin: TRIAS/BASR alegia. 1988an segundoko 3 mila milioi eragiketa egiteko ahalmena zuen. Orduko ordenadorerik indartsuen eta ahaltsuena zen Cray X-MP erako lau prozesadoreko lau unitateren baliokide gertatu zen hain zuzen ere, edota zientzi kalkuluetan gaur egun azken erreferentzi puntu den Cray 2 ren bi aparatu adinakoa.

Aipagarria da RIAS/BASRak, erradiodetekzio-teknologia zeharo berriztatuko duela. Honek, egitasmo estrategikoei egundoko itzulipurdikatzea ekarri die eta jada denbora gutxi pasa arren ez dago honen aipamenik egin ez duen aditurik. Isilpeko hegazkinaren detektaezintasuna beraz, jadanik ondotxoz iragana da.

Aurrerapenek tamalez, zientzia eta arte militarren ildotik darraite nagusiki munduan. Munduko nazio txiki askotako askatasun-borroka ugari, tiragoma-jokoak dira arlo honetako ikerkuntza, gastu, aurrerapen, suntsiketa, arrisku eta duintasunezko lege- eta arau-hausteen ondoan, baina aginte-konpromezu txiki edo handiagoak dituzten kargudun gehienei, ez diegu hauen gaitzespen txikienik ere entzuten eta are gutxiago aurka zerbait egiteko proposamen eta programarik somatzen. Alderantziz ordea, prest azaltzen dira teknologi aurrerapenaren, ekonomi etekinen eta lanpostu-politikaren izenean edozein tresna militarren fabrikazioa beren herrialderat ekartzeko. Aurrerapena behar dugu noski, baina nolakoa eta zertarako?

Super-ordenadorea super-radarrarentzat

TRIAS/BASRTek “Traitement RIAS/BASR Tratamendua” esan nahi du edota zabalago adierazita “Traitement Rapide Par Architecture Systolique/Arkitektura Sistolikozko Tratamendu Lasterra”. Izen honek badu bere esplikazioa: TRIAS/BARST delakoaren funtzionamenduak, badu antzik gure bihotzarenarekin, hots, taupadekin.

Ordenadore klasiko bat diseinatu eta programatu egiten da eragiketa batzuk besteen atzetik egiteko. Baina baldin eta kalkulu batzuk, aurretik egin behar diren beste eragiketa batzuen menpekoak edo baitakoak baldin badira, kasu guztiak ezin ebatz litezke. Kalkulurik gehienetarako ez da beharrezkoa ordena sekuentzialean kudeatzea, batzuek besteen atzetik edota aldi berean sartuz. Superrordenadorearen jukutrietako bat hain zuzen ere, lana paraleloan tratatzen diren zati ugarietan banatzea eta seriean ahalik eta eragiketa gutxien egitea da.

TRIAS/BARST, “kableatu” izeneko kalkulagailu-mota da. Ohizko ordenadorean, programa (makinak aplikatu behar dituen aginduen multzoa) memoria zentralean erregistratzen da datuekin batera. Programa hau burutzeko, prozesadoreak instrukzio sail osoa irakurri eta deskodetu behar du.

“Kableatutako” ordenadorea ez da prozedura astun horretan trabatzen. Bere VLSI/OIELekin (Very Large Scale Integration/Oso Integrazio-Eskala Luzea edota Oso Integrazio Indartsuko Zirkuitua izenekoekin) aurretiaz dakite zer egin behar duten, aginduen bila joan beharrik izan gabe. Bakoitza, beti ere berdina den eragiketa-saila egiteko programatuta dago eta hori behin-betiko ezarria du. Programak irakurtzeko edo deskodetzeko saio aspergarriak kolpe batez kenduta gertatzen dira eta tratamendua zeharo azkarra izaten da.

Prozesadore aniztuneko ordenadore paralelo kableatua izaki, TRIAS/BARST bilakaera informatikoaren aurreko muturrean kokatu da. Egia esan, aurrerapen-lasterketa ez da hor amaitu. Fisikariek oraindik ere laburtu egin gura dute konmutazio-denbora; bulkadabati logika bitarrean 0tik 1era pasatzeko dagokiona hain zuzen ere. Teknologia elektroniko aurreratuenekin, segundoaren hamarmilarenean dihardute gaur egun. Teknologia optikoek ordea, korronte elektrikoak ez baizik eta argia bera jokoan sartuz, iraupen-denbora hori mila aldiz laburtzea lortu dute eta horrela segundoko eragiketa-kopurua (OPS/SEK) bilioitan neurtzea (10 12 ) ere bai. Ordenadore optiko bidez transferitutako TRIAS/BARST programek, oraindik ere areago biderkatu dute jada radar frantziar berri hauen detekzio-gaitasun eta ahalmena.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia