Rafale C01, hegazkin militarra
1991/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Dassault Aviation hegazkingile frantsesak, iazko urrian aurkeztu zuen “Rafale C01” hegazkin militarraren prototipoa Saint-Cloud-eko instalazioetan; han ikertzen eta muntatzen bait dituzte beren ehizegazkinak.
Orain arte Bourget-eko eta Farnborough-eko hegazkin-azoketan erabilitako prototipoa ordea, jendeari erabilitako sistema teknologikoak “erakusteko” bakarrik pentsatua zegoen eta ez hegan egiteko. Sistema horietako batzuk aipatzeak merezi du.
Erreaktoreetarako aire-sarrerak, esate baterako, hego eta gorputzaren arteko elkargunean daude eta bertan pieza higikorrik ez dago. Aerodinamika aldetik ere aurreratua da eta horri esker radarrean seinale ahula uzten du.
Bertan erabilitako material asko konpositeak dira (karbono-zuntz eta kevlarrez egindako material arin eta erresistentzia mekaniko handikoak) eta egituran titanio eta aluminio-litiozko aleazioak erabili dira hegazkin arina egin nahian. Pilotuaren eserlekua inklinatua da, azelerazioek bere zirkulazio-sisteman duten eragina kontutan hartuz.
C01 hegazkinak bere lehen hegalaldiak aurtengo martxoan egingo ditu, Snecma M-88 motako bi turborreaktore ipintzen dizkiotenean.
Hegazkin militar honen zeregina aireko, lurreko eta itsasoko objektiboak deuseztea izango da. Horretarako maniobragarritasun handia du eta detektatzen zaila da. Eraman dezakeen karga ere ez da txantxetakoa. Hegazkinak berak hutsik 9 tona bakarrik pisatu arren, 4 tona erregai eta 6 tona armamendu eraman ditzake. Hegalaldiko aginteak elektrikoak dira eta hegazkin militar klasikoetan ez bezalako maniobrak lor daitezke.
Dena dela, hegazkin hau egiteko programaren kostu ikaragarria ere aipatu behar da. Ikerketa eta garapenean 40.000 milioi franko (800.000 milioi pezeta inguru) gastatu dituzte eta hegazkin bakoitza fabrikatzen 200en bat milioi franko (4.000 milioi pezeta).
Zifra ikaragarriak dira, nola ez, baina helburua militarra denez…
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia