Ramon Nuñez Coruñako Zientzien Etxeko zuzendaria
2000/12/01 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zientziari eskainitako hiru zentro dituzue Coruñan, ez al dira gehitxo?
Hiriko hiru tokitan daude eraikinak, hiriaren historiak horrela baldintzatu baitu. Zientzien Etxea parketxo baten erdian dagoen jauregia da, eta bere geometria dena izateagatik ezin zen hazi. Horrek baditu bere abantailak, auzoak aberastu eta azpiegitura berriak sortzen direlako. Museoetako bakoitza behar bezala ikusi ahal izateko, bi ordutik gora behar dira; hortaz, bat ikusi eta bestea ikusi baino lehen atsedena hartzea ezinbestekoa da. Eraikinak barreiatuak egoteak horretan lagun dezake. Bestalde, zure galderari erantzunez, hazkundea ez da apetaz etorri, baizik eta Coruñan une jakin batean eskaria handitu egin zelako.
Eskari hori zenbakietan?
Zientzien Etxean urtero 150.000 bisitari izaten ditugu, Domusean 200.000tik gora gabiltza doi-doi, eta akuarioan 500.000ra iritsi gara.
Izurdeak dituzue?
Ez, show-ak egiteari ez diogu aparteko garrantzirik ematen; heziketa eta ingurugiroarekiko kontzientzia baloratzen dugu gehiago. Hala ere, akuarioa ikusgarria suerta daiteke, besteak beste, urazpiko aretoa ere badugulako, urpeko eta guzti; Europako handiena da, eta urpeko batean egotearen sentsazio bera senti daiteke han.
Zure ustez zein izan behar da horrelako eraikinen zeregina?
Nagusiak bi direla esango nuke: batetik, motibazioa lantzea, eta bestetik, irudia eskaintzea. Zientzia-museoek, lehenengo, zientziaren irudi positiboa saldu behar dute, jendeak zientzia hitza oroimen eta egoera atseginekin lotu dezala. Zientzia hitza askotan mehatxuekin lotzen da, edo eskolako esperientziarekin, zientzia ulertezina izaten zen, zaila, absurdua askotan, museora etortzen diren lagun askok esaten didanez, "Aizu Montxo, ni haurra nintzenean horrelako gauzak egon izan balira, sekula ez nituzkeen letretako ikasketak aukeratuko". Nire ustez horrek ondo adierazten du horrelako zentroen funtzioetariko bat, zientzia bere lekuan jartzea. Askotan esaten da zientzia ez dela ona, eta aurrerapena eta garapena ez direla onak; badirudi gauzak asmatzen ari direla-eta jendea damutu egiten dela. Eta hori ez da horrela, harro egon beharko ginateke, zientziak egin baitu posible gizakia dagoen tokian egotea: bizitza luzeagoa dugu, haur gutxiago hiltzen da, zientziari esker gose gutxiago dago munduan, 6.000.000 pertsonako populaziora iristea ametsa besterik ez zen, labur esanda, jendeak zientziari beste era batera begiratzea lortu behar dugu, gehiago estima dezala.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia