Rat Islandeko arratoiak suntsitzeko prest
2008/01/13 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia
AEBko gobernuak lasaialdi handia hartuko luke Hamelingo txirularia agertuko balitz! Zoritxarrez, Hamelingo txirulariarena ipuin bat baino ez da, ordea, eta uharte horietan dagoen arazoa, berriz, bene-benetakoa. Beraz, plan bat prestatzen ari da AEBko gobernua arratoiak suntsitzeko, sarraski izugarria eragin baitute inguru hartan.
Aleutiar uharteetan jaun eta jabe
1780ko hamarkadan iritsi ziren lehenengoz arratoiak Aleutiar uharteetara. Arratoiek hartuta zegoen Japoniako itsasontzi batetik lehorreratu ziren. Ez zuten izan, ordea, egokitzeko arazorik. Batetik, uhartean ez zegoen (eta ez dago) arratoien harraparirik. Izan ere, inguru hartan ez da animaliarik bizi, itsas hegaztiez gainera. Beraz, arratoiek ez dute izan nork harrapatu edo nork hil. Are gehiago, haiek bihurtu dira itsas hegaztien harrapari. Haien arrautzak, txitak nahiz ale helduak jaten dituzte.
Beraz, iritsi ziren unetik hasi ziren ugaritu eta ugaritu. Kontuan hartuta arratoiak urtean lau-sei aldiz ugaltzen direla, eta kumaldi bakoitzean sei eta hamabi kume bitartean izaten dituztela, ez da oso zaila ulertzea nola egin diren uharteen jaun eta jabe. Denen artean, inguru hartako hegazti gehienak akabatu dituzte dagoeneko.
Gainera, arratoiak igerilari apartak direnez, ez dute izan inongo arazorik ugaritu ahala inguruko uharteetara iragateko. Iristen diren lekuan sarraski izugarria eragiten dute ekosisteman. Hegaztiak akabatzeaz gainera, gordelekuak egiten dituzte, hondakinez betetzen dute ingurunea, eta landaredia xehatzen dute. Dozena bat uhartetan sartu dira dagoeneko. Kaliforniako ikertzaile-talde baten arabera, desagertutako itsas hegaztien eta narrastien % 40 eta % 60 artean arratoiek akabatu dituzte; eta desagertze horien % 90 uharteetan gertatu dira.
Arratoiak akabatzea helburu
AEBko gobernua oso kezkatuta dago arratoien arazoarekin. Aurre egiteko, basabizitza kudeatzen duten hainbat biologorekin elkarlanean jarri da, eta plan bat diseinatu dute. Bi helburu nagusi ditu martxan jarriko duten planak: bat, uharte horietako arratoiak akabatzea, eta, bestea, inguruan ibiltzen diren marinelak jabetzea itsasontzietan aurkitzen dituzten arratoiak hil behar dituztela. Lehenengo helburua aurrera eramateko, arratoiei pozoi antikoagulatzaile bat emateko asmoa dute. Helikopteroak erabilita zipriztinduko dituzte uharteak pozoi horrekin.
Bestalde, bigarren helburua gauzatzeko, jarraibide zehatzak ematen dituen liburuxka baten 15.000 ale banatuko dituzte marinelen artean: ontzian ikusten dituzten arratoi guztiak hil behar dituzte, janaria eta hondakinak arratoiak ez iristeko moduko ontzietan gorde, arratoi bizirik ez bota uretara, eta abar. Ez baldin badute eskatutakoa betetzen, urtebeteko kartzela-zigorra eta 10.000 dolarreko isuna ordaindu beharko dituzte.
Plana garatzen ari diren zientzialariek uste dute itsas hegaztiak uhartera itzuliko direla arratoiak uharteetatik desagertutakoan. Aurretik, horren antzeko beste esperientzia batzuk izan dituzte, Zeelanda Berrian eta Kanadan, eta emaitzak espero zituztenak izan ziren. Ea, bada, oraingoan ere lortzen duten Rat Islandeko arratoi bakarra izena ematen diona izatea!
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia