}

Raymond Dart eta Taung-eko haurra

2010/10/01 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Raymond Dart eta Taung-eko haurra
2010/10/01 | Etxebeste Aduriz, Egoitz | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: Manu Ortega)

Taxiaren atzealdean kutxa bat zegoela ikusi zuen taxi-gidariak. Egun hartan Londresen barrena ibili zituen bezeroen errepasoa egin zuen. Auskalo nork utzi zuen. Barruan zer zegoen begiratzea erabaki zuen. Kutxaren tapa eskuetatik erori zitzaion barrukoa ikusi zuenean: garezur bat! Poliziarengana abiatu zen ziztu bizian.

Bitartean, Dora Dart, estu eta larri zegoen, taxian ahaztutako kutxagatik kezkatuta. Ezin zuen sinetsi bere senarraren altxorra horrela galdu izana. Ongi zekien zein garrantzitsua zen Raymond-entzat.

Garezur hura senarraren eskuetara iritsi zen egunaz gogoratu zen. Hegoafrikara joan eta urtebete ingurura izan zen, 1924ko larunbat arratsalde batean. Lagun baten ezkontzara joateko prestatzen ari ziren; Raymond zen aitabitxia. Eta oraindik erdi-jantzita zegoen, fosilez betetako bi kutxa iritsi zitzaizkionean.

Raymond Dart anatomista zen, eta Johannesburgeko Wits Unibertsitateko bere departamentuan anatomia-museo bat egin nahian zebilen. Taung-eko kare-harrobi batean agertzen ari ziren babuino-garezur fosilak museorako material bikaina izan zitezkeen. Handik zetozen bi kutxa haiek. Jakin-minari eutsi ezinik, janzteari utzi eta kutxen edukia begiratzera joan zen.

"Hotzikara sentitu nuen --idatziko zuen urte batzuetara, Adventures with the Missing Link liburuan--. Harri-pila haren gain-gainean garezur baten barruko moldea zegoen. Edozein tximinoren garunaren molde fosilizatua izan balitz ere, aurkikuntza handia zatekeen, ez baitzen inoiz horrelakorik topatu. Baina lehen begiratuan jakin nuen nire eskuetan zegoen hura ez zela garun antropoide arrunt bat. Garun-erreplika hura babuino batena baino hiru aldiz handiagoa zen, eta txinpantze heldu batena baino ere nabarmen handiagoa. Primeran ikusten ziren garunaren zirkunboluzioak, ildaskak eta odol-hodiak".

Eta garezurraren barruko moldea hor bazegoen, garezurra bera ere ez zen urruti ibiliko. Kutxan bilaka hasi zen Dart, eta harri handi bat aurkitu zuen, moldearekin ezin hobeki ahokatzen zen sargune bat zuena. "Harrian garezurraren zati bat antzeman zitekeen, eta baita behe-barailaren zati bat ere... Ziur nengoen antropologiaren historian inoiz egindako aurkikuntzarik handienetako bat zela. Burura etorri zitzaidan gizakiaren arbasoak Afrikakoak zirela zioen Darwinen teoria, garai hartan arbuiatua. Haren "katebegi galdua" aurkitu ote nuen?".

"Amets gozo haiek nire mahukatik tiraka ari zen senargai aztoratuak eten zituen: 'Jainko maitea, Ray! Jantzi zaitez berehala, edo beste aitabitxi bat aurkitu beharko dut! Autoa iristear dago!'. Ezkontzara joan aurretik, armairuan giltzapean gorde nituen moldea eta garezurra zuen harria".

Hurrengo hiru hilabeteetan, denbora libre guztia emaztearen galtzorratzekin harria pixkanaka desegiten eman zuen, garezurra libre gera zedin. Gabonetarako bi egun falta zirela bukatu zuen. Ume baten aurpegia agertu zen, bere esne-hortz guztiekin, eta haginak ateratzen ari zitzaizkiola. "Ez dut uste 1924ko gabon haietan gurasorik izango zenik bere seme-alabez harroago ni nire Taung-eko haurraz nengoena baino", idatzi zuen.

Berehala eman zuen Nature aldizkarian haren aurkikuntzaren berri. Azpimarratu zuen haur haren garezurra, hortzak eta baraila humanoideagoak zirela tximinoen tankerakoak baino; eta, zalantzarik gabe, garun txikiko hominido bat zela, lehenago sekula deskribatu gabea. Gainera, idatzi zuen foramen magnuma (garezurra bizkarrezurrarekin lotzen den gunea edo zuloa) aurreratuta egoteak argi uzten zuela hominido hura zutik ibiltzen zela. Australopithecus africanus izena eman zion, Afrikako hegoaldeko tximu-gizakia, eta gaineratu zuen gizakiaren sorlekua Afrika zen ebidentzia argia zela hura.

Baina Europan ez zuen harrera onik izan aurkikuntzak. Batetik, Dart afizionatu hutsa zen, Australopithecus izenean grekoa eta latina nahasteak garbi uzten zuen bezala, eta dena bere kabuz egin nahi izan zuen, benetako adituekin ezer kontsultatu gabe. Baina, batez ere garai hartako uste guztien kontra zihoan. Ordura arte Europan eta Asian aurkitutako fosil urrien arabera, Eurasia jotzen zen gizakiaren sorleku.

Gainera, 1912an Ingalaterran aurkitutako Piltdown-eko gizakiak erakusten zuen gizakiaren arbasoak garun handia eta tximuen ezaugarri fisikoak izango zituela (gerora argitu zen gizaki baten garezurrarekin eta orangutan baten barailarekin egindako iruzurra izan zela). Eta Taungeko haurrarekin guztiz kontrakoa gertatzen zen.

Hala, Europan, tximu-motaren baten arrastotzat hartu zituzten, eta ez zitzaien arreta handiagorik jarri. 1931. urtean, Dart senar-emazteek garezurra hartuta Ingalaterrara bidaiatu zutenean ere ez zuten egoera hobetzerik lortu. Eta, areago, garezurra galtzeko arriskuan egon ziren, taxian ahaztuta.

Garezurra polizia-estazioan berreskuratu zuten. Baina Dart hain atsekabeturik bueltatu zen Hegoafrikara, ezen antropologia alde batera utzi baitzuen hainbat urtez.

Taungeko haurraz ahaztuta, unibertsitateko laborategian lanean ari zen egun batean, gizon bat sartu zen arrapaladan. Inori kasurik egin gabe, zuzenean joan zen garezurra zegoen tokira. Eskuetan hartu eta belauniko jarri zen, "gure arbasoarekiko adorazioz". Robert Broom zen, jatorri eskoziarreko mediku eta paleontologoa. Darten aurkikuntzaren berri izan zuenetik, haren defendatzaile sutsua izan zen. Areago, australopiteko gehiago bilatzea erabaki zuen.

Broomen bilaketak arrakasta izan zuen: 1936an australopiteko heldu baten garezurra aurkitu zuen. Eta hurrengo urteetan beste hainbat. Broomen aurkikuntzekin indarberrituta, Dartek berak ere berriz ekin zion fosil-bilaketari. Eta hark ere australopiteko gehiago aurkitu zituen.

Pixkanaka, Dart zuzen zebilela onartzen hasi ziren gainerako antropologoak. Batez ere Broomek 1946an idatzitako australopitekoei buruzko monografiaren ondotik. Atzetik, aldeko aurkikuntza gehiago etorri ziren. Eta 1984an Science aldizkariak mendeko 20 aurkikuntza garrantzitsuenen artean sartu zuen Darten aurkikuntza. Dartek 91 urte zituen.

Etxebeste Aduriz, Egoitz
2
268
2010
10
028
Historia; Biografiak; Paleontologia
Istorioak
58

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia