}

Rita Levi-Montalcini, ezagutzaren hazkuntza-faktore

2015/09/01 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

rita-levi-montalcini-ezagutzaren-hazkuntza-faktore
Arg. Manu Ortega/CC BY-NC-ND

Bere botoa erabakigarria zen Romano Prodiren gobernuak 2006an proposatutako aurrekontuak aurrera ateratzeko; baina, argi utzi zuen: zientziako aurrekontua murrizteko azken orduko erabakia atzera bota ezean, ez zuen aldeko botorik emango. Rita Levi-Montalcinik lortu zuen Italiako zientziaren aldeko apustu hura irabaztea; eta, bide batez, antzarak ferratzera bidali zuen oposizioko Francesco Storace eskuindarra. Egun batzuk lehenago Storacek esan zuen makulu pare bat bidaliko zizkiola Levi-Montalciniri, gobernuaren sostengu izateagatik, eta zuen adinagatik. Storaceren ustez, emakume hura zaharregia zen bozkatzeko. Levi-Montalcinik, ordea, ez zuen bere burua zaharregi sentitzen, 97 urterekin.

Txikia eta bizi-bizia. Goizeko bostetan jaikitzen zen egunero, eta egunean behin bakarrik jaten zuen, bazkalorduan. “Loa eta janaria ez zaizkit interesatzen”, esan ohi zuen, eta lana, garuna aktibo mantentzea zen, haren ustez, luze bizitzeko sekretua. Goizez, berak sortutako European Brain Research Institutura joaten zen, ikertzaile gazteen lana gainbegiratzera; arratsaldez, berriz, bere fundazioan aritzen zen, emakume afrikarrentzako ikasketa-bekak lortzeko lanean. “Ez naiz inoiz gaixotu”, zioen 100 urte betetzera zihoanean, eta “nire garunak 20 urte nituenean baino hobeki funtzionatzen du orain”.

Alabaina, 20 urterekin ere oso argi zuen zer egin nahi zuen. Eta argi zuen ez zuela aitak beretzat pentsatua zuen bidea jarraituko. “Maitasunez betetako familia-giro zoragarrian bizi izan ginen” idatzi zuen bere autobiografian, “baina, viktoriar erako bizitza zen gurea, erabakiak familia-buruak hartzen zituen, aitak”. Eta familia-buruaren ustez, ez zen ideia ona emakumeek goi-mailako ikasketak egitea, haien emazte- eta ama-betebeharrak oztopatzen baitzituen.

Nerabe zenetik argi izan zuen ez zela sekula ezkonduko, ezingo baitzukeen jasan ezkontzak emakumeei ekartzen zien askatasun-falta. Aitari argi utzi zion ez zuela emazte eta ama izateko inolako asmorik. Ez zekien oraindik zientzialari izan nahi zuenik, baina bazekien besteei laguntzeko lan egin nahi zuela. Hogei urte zituela erabaki zuen medikuntza egitea. Aitak ez zuen onartu, baina ezin izan zuen gelditu.

Turingo Unibertsitatean 1936an graduatu ondoren, neurologia eta psikiatriako espezializazioa egiten hasi zen, oraindik argi izan gabe mediku izan nahi zuen, edo neurologian ikertzen aritu nahi zuen. Orduan ezagutuko zuen bere pasio bihurtuko zen gaia: nerbio-sistemaren garapena.

Unibertsitatetik kanpo hasi beharko zuen bere ikerketa-lana. Izan ere, 1938an, Mussolinik arraza-legeak atera zituenean, unibertsitatetik alde egin behar izan zuen, jatorri judutarra baitzuen. Orduan, bere logelan laborategia muntatzea erabaki zuen. Ez zuen askorik behar: mikroskopio bat, inkubagailu bat, jostorratzekin berak egindako eskalpeloak, arrautza batzuk, eta gutxi gehiago.

Neuronek bizkar-muinetik gorputz-adarretarako bidea nola egiten zuten ulertzea zuen helburu. Irakurri berri zuen Viktor Hamburger estatubatuarraren lan bat izan zuen abiapuntu. Hamburgerrek ikusi zuen txita-enbrioiei gorputz-adarrak kentzen bazitzaizkien, haietarantz garatzen ari ziren neuronak hil egiten zirela; eta proposatu zuen inerbatuak izan behar zuten ehunek jariatutako indukzio-faktoreren batek eragiten zuela zelula aitzindariak neurona bilakatzea.

Fenomeno hori ikertzen hasi zen Levi-Montalcini bere logelako laborategian. Eta konturatu zen, enbrioiei gorputz-adarrak kentzean, neuronak ez zirela berehala hiltzen. Aitzitik, neurona berri gehiago sortzen ziren, baina helburura iritsi ezinik, hil egiten ziren azkenean. Levi-Montalcinik ondorioztatu zuen ez zela indukzio-faktore bat gorputz-adarrek jariatzen zutena, baizik eta hazkuntza-faktore bat.

Gerra bukatu ondoren, Turingo Unibertsitatera bueltatu zen. Eta bi urtera, 1947an, Hamburgerren gonbidapena iritsi zitzaion. Levi-Montalciniren lana irakurri zuen, eta esperimentu haiek elkarrekin errepikatzera gonbidatzen zuen, St. Louiseko Washington Unibertsitatera.

Urtebete inguru pasatzeko asmoz joan zen, eta 26 eman zituen. Bere bizitzako garairik zoriontsuenetakoa eta emankorrenetakoa izan zen. Bere gelako laborategian ateratako ondorioak berretsi zituen, eta neuronen hazkuntza-faktoreak ikertzen jarraitu zuen buru-belarri. Tumoreek ere halako faktoreren bat jariatzen zuela konturatu zen. Gero, 1953an, Stanley Cohen batu zitzaion, eta bien artean gogor lan egin zuten hazkuntza-faktore hura existitzen zela frogatzeko. Komunitate zientifikoa oso sinesgaitz zegoen; are gehiago esan zutenean suge-pozoian eta saguen txistu-guruinetan hazkuntza-faktore ugari zegoela. Garai hartan, ez zirudien zientzia serioa.

Baina lortu zuten hazkuntza-faktorea isolatzea, eta ikusi zuten proteina bat zela, funtsezkoa nerbio-sistemaren eta sistema immunologikoaren garapenerako. Azkenik, Levi-Montalciniren zuzendaritzapean ari zen Ruth Hogue Angeletti doktoregaiak eta Ralph Bradxshawek proteina hura sekuentziatzea lortu zuten (Levi-Montalcinik ez zuen bere izenik jarri lan horretan); orduan isildu ziren azken eszeptikoak. 1986an Medikuntzako Nobel saria eman zieten Levi-Montalciniri eta Coheni, urte haietan guztietan hazkuntza-faktoreekin egindako lanagatik.

1962an ikerketa-unitate bat jarri zuen martxan, Erroman, eta Erroma eta St. Louis artean bizi izan zen, 1977an Italiara behin betiko bueltatu zen arte. 2001ean biziarteko senatari izendatu zuen Carlo Azeglio Ciampi lehendakariak. Urte hartan bertan Rita Levi-Montalcini Fundazioa sortu zuen; fundazio horri esker, milaka beka eman zaizkie emakume afrikarrei ikasketak egiteko. Eta hurrengo urtean, 93 urterekin, European Brain Research Institutua sortu zuen. “Ez naiz heriotzaren beldur —zioen 100 bete zituenean—; pribilegiatua naiz, hainbeste denboraz lan egian ahal izan dudalako”. Lanean jarraitu zuen, burua argi, 2012an 103 urterekin hil zen arte.

 

Bibliografia:

ABBOT, A. (2009): “Neuroscience: One hundred years of Rita”. Nature 458, 564-567.

ARIAS, A. (2014): “Rita Levi-Montalcini, el tesón de la ‘dama de la neurona’”. Pikara.

NAVIS, A.R. (2007): “Rita Levi-Montalcini (1909-2012)”. The Embryo Project Encyclopedia.

ODELBERG, W. (1987): “Rita Levi-Montalcini - Biographical”. Les Prix Nobel. The Nobel Prizes 1986.

OWEN, R.(2009): “Secret of Longevity: No Food, No Husband, No Regrets”. Excelle.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia