Roboten kode etikoa
2007/06/02 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Fujitsu etxeko robot honek, etxeko lanak egiteaz gain, laguntasuna ematen dio jabeari.
(Argazkia: Fujitsu)
Hala, roboten betebeharren eta eskubideen agiri bat egitea aztertzen hasiak dira Hego Korean, AEBko estaturen batean, eta baita Europan ere, Britainia Handian esaterako.
Adituak gehien arduratzen dituen gaietatik, segurtasuna dago lehen tokian. Robotak gero eta autonomoagoak dira, neurri batean erabakiak hartzeko gai dira eta gero eta adimentsuagoak izango dira. Hortaz, hau da galdera: robotak berak hala erabakita, norbaiti kalte egiten badio, nor da arduraduna: robotaren egilea, haren jabea, edo robota bera?
Egia esan, batzuek dagoeneko egiten dute galdera hori; adibidez, finantzetan robot batek —kasu honetan, programa informatiko konplexu batek— erabaki okerra hartzen duenean. Nork du inbertsio txarra egitearen errua?
Hiru legeak
Isaac Asimovek gai horri buruz hausnartu zuen 1940ko hamarkadan. Ni, robota liburuan, robot adimendunak hiru lege betetzeko programatu behar zirela idatzi zuen. Lehenik, robot batek ezin dio gizaki bati kalte egin, edo ezin du ezer egin gabe egon, pertsonak min hartzea galaraz badezake. Bigarrenik, robotak gizakiak emandako aginduak bete behar ditu, agindua lehenengo legearen aurka dagoenean izan ezik. Azkenik, robotak bere burua babestu behar du, betiere, horrekin ez baditu hausten ez lehenengo legea eta ez bigarrena .
Hiru lege horiek nahiko onak dirudite robotek pertsonei kalte egitea saihestu nahi bada. Baina robotak horiek betetzeko programatzea ez da lan erraza. Adibidez, lehenengo legeak sinplea badirudi ere, arazoak sortzen dizkie robotei. Izan ere, pertsonentzat erraza da pertsona bat txinpantze batetik edo maniki batetik bereiztea, baina robot batentzat oso antzekoak dira hirurak.
Dena den, ez da hori oztoporik handiena; ingeniariek lortuko dute robotak horrelakoak bereizteko gai izatea, pertsonen aginduak ondo ulertzea, eta hiru legeak betetzeko programatuta egotea. Baina hori ez da nahikoa izango.
Adituen ustez, robotek etorkizunean izan ditzaketen eginkizunek galdera berriak sorraraziko dituzte. Esate baterako, dagoeneko hasiak dira aplikazio militarretarako robotak egiten: Samsung etxeak robot zentinela bat garatu du, Ipar Korearen eta Hego Korearen arteko muga zaintzek.
Robot horrek bi kamera eta pistola bat ditu. Robotak pistola erabiltzea erabakitzen badu eta norbait hiltzen badu, hiltzailea nor den argitu behar da. Adibidea muturrekoa bada ere, agerian jartzen du arazoaren neurria.
Galderak, zalantzak, kezkak
Edonola ere, auzia korapilatsuagoa bihur daiteke erabilera zibiletan militarretan baino. Ikertzaileen ustez, litekeena da geroan robotak ikustea ur-kanoien bidez manifestariak sakabanatzen. Horrelako egoerek kezkatzen dituzte, ez zientzia-fikziokoak diruditen kontuek.
Hain zuzen, 2006ko abenduan Britainia Handiko gobernuaren Zientzia eta Berrikuntza Bulegoak egindako txosten bat kritikatu dute ikertzaileek. Txostenaren izenburua “Amets utopikoa edo makinen goraldia?” da, eta, besteak beste, etorkizunean robotek pertsonen eskubideak eskatuko dituztela aurreikusten dute, hala nola etxebizitza izateko eskubidea edo osasun-zerbitzua.
Quickplacer, robotik azkarrena.
(Argazkia: Fatronic Fundazioa)
Adituen iritziz, txostenean aipatzen diren kontu horiek ez dira zientzian oinarritzen eta sentsazionalistak dira. Hala ere, onartzen dute txostena onuragarria izan daitekeela, eztabaida sorrarazi duelako, eta, ondorioz, gizartean auzi horrekiko kezka pizten lagundu duelako.
Baina, berez, jendeari beste gai batzuk axola zaizkiola uste dute ikertzaileek, eta horien gainean eztabaidatzeko garaia dela orain. Japonian, esaterako, dagoeneko hasi dira erabiltzen robotak pertsonak zaintzeko. Oraingoz, adineko jendeari bihotz-taupaden erritmoa eta halakoak neurtzen dizkiote, baina pentsatzekoa da laster gauza gehiago egiteko gai izango direla robotak, eta, beraz, haiek arduratuko direla adinekoak zaintzeaz, neurri handi batean.
Horrek baditu abantailak: zaharren egoitzetan, merkeagoa izango da robot zaintzaileak izatea langileak baino. Kezka ere sortzen du, ordea, askori ez baitzaie onargarria iruditzen adinekoak makinen eskuetan uztea.
Bestalde, robotak sexu-harremanetarako erabiltzeak ere eragiten du eztabaida, eta, oro har, pertsonen itxura duten robotek nahastea sor dezaketela uste dute adituek.
Nolanahi ere, robot-ekoizleak oraindik ez dira sartu horrelako kontuetan. Hego Korean prestatzen ari diren Roboten Eskubideen Agiriaren helburuak, batez ere, erabilera ilegala galaraztea, robotek jasotako datuak babestea, eta haiek identifikatzeko eta jarraitzeko modua izatea dira. Hau da, arazo praktikoak eta oinarrizkoak ari dira erabakitzen.
Baina bestea ere etorriko omen da. Eszeptikoei hau galdetzen diete: nor arduratzen zen duela hamarkada batzuk animalien eskubideez? Roboten auziak ere antzeko bilakaera izango duelakoan daude. Denborak esango du.
Gara-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia