}

Rosettaren azken agurra

2016/09/30 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gaur eguerdian amaituko du Rosetta ontziak bere bidaia, azkenaldian bidelagun izan duen 67 P kometan lur hartuta. Duela 12 urte, 6 hilabete eta 28 egun atera zen Guyana Frantsesetik, eta 7 900 milioi km egin ditu espazioan. Azken bi urte eta erdiak 67P edo Churyumov-Gerasimenko kometa aztertzen eman ditu, eta 218,25 GB datu zientifiko bildu ditu. Nabigazio-kamerak, berriz, 16 650 iruditik gora hartu ditu, eta 14 900 ordutan egon da Lurrarekin kontaktuan. Zenbakiek misioaren arduradunen esana berresten dute: ESAren misio handiena da Rosetta.
rosettaren-azken-agurra
Rosetta kometaratzeko azken unean (irudi artistikoa) Arg. ESA/ATG medialab

Bukaerari ere "amaiera handia" deitu diote. Hasiera batean espazioan galduta uzteko edo kometaren aurka joarazteko asmoa bazuten ere, azkenean, poliki kometaratzea erabaki dute (90 cm/s-ko abiaduran jaitsiko da). Horri esker, kometaren azaleko oso gertuko irudiak jasotzeko aukera izango du, baita azterketa batzuk egitekoa ere. Kometaren azala jo orduko, ordea, itzali egingo da, eta kometarekin batera jarraituko du bidaiatzen, Eguzkitik gero eta urrutiago.

Edonola ere, misioa ez da hor amaituko, ikertzaileek jarraituko baitute bidalitako datuak aztertzen eta haietatik ondorioak ateratzen. Hainbat ezusteko eman ditu misioak orain arte: kometaren osaera, molekula konplexuak topatu izana, izotzaren eta ur-lurrunaren zikloa... Eta oraindik gehiago emango dituelakoan daude ikertzaileak.

Alde horretatik, guztiz arrakastatsutzat jo dute misioa, nahiz eta Rosettak kometaren azalean utzi zuen Philae zundak nahi baino denbora gutxiagoan funtzionatu zuen. Han zuzen ere, kometaratze gorabeheratsua izan zuen zundak, eta arrakala batean sartuta geratu zen. Leku horretan ez zuen Eguzkiaren energia jasotzen, eta bateriek iraun zuten artean bakarrik, hiru egunez, jaso zituen datuak. Gero, itzali egin zen. Eta laster itzalliko da baita Rosetta ere. Azken seinalea 13:18an jasotzea espero da.

Irakurri Elhuyar aldizkariak Rosettari buruz argitaratutakoak:

 

2016 ira. 6 - Rosettak Philae aurkitu du

2015 eka. 15 - Lozorrotik atera eta seinalea bidali du Philaek, 67P kometaren gainazaletik

2014 abe. 10 - 67P/Churyumov-Gerasimenko kometako ura ez da Lurreko ozeanoetakoaren antzekoa

2014 aza. 14 - Zailtasunen gainetik, Rosetta misioa aurrera doa 

2014 aza. 12 - Philaeren kometaratzea, emozioz betetako operazioa

2014 aza. 6 - Rosetta misioa: kometan lur hartzeko gertu

2014 aza. 1 - Ander M. de Albeniz, Rosetta misioko ingeniariari elkarrizketa: “Rosetta oso berezia da: espazioan leiho bat izatea bezala da”

2014 aza. 1 - Argazki-galeria: 10 urteko bidea kometaren azalera

2014 ira. 15 - J izendatutako lekuan hartuko du “lur” Rosettaren Philae zundak 

2014 abu. 6 - Rosetta iritsi da jomugara

2014 uzt. 17 - Rosetta misoaren jomuga nukleo bikoitzeko kometa bat da

2014 urt. 20 - Rosetta: lozorrotik aterata, helmugara berrabiatzeko prest

2003 mai. 1 - Rosetta-ren bigarren helburua

 


 

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia