Sagua, gizakiaren neurrira
2008/09/27 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Nguyen eta Xu genetikan eta biologia molekularrean adituak dira, eta saguak medikuntzan izan duen eta izango duen eraginari buruzko lan bat argitaratu dute. Haien arabera, saguak zibilizazioaren hastapenetatik izan du eragina giza populazioan, eta era askotara hartu izan da: nekazarien etsai handiena izatetik hasita, konpainiako animalia izatera arte. Orain, gizakiak bere mesedetan erabiltzen du, eta, hala, giza biologia eta gaixotasunak ulertzeko eta ikertzeko animalia-eredu garrantzitsuena da.
Hain zuzen ere, saguaren eta pertsonaren fisiologia eta ehunen egitura eta antolaketa antzekoak dira. Gizakiok pairatzen ditugun gaixotasun asko izaten ditu hark ere, baita herentziazkoak eta hainbat generen ondoriozkoak ere. Izatez, genomaren % 99 berdina da bi espezieetan, eta antzeko gene-kopurua dute. Horrez gain, ezaugarri apartak ditu laborategiko animalia egokia izateko: azkar ugaltzen da eta kume asko izaten ditu,ez du zaintza edo leku berezirik behar hazteko...
2002an deskodetu zuten saguaren genoma osoa, eta gizakiaren eta saguaren geneak alderatuta, ikertzaileek gene horietako askoren funtzioa ulertzeko aztarnak jaso dituzte. Hasieran, geneen funtzioa nahiko sinplea zela uste zuten, eta gaixotasun jakinetarako geneak bilatzen zituzten. Era errazean esanda, gaixotasun bat izateko errua gene baten okerreko jarduerarekin lotzen zuten, eta gene hori aurkitzea zen helburua.
Gaur egun, zientzialariek badakite gaixotasunen eta geneen arteko erlazioa oso-oso konplexua dela. Geneak identifikatzea ez da nahikoa; haien funtzioa ulertzeko, ezinbestekoa da haien jarduera erregulatzen duten elementuak kontuan hartzea, eta, hain juxtu, hori guztia aztertzen ari dira orain ikertzaileak.
Hautespena eta eraldaketa
2002an deskodetu zuten saguaren genoma osoa.
(Argazkia: NHGRI).
Edozein modutara, saguen genetika aspaldi hasi zen. Nguyenek eta Xuk aipatzen dutenez, txinatarrek hautespen genetikoa egiten zuten, haien gustuko barietateak lortzeko: albinoak, kolore bateko edo besteko larrua zutenak, sagu dantzariak... Azken horiek barne-belarrian akats bat dute, eta, horren ondorioz, dantzan ariko balira bezala mugitzen dira. Akats hori herentziazkoa da.
Laborategietan gehien erabiltzen den sagu-barietatea Txinan garatutako haien oinordea da. C. C. Little genetikari estatubatuarrak sortu zuen 1921ean. Familia bereko sagu batzuetatik abiatu zen, eta, 20 belaunaldi gurutzatuta, genetikoki uniformea den barietate bat lortu zuen. Berdintasun genetiko hori oso garrantzitsua da esperimentu guztiak kondizio beretan egiteko eta emaitzak alderatu ahal izateko.
Gainera, barietate lasaia da, ez oso oldarkorra, eta, horregatik guztiagatik, laborategiko animalia ohikoena bihurtu da. Oso baliagarria izan da giza fisiologia eta biologia aztertzeko, eta gaixotasun askoren gakoak topatzeko. Esate baterako, haiei esker, hainbat minbizi-motarekin lotutako gene asko identifikatu eta aztertu dituzte ikertzaileek, eta, alkohola eta beste droga batzuk gustuko dituztenez, mendekotasunak ikertzeko ere erabiltzen dituzte.
Baina hautespen genetikoa ez ezik, eraldaketa genetikoa ere erabiltzen dute ikertzaileek saguak haien beharretara moldatzeko. Nolabait, gizakiaren neurriko saguak lortzen dituzte. Hain juxtu, genetikoki eraldatutako sagu batzuk lortu zituzten ikertzaileei eman zieten iazko Fisiologia edo Medikuntzako Nobela . Zehazki, gene jakin batzuk inaktibatuta zituzten saguak sortzeko teknika garatu zuten.
Sagu horiei knockout deitzen zaie, eta 1989an argitaratu zen horrelako saguekin egindako lehen ikerketa. Ordutik, era horretako sagu-mota asko sortu dituzte, ikertu nahi izan dutenaren arabera: enbrioiaren garapenetik hasita, gaixotasun larrienetara arte, eta baita gene-terapiaren eragina aztertzeko ere. Horretarako, aztertu nahi duten genea inaktibatzen dute, eta horrek zer eragin duen ikusten dute.
Saguak genetikoki eraldatzeko beste modu bat da giza geneak txertatzea haien genoman. Horrelako saguei transgeniko deitzen zaie, eta lehenengoa 1982an lortu zuten, arratoi-gene bat txertatuta sagu bati. Ikerketa ugari egin dituzte eta ari dira egiten, helburu desberdinekin: gene jakinen funtzioa eta jarduera aztertzeko, gene-terapiako esperimentuak egiteko...
Hala ere, ikertzaileek oraindik lan asko dute egiteko. Helburuetako bat da saguaren mapa genetikoa erabat osatzea; jakitea, ez bakarrik non dagoen eta zertarako den gene bakoitza, baizik eta nola kontrolatzen den haren jarduera. Horrez gain, saguak genetikoi eraldatzeko beste metodo batzuk garatzeko ari dira lanean ikertzaileak.
Esate baterako, Nguyen eta Xu transposoiekin ari dira ikertzen. Transposoiak genomaren leku batetik bestera mugi daitezkeen DNA-zatiak dira, eta ikertzaileek horietaz baliatu nahi dute saguaren gene jakin batzuk inaktibatzeko, eta, inaktibatzeak saguan sortzen duen eragina ikusita, genearen funtzioa ondorioztatzeko. Hau da, helmuga berera iristeko beste bide bat topatu nahi dute, orain artekoak baino errazagoa eta azkarragoa.
Nguyenek eta Xuk ez dute zalantzarik: gizakiaren eta saguaren arteko harremanak oinarri sendoak ditu, eta etorkizun luze eta oparoa izango du. Hala ere, oraindik izango da saguek nazka ematen diotenik...
Gara -n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia