}

Saguak sortu dituzte, bi arren genomekin

2025/01/29 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

saguak-sortu-dituzte-bi-arren-genomekin
Arg. Zhi-kun Li et al

Txinako Zientzia Akademiako zientzialariek metodo bat asmatu dute saguen zelula ama arrak obulu bilakatzeko. Zelula horiek espermatozoideekin ohi bezala ernalduta, eta sagu eme baten umetokian ezarrita, gai izan dira garatzeko eta normal jaiotzeko. 

Cell Stem Cell aldizkarian argitaratu dute prozedura, eta garbi utzi dute, oraingoz, pentsaezina dela gizakietan erabiltzea.

Artikuluan ikertzaileek azaldu dutenez, espermatozoideetatik obuluak eratortzeko prozesuan malformazioak eta akatsak sortzen dituzten geneak identifikatzea izan da lehen pausoa. Izan ere, espermatozoideek (baita obuluek ere) beren arrastoa uzten dute haietatik eratorritako zeluletan; beraz, arrasto hori ezabatzea izan da lehen helburua. Horretarako, aurrena espermatozoide bat txertatu dute genomarik gabeko obulu batean, eta espermatozoidearen genomaren 20 eremu eraldatu dituzte.

Behin hori lortuta, berriro material genetikorik gabeko obulu batean txertatu dute zelula hori, eta espermarekin batu dute. Horrela, bi genoma dituzten zelula pluripotenteak lortu dituzte. Hurrengo pausoa enbrioia sagu eme baten umetokian ezartzea izan da. Azkenik, bi aitaren geneak dituzten saguak lortu dituzte, amaren generik gabe.

Ez da halakorik lortzen den lehen aldia, baina aurrekoan XY zelulak XX bilakatuz egin zuten. Orain Y eta Y elkartuta egin dute. Bereziki, arrastoa ezabatzeko metodoa nabarmendu dute.