}

Saguaren genoma

2002/12/05 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Laborategian maiz erabiltzen den sagu baten genoma sekuentziatu dute, Mus musculus saguarena, hain zuzen.

Pixkanaka, genoma osoak sekuentziatzeko proiektuak burutzen ari dira zientzialariak. Deigarriena gizakiarena izan zen, baina beste izaki batzuek ere jaso dute biokimikarien arreta. Oraingoan, etxe-saguaren ( Mus musculus ) txanda da. Helburu hori lortzeko nazioarteko partzuergo bat osatu zen, eta beren lana 2003an bukatuko zutela iragarri bazuten ere, dagoeneko argitaratu dituzte emaitzak.

Etxe-saguak ikerketa askotan hartu du parte. Izan ere, horretarako hazi dute, oso inguru kontrolatuan, eta, konposatu kimikoak eta laborategiko tresneria bezala, katalogo bidez eros daiteke. Hain zuzen, C57BL/6J barietateko etxe-saguaren genoma deskodetu dute. Barietate horretako saguak asko erabiltzen dira laborategietan. Lerro horretako sagu guztiak Abbie Lathrop andereñoak XX. mendearen hasieran hazi zituenetik datoz.

Beraz, saguaren genoma garrantzitsua da biomedikuntza-ikerketan, animalia hori asko erabiltzen delako laborategietan. Ikerketa horietako askotan saguari mutazioak eragiten dizkiote zientzialariek, eta, beraz, zona bakoitzean zer dagoen aldez aurretik jakitea oso baliagarria izango da.

Gizakia eta sagua

Giza genomarekin konparatu, eta ondorio asko atera dituzte biokimikariek. Adibidez, gizakiaren kasuan gertatu zen bezala, espero zuten baino gene gutxiago aurkitu dituzte: guztira 30.000 gene aurkitu dituzte, eta horietako % 96 giza genoman ere aurkitu zituzten.

Desberdintasunak badira, noski, esate baterako, zentzumen-sistemarekin zerikusia dutenak: P450 zitokromoaren lau gene-azpifamilia gizakiarenak baino askoz zabalagoak dira. Beste adibide bat APOAV genea da: lipidoen metabolismoan parte hartzen duen proteina bat kodetzen duena. Esparru hori ondo aztertuta badago ere, saguaren genomak material berria ekarri die adituei ikerketa zabaltzeko.

Geroz eta genoma gehiago deskodetzen ari diren arren, guztiz sekuentziatutako ugaztunenak oraindik urriak dira. Horregatik, saguarena garrantzitsua da bide horretan aztergai berria ekarri duelako. Arratoiarena deskodetzeko proiektua ere martxan dago; lehen emaitzak eskuragarri daude Interneten. Ikerketa-lerro horrek garrantzi handia du, arratoia sagua baino handiagoa denez, organismoaren eredutzat jo delako ikerketa askotan.

Lehentasunak

Dena dela, genoma bat sekuentziatu dela esaten denean, ez da ulertu behar guztiz lortu denik. Azken urratsak oso konplikatuk dira, eta, beraz, hutsune 'txiki' batzuk falta dira betetzeko. Egoera horretan daude, besteak beste, gizakiaren, saguaren eta arratoiaren genomak. Baina lan gehientsuena eginda dagoen kasuetan, laborategiek beste proiektu batzuk jartzen dituzte abian lehentasun-irizpide batzuen arabera.

Hala ere, zientzialari guztiak ez daude ados irizpide onena zein den erabakitzeko. Batzuen ustez, oilaskoa, txinpantzea eta erlea alde batetik eta onddoak, itsas trikua eta Tetrahymena thermophila bestetik, dira lehentasunezkoak. Beste aditu batzuentzat behiak eta zakurrak izan beharko lukete helburu nagusia.

Nolanahi ere, saguarekin urrats handia egin bada ere, izaki asko eta asko falta dira genomen ikuspuntu orokorra lortzeko. Gainera, deskodetu direnekin ere ahalegin handia egin behar da genoma horien proteomika ulertzen hasteko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia