}

Saguaren hiru dimentsioko atlasa osatu dute

2001/04/11 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Munduko atlasa osatzeko ehunka urte behar izan baziren ere, gene- esploratzaileek erabiliko duten saguarena egiteko bost urte besterik ez da behar izan. Hain zuzen ere, Nature aldizkariko web gunean argitaratutakoaren arabera, erresonantzia magnetikoaren bidezko irudiekin osatutako sagu-enbrioiaren atlasa aurkeztu dute Kaliforniako ikertzaileek hil honetan.

Orain arte, saguekin ikerketak egiten zituztenek ez zuten erreferentziarik. Ugaztunen gero eta gene gehiago ezagutzen ari direnez, geneek non eta nola eragiten duten jakitearekin batera, horiek kokatzeko eredu bat behar zen.

Erresonantzia magnetikoaren bidezko irudiak asko erabiltzen dira giza organoen eta ehun bigunen irudiak lortzeko eta, oraingoan, sagu-enbrioi ñimiñoen planoak aztertzeko erabili dituzte. Irudi horiek hiru dimentsioko eredu digital batean jarri eta edozein angelutatik ikusi ahal den enbrioia osatu dute. Laster, enbrioiaren hazkuntza egunero aztertuz, lau dimentsioko mapa egiteko asmoa dute. Horrela, saguaren garapena espazioan eta denboran zehar ikus ahal izango da.

Teknika tradizionalean, enbrioiak xerratan ebaki eta argazkiak ateratzen zaizkie. Erabilitako irudi-teknikarekin, aldiz, ehunak okertzea eta distortsionatzea ekidin dute. Dena dela, badu eragozpen bat, zelula-barneko egiturak ezin baitira ikusi.

Zientzialariek gene-adierazpenen datuak atlasean kokatzea da hurrengo erronka. Horrela, gero eta osatuagoa litzatekeen datu-basea lortuko litzateke. Beste datu biologiko batzuk ere gehi dakizkioke mapari, esate baterako, nerbio-konexioak eta zelula-migrazioen ereduak.

Bestalde, garatzen ari diren beste organismoen mapak osatzeko egitasmoak martxan dira. Dagoeneko giza garunaren mapa digitala egiten hasi dira, eta euliarena eta oilaskoarena egitea proposatu dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia