Saguek larruazaletik detektatzen dute oxigenoa
2008/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gorputzak biriken bitartez detektatzen du zenbat oxigeno dagoen airean, baina larruazalak ere izan dezake funtzio hori. Ondorio horretara iritsi dira Kaliforniako Unibertsitateko biologoak, saguekin egindako ikerketa batean.
Ikertzaileak larruazaleko minbizia aztertzen ari ziren. Halako batean, konturatu ziren larruazalarekin erlazionatutako gene bat ez zuten saguek odola lodi-lodia zutela. Nonbait, gene hori gabe, larruazalak globulu gorriak ekoizteko seinalea igortzen zion gorputzari.
Hurrengo saioetan, ikertzaileek frogatu dute EPO hormona ekoizteko prozesuetan parte hartzen duela larruazalak. Hain zuzen, oxigeno gutxi dagoenean, gorputzak EPO hormona sortzen du, eta, orduan, globulu gorriak ekoizten ditu. Oraindik ez dakite nola detektatzen duen larruazalak aireko oxigenoa, baina ikusi dute biriketan oxigenoa detektatzen duten potasio-kanalen berdinak dituztela saguek larruazalean.
Ikertzaileen esanean, pertsonek ere ahalmen hori badute, anemia-mota batzuk tratatzeko bide berri bat ireki daiteke. Halaber, goi-mailako kirolarientzat baliagarria izan daiteke.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia