Saguzar arrantzalea
2006/03/01 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Lau saguzar harrapatu eta haien gorotzak aztertu zituzten: guztietan arrain-ezkatak agertu ziren, baita ornoak ere zenbait gorotzetan. Beraz, saguzar hankahandiek arrainak jaten dituzte; baina... kasualitate hutsez? Ohiko elikagaia dute? Noizbehinkakoa? Arrainak bizirik arrantzatzen dituzte edo hildakoak jaten dituzte? Ikerketa sakonagoa eskatzen zuten galderak sortu ziren.
Opor-lekua igerilekuarekin
Saguzar hankahandien pisziboriaz gehiago jakin nahian, ikerketarako gunea prestatu zuten mendian bertan: kanpin-denda handi bat, barruan putzua eta nahi adina janari zituena, eta bost saguzarrentzako lo-leku bakanduekin; bainuetxe baten antzera!
Putzuan Gambusia holbrooki espezieko arraintxoak jarri zituzten, 3 cm inguru luze eta 0,25 gramo ingurukoak. Horrez gain, saguzar hankahandiaren ohiko elikagai diren intsektuak ere askatu zituzten denda barruan. Agertoki horretan, gauez, 4,5 orduz askatzen zituzten saguzarrak eta grabatu egiten zituzten bideoan, argi infragorriaz baliatuta. Gaua amaitzean, saguzar bakoitza bere lo-lekuan sartu eta haien gorotzak jasotzen zituzten aztertzeko.
Saguzarrak hainbat gautan askatu zituzten, eta gau bakoitzean gero eta arrain gehiago jarri zituzten sakonera gero eta txikiagoan. Hala, lehen gauean, 50 arrain (33,3 ale/m 2 ) jarri zituzten putzuan, 2,5 cm-ko sakonerarekin. Saguzarrek 47 aldiz ukitu zuten ur-azala indar gutxirekin, baina ez zieten jaramonik egin, ez arrainek egindako uhinei ez eta arrain hilei ere. Kontuan izan saguzarren ekolokalizazioak ezin dituela urpeko gauzak detektatu, baina bai ur-azalekoak edo uretik kanpokoak; hala ere, ez zuten arrainen uhinekiko edo arrain hilekiko interesik agertu. Intsektuak, aldiz, ehizatu zituzten, ur-azaletik hartuz. Noski, ez zen arrainen arrastorik agertu, ez gorotzetan ez kanpin-denda barruko beste inon.
Bigarren eta hirugarren gauetan arrain-kontzentrazioa gehitu zuten eta uraren sakonera txikitu. Hala, hirugarren gauean 600 arrain (400 ale/m 2 ) jarri zituzten zentimetro bakarreko sakonera zuen uretan. Gau hartan, saguzarren portaera aldatu egin zen: 6.268 aldiz jo zuten ura, askotan indar handiz, betiere hildako arrainei jaramonik egin gabe. Arrain biziak harrapatu nahian zebiltzan, eta, bideoak argitu zuenez, bi arrainek, gutxienez, egin zien ihes atzaparretatik. Ondoren, saguzarren gorotzetan arrain-ezkatak eta hezurrak aurkitu zituzten, eta, kanpin-dendako hainbat gunetan, hezurrak, ezkatak eta sei arrain burua janda agertu ziren.
Beraz, saguzarrek arrainak bizirik harrapatu eta jaten dituztela baieztatu zuten J.R. Aihartzak eta haren taldekideek. Dena den, pentsa liteke hirugarren gauerako zerbait ikasiko zutela saguzarrek.
Horregatik, kontrol gisa, bigarren saguzar-talde bat harrapatu (lau saguzar) eta dendan sartu zituzten, gauez, eta putzuan 600 arrain, zentimetro bakarreko sakoneran jarrita. Ura askoz gutxiagotan ukitu zuten, bai, 829 aldiz, harrapaketaren osteko estresaren eraginez edo. Baina, era berean, haien ehiza-portaera aurreko taldeak erakutsitako bertsua izan zen: kolpez jotzen zuten ur-azala behin eta berriro, atzaparrak ur azpira gogor sartuz. Ehiza-saioaren ondoren, kontrol-taldearen gorotzetan zein kanpin-dendan arrain-hondarrak agertu ziren, berriz ere. Hala, baieztatu zuten saguzarrek, beren ohiko jardueran, arrain ugariren presentzia nabaritu eta arrantzari ekin ziotela.
Arrainjale hutsak ez
Gorotzetatik (denda barruko saguzarrenak zein 2003tik 2005era kanpoan harrapatutakoenak) eta hondakinetatik jasotako datuak eta irudien grabazioak aztertuta, hainbat ondorio eta hipotesi plazaratu dituzte ikertzaileek.
Saguzar hankahandiak arrainak harrapatzen ditu, arrain-dentsitatea handia eta/edo ura oso azala denean. Gainera, ikerketan erabili dituzten saguzar guztiek portaera bera dute arrantzarako, nahiz eta saguzarrak toki desberdinetan harrapatu. Izan ere, saguzar-espezie horrek ur-azaletik harrapatzen ditu intsektuak askotan, horretarako urarekiko paralelo hegan eginez eta ekolokalizazioa erabiliz. Baina, horretan ari direla arrainak maiz ukitzen badituzte atzaparrekin, orduan, ura bortitzago jotzen hasten dira eta arrainak harrapatzen saiatzen dira, uretarako hurbiltze-ibilbide bertikalagoa erabiliz.
Era berean, ondorioztatu dute arrantzarako portaera zoriz abiarazten duela intsektu-ehizan zehar arrainekin izandako nahi gabeko kontaktu-kopuruak, urpean dagoena ezin baitute ekolokalizazioaz detektatu, ezta bistaz ere.
Bestalde, erdi-janda aurkitutako arrainen arabera, arrainak burutik hasita jaten dituzte saguzarrek. Horrek adierazten du saguzarrek badakitela zer egin arrain bat harrapatzen dutenean. Kontuan izan behar da arrainak osorik jaten dituzten hegaztiek, esaterako, burutik hasita irensten dituztela arrainak, ezkatak, hezurrak eta hegatsak eztarrian traba ez dakizkien. Hala ere, arrainak ez dira saguzar hauen oinarrizko elikagaia urte guztian zehar, gutxitan agertzen baitira hondakinak gorotzetan.
Horrela bada, agertoki hipotetiko bat irudikatu dute ikertzaileek arrantza-portaera hori azaltzeko asmoz.
Saguzar hankahandia Mediterraneo itsasoaren inguruan bizi da, hau da, udan lehorteak ohikoak diren tokietan. Lehorte horien eraginez, askotan sortzen dira erreka-putzu txikiak, sakonera gutxikoak eta arraintxoz gainezka daudenak. Eta, espezie honen ohiko elikagaia ur-azaleko intsektuak direnez, oso ohikoa izango da nahi gabe arrainak ukitzea atzaparrekin; horrek, eboluzioan, arrainak ustiatzeko gaitasuna gararaziko zukeen, eta berariazko portaera sortu.
Hala, denboran eta espazioan noizbehinkakoak, baina nahiko ohikoak, diren kondizioetan oso ugaria den baliabidea ustiatzeko modua egin bide du saguzar hankahandiak. Eta agertoki hori bat dator Valentzian egindako ikerketekin.
Dena den, saguzar hankahandia ez da arrainak jaten dituen saguzar bakarra. Izan ere, Myotis vivesi eta Noctilio leporinus espezieak arrainak jatetik bizi dira. Horiez gain, badira oso tarteka arrainak jaten dituzten espezieak ere. Adibidez, aipatu izan da Daubenton saguzarrak ( Myotis daubentonii ), inoiz, harrapatu izan duela arraintxoren bat edo beste, erabat frogatuta ez badago ere. Azken hori Euskal Herrian ere bizi den espeziea da, gainera.