Saharako hondarra, euri-iturri
2001/04/15 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Turkiako eta, oro har, Ekialde Ertaineko eremu askotan ura preziatua bezain urria da. Horregatik, altxor hori kontrolatu eta bereganatzearren guda bat baino gehiago izan da inguru horietan. Izan ere, Siriak eta Irakek Tigris eta Eufrates ibaiek dakarten uren beharra dute eta biek Turkiako mendi-gailurretan dute iturburua. Uraren inguruan mamitzen da Ekialde Ertaineko herrien historia
Badira 5.000 urte inguru gizakiek lurralde horietan herriak eraikitzea erabaki zutela. Ordura arte elikagaiak ehizatik eta landare-bilketatik lortzen zituzten, baina ibai horien ertzetako lur eta klima egokiei esker, herri nekazariak sortu ziren. Mesopotamiari "ibaien arteko lurra" deitu zioten eta, lur horiek zeharkatzen dituzten bi ibaien ustiaketan oinarrituta, herri sumertarrak, asiriarrak eta babiloniarrak kultura aberatsak eta inperio boteretsuak bilakatu ziren.
Horretarako, naturaren indarra beren mesederako erabiltzen ikasi zuten. Aldian-aldian izaten ziren uholdeak kontuan izan eta dikeak, presak eta ureztatzeko ubideak eraiki zituzten. Horrela, garaiko herri aurreratuenetakoak izatea lortu zuten. Aro berean, egiptoarrek eta txinatarrek ere inperio indartsuak eraiki zituzten eta bi herri horiek ere ibaien inguruan garatu izana oso adierazgarria da.
Denborarekin, ordea, mesopotamiarren indarra ahuldu eta aurrena grekoek eta gero erromatarrek menpean hartu zituzten lur horiek. Greziarrek eta erromatarrek, aurrekoek ez bezala, itsasoan oinarritu zuten beren boterea. Itsasoa ez zen baliabide-iturria soilik; beste herriekin harreman kulturalak eta truke komertzialak izateko bidea zen batez ere. Mediterraneoko nagusiak bilakatu ziren eta, nabigazio-sistema aurreratuenen ezagutzari esker, salgaiak denbora gutxian eta noranahi garraiatzeko ahalmena zuten. Ekialde Ertaineko lurrak nekazaritzarako oso egokiak izaten jarraitzen zutenez, bai greziarrek baita erromatarrek ere haiek ustiatzea helburutzat hartu zuten. Lursailak ureztatzeko lehen eraikitako azpiegituraz gain, presa eta ubide gehiago egin zituzten.
"Hurrengo guda uragatik izango da"
Gaur egun ere, Ekialde Ertainean uraren kontrolagatik gatazkak sortzen dira, batez ere iturri bera herrialde bat baino gehiagoren eskutan dagoenean. Ura historikoki arazo-sortzaile izateaz gain, aurrerapen teknologikoek gai komertzial bihurtu dute eta helburu ekonomiko eta politikoak lortzeko erabil daiteke. 1987an Boutros Galik hurrengo guda uragatik izango zela iragarri zuen. Eta ez zebilen oso oker, Turkia, Siria eta Iraken arteko harremanak oso gaiztotuta baitaude Tigris eta Eufrates ibaietako uren erabilera dela eta.
Turkiak 1992an Ataturk presa ikaragarria eraiki zuen, baina etorkizun hurbilean burutu nahi duen egitasmoak, ziurrenik, arazoa larriagotu egingo du. Turkiarren asmoa "Pakearen Ubidea" eraikitzea da, bere lurrak zeharkatzen dituzten Ceyhan eta Seihan ibaien urak bildu eta inguruko herrialdeei saltzeko.
Argi dago, beraz, uraren kontrolak lehentasuna duela Turkiarentzat. Herrialde horretako eremu askok ez dute behar adina urik jasotzen eta, adibidez, Turkiak erabiltzen duen energiaren % 30 zentral hidroelektrikoetan sortzen denez, lehorte-garaietan toki askotan argirik gabe gelditzen dira. Horretaz gain, ibaietako behe-ibilguan dauden herrialdeak ere sumatzen dituzte kalteak, batez ere nekazaritzan.
"Tximeleta-efektua" edo basamortua elur-eragile bihurtua
Zalantzarik gabe, uraren menpe eta haren gabeziaren beldur bizi dira Ekialde Ertainean, bai nekazari xumeak baita goi-mailako zientzialariak ere. Horietako bat Cemal Saydam ikertzaile turkiarra da. Bere herrialdean izandako prezipitazioak eta Saharako hondar-hautsaren arteko erlazioa bilatzen jardun du. Horretarako, Turkiako ekialde menditsuko elur-neurketak bildu zituen alde batetik eta, bestetik, hondar-ekaitzen mugimenduak aztertu zituen. Datuak alderatu eta bien artean lotura zegoela ikusi zuen, "tximeleta-efektua" egiaztatuz.
Meteorologoek "tximeleta-efektua" izenez ezagutzen duten fenomenoaren arabera, tximeleta baten hegaldiak airean sortzen duen dardarak, atmosferan biderkatu ondoren, maila handiko aldaketa eragin dezake. Harrigarria den arren, antzeko gertakariak behin baino gehiagotan frogatu dira. Horietako adibide garbia da, hain justu, Saharako hondar-ekaitzek Turkiako lurralde menditsuetan elur-prezipitazioa eragitea. Nonbait, Saharan sortutako hodeiek, Mediterraneo gainetik pasatzean, hezetasuna biltzen dute eta, antza denez, hondar-hautsak prezipitazioak areagotzen ditu.
Zergatik da, baina, hondar-hautsa hain euri-eragile ona? Horri erantzuna emateko, ikertzaileek ganbera hotz berezi bat erabili zuten. Han, elur-kristalak eratzeko prozesuan, hondar-aleen eta ur-tantatxoen jokaera aztertu zuten. Eta hauts arruntak hodeietan izotz-kristalak sortzen dituela jakina den arren, Saharako hondar-hautsak prozesuaren abiada areagotzen duela izan zen gehien harritu zituena.
Herri-jakinduriak dioen bezala, kalitatea kantitatea baino garrantzitsuagoa da, eta Saharako hondarrak ere arau hori betetzen du. Horiek eratzen dituen izotz-kristalak hauts atmosferiko arruntak eratutakoak baino lau aldiz handiagoak dira. Ondorioz, prezipitazioak bortitzagoak dira eta azkarrago gertatzen dira. Gainera, izotz-kristalak eratzeko behar diren tenperatura, hezetasun eta hondar-partikulen neurri egokiak zehaztu ahal izan zituzten.
Orain, ikerketak azaldutakoa beren mesederako erabili nahi dute turkiarrek. Nola, ordea? Saharako hondar-hautsaren ezaugarri paregabeak ezagututa, hodei-ereintzan erabiltzeko asmoa dute. Diotenez, hegazkin txiki batzuk besterik ez dituzte behar. Sateliteek tenperaturaren eta hodeien nondik norakoaren berri ematen dietenez, unerik egokiena jakin dezakete. Gehiegizko euri-jasak saihesteko, tenperatura hotzen zain omen daude, sortutako prezipitazioa elur moduan eror dadin. Eta siriarrek eta irakiarrek dagoeneko euritakoak zabaldu omen dituzte.
HODEI-EREINTZA
Gizakiaren ametsetako bat euria nahi edo komeni den tokian eta unean eginaraztea izan da. Garai batean, euria eragiteko zeruko jainkoei otoitz egiten zieten eta, oraindik ere, hainbat herritan gordetzen dira euri-erreguekin lotutako ohiturak. Zientzia jainko bihurtu den garai hauetan, aldiz, gizakiak ikertzaileen eta zientzialarien eskuetan jarri du euria eginarazteko itxaropena. Horrela, beste behin ere, natura menderatzeko saioari ekin eta, hodei-ereintzari esker, euri artifiziala egiteko modua lortu dute.
Hodei-ereintza ez da teknika berria; badira ia 50 urte Irving Langmuir-ek, 1932 urtean Kimikako Nobel saria jaso zuenak, Estatu Batuetan euria kontrolatzeko gai zela iragarri zuela.
Metodo bat baino gehiago ezagutu arren, gehien erabiltzen dena hodeietan euria eragiten duen substantzia kimikoren bat txertatzean datza, adibidez, zilar-ioduroa. Hainbat saio egiten ari dira munduko toki askotan, uraren beharra orokorra baita, batez ere, nekazaritza intentsiboak sortzen dituen beharrengatik. Baina emaitzak ez dira nahi bezain fidagarriak eta, gainera, saioak garestiak dira.
Hala ere, beste metodo batzuekin ere saiatu dira eta, diotenez, arrakastatsuena Mexikoko iparraldean orain dela hiru urte probatu zutena da. Aldi hartan, kea zabaldu zuten hodeien azpialdean hegazkin batekin. Ke horrek ura xurgatzen zituen partikulak zituen eta, horien eraginez, hodeietako ur-tantak milimetro baten neurrikoak izan arte elkartzen ziren. Ondoren, lurrera erortzen ziren, euri moduan. Estatu Batuetako Meteorologia Elkartearen arabera, metodo hori oso eraginkorra da eta saio gehiago egiteko asmoa dute.
Baina, zer ondorio ditu euri artifiziala eragiteak? Naturan albo-eragin okerren bat izan dezakeela pentsatzeak zentzuzkoa dirudi, beraz, hori ikertzea ere ez legoke gaizki.
Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia