Sakeleko mikroskopio merkea
2014/05/20 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Polidimetilsiloxanoa, silikona garden bat, oso egokia da leiar txiki eta merkeak egiteko. Hain zuzen ere, Australiako Unibertsitate Nazionaleko Steve Lee ingeniariak horrelako leiarrak baliatu ditu smartphoneei itsatsi eta telefonoak mikroskopio bihurtzeko.
Teknikoki, prozesua sinplea da: polimero-tanta bat zabaltzen utzi, eta labean berotzen du 70 ˚C-an, leiarraren oinarria izateko; oinarriari beste tanta bat gehitu, irauli, eta grabitateak parabola-forma ematen dio; berriz ere labean gogortuta, leiarra prest dago.
Leiar horrekin, bateria txiki batekin eta LED argi batekin, telefonoa mikroskopio bihur daiteke, eta 2 dolar inguruko prezioa izan dezake. Ez da kalitate handikoa, baina, fabrikatze-prozesua oso sinplea dela kontuan hartuta, merkatuan dauden beste mikrokopio txikien lehiakide izan daiteke. Berez, irudia 160 aldiz handitzen du, eta horrekin 4 mikrometroko bereizmena lortzen da, ia bakterio baten tamainaren bereizmena.
Hain zuzen ere, mikroskopioak interesa sortu du medikuntzaren arloan. Orain, adibidez, larruazala gertutik aztertzeko, dermatoskopio izeneko tresna erabiltzen da, mikroskopio garesti bat, gutxienez 500 dolarreko tresna bat. Smartphone batekin egindako dermatoskopioa ordezko merkea da, eta, gainera, irudia jaso eta azkar bidal dezake edozein tokitara.
Dena den, optikaren esparruko ikertzaile batzuek zalantzak dituzte Leeren metodoaren abantailei buruz. Alde batetik, metodo honekin ez da erraza leiarraren kurbatura zehatz-mehatz kontrolatzea, eta formak eragin oso handia du leiarraren kalitatean. Beste alde batetik, metodoa ez da egokia 1,3 cm baino gehiagoko leiarrak egiteko. Oraingoz, behintzat, Leek garatutako metodoa smartphoneen mundura mugatuta dago.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia