Santiago Grisolía giza genomaz aritu zen Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean
2002/05/10 Lasa Iglesias, Aitziber - STEAM Hezkuntza arloko arduraduna
‘Giza genomaren proiektua: bere eragina gizartean’ izenburuko hitzaldiarekin aritu zen atzo Santiago Grisolía. Gaur egun, besteak beste, giza genoma ikertzeko UNESCOk duen lantaldearen buru da Grisolía doktorea, eta irabazi dituen sari askoren artean, ikerkuntza zientifiko eta teknikoaren ataleko Asturiasko Printzearen Saria jaso zuen 1990ean. Santiago Grisolía Valentzian jaio zen 1923an; Medikuntza ikasi zuen eta, 22 urte zituela, New Yorkera joan zen Severo Ochoak zuzentzen zuen Biokimika Departamentuko bekadun gisa. Kansasen jarraitu zuen karrera, eta bertako unibertsitateko Biologia Molekularreko Departamentua zuzendu zuen. Estatu Batuetan urte luzeak eman ondoren, 1977an Espainiara itzuli zen Valentziako Ikerkuntza Zitologikoen Institutua zuzentzera.
Atzoko bere hitzaldian, genoma zer den azaldu zuen eta, hortik abiatuz, zertarako erabili daitekeen eta horren inguruko teknika berrien ikerkuntza-lerro nagusiak zein diren ere aipatu zuen. Ikerkuntza zientifikoaren alde agertu zen, oro har, eta entzuleen zenbait zalantza ere argitu zituen.
Hitzaldiaren zati bat gaixotasunen eta genomaren arteko erlazioaren ingurukoa izan zen. Grisolíaren hitzetan, gaixotasun guztiek dute oinarri genikoa, eta, beraz, neurri baten behintzat, gaixotasun bera ez da modu berean adierazten gizaki guztiengan. Beraz, botikak ere pertsona bakoitzari egokitzea litzateke aproposena. Baina, gaur egun, farmazia-industriek gaixotasunak sendatzeko botikak diseinatzen dituztenean, gaixoen batez bestekoa hartzen dute kontuan. Hori bai, genoma guztiz bukatu eta, are gehiago, ulertutakoan, eta mikrotxipak erabiliz, gaixoen ezaugarri genikoak aztertu eta norbanako tratamenduak diseinatu egin ahal izango dira Grisolíaren aburuz.
Transplanteak direla eta, teknika horretan genetikak izan dezakeen eragina ere aipatu zuen eta gizakiaren zahartze-prozesuaz ere oso arduratuta dagoela adierazi zuen. Alzheimerrari dagokionez esan zuen saguekin egin diren ikerketek erakutsi dutela burua asko erabiltzea alzheimerrari kontra egiteko metodo oso ona dela.
Hitzaldia bukatzeko, honako hau esan zuen zientziak gizartean izan dezakeen eragina dela eta: zientziaren aurrerapenen alde onak askoz ere garrantzitsuagoak dira ekar ditzakeen alde txarrak baino.
Bidebarrieta Kulturgunean badago beste hitzaldirik ere entzuteko. Programaren berri, hemen .
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia