Saridunekin solasean
2004/02/01 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Egileak: Oihana Izagirre eta Oihane Lakar
Ibaien ekologiari buruz idatzi duzue, puri-purian dagoen gaia, ezbairik gabe. Nolatan aukeratu duzue gai hori artikulurako?
(Oihana) Ibaien ekologiari buruzko tesia egiten ari naiz, eta Oihanek laguntzen digu laginketan. Idazteko gogoa geneukan eta gaiak zein behar zuen argi zegoen.
Zein da Euskal Herriko ibaien egoera?
(Argazkia: E. Imaz).Batzuk oso ondo daude; adibidez, Urumea Hernani arte oso ondo dago, Zarama ere bai... Kalitate kimikoari dagokionez, Deba dago okerrena. Baina, orokorrean, ari dira bere onera etortzen. Morfologikoki egoera ez da hain ona: kanalizazioak daude denean, ibai ertzeko basoak falta dira... alde horretatik oso gaizki daude.
Kontua da Europako lege berri baten arabera 2015erako egoera ekologiko onean egon behar dutela ibai guztiek. Egoera ekologiko onean egoteak eskatzen du ibaiak dagozkion alga, ornogabe eta arrain guztiak izan behar dituela, sustratu egokia, metabolismoa ere behar bezalakoa... eta baita ibar-basoak egoera morfologiko onean egotea ere; hau da, morfologikoki ere ahalik eta egoera onenean egon behar dute, adibidez, arrainen migrazioak posible egiteko.
Euskal Herriko ibaietan lortuko da 2015erako legea betetzea?
Euskal Herriko biologo guztiek lan egin beharko lukete. Ibaiak duela urte batzuk baino askoz hobeto daude, baina oraindik lan asko dago egiteko.
Zehazki zer egin beharko litzateke?
Egoera onean dauden ibaiak erreferentzi gisa hartu eta beste ibaietan egoera hori lortzea izango litzateke helburua. Baina arazoa da ez dagoela neurketak egiteko metodologia sistematikorik. Eta metodologia hori da gure lanaren helburuetako bat.
Europako gainerako herriek guk adina arazo izango dituzte legea betetzeko?
Egoera oso desberdinak daude. Europako herri askotan guk baino tradizio handiagoa daukate halako gauzetan, eta egoerarik txarrenean dituzten ibaiak Euskal Herriko onenen parekoak dira. Estatu guztietan legea bateratzean egoera txarrean dauden herriak ezingo dira atzean geratu, eta pentsatzekoa da isunak iritsiko direla.
Egileak: Aitzol Ezeiza, Karmele Lopez de Ipiña eta Montxo Lopez de Ipiña
Zuen lanaren izenburuak Blade Runner filmeko androideak ekartzen ditu gogora; haietako batzuek emozioak sentitzen zituzten. Zer kontatzen duzue artikuluan?
Robotikan gabiltzanoi batzuetan nahiko hotzak egiten zaizkigu robotak, eta hortaz hitz egiten dugu. Montxok, berriz, ideiak irudien bidez interpretatzen ditu.
(Argazkia: E. Imaz).Zein helbururekin egin behar dira robotak?
Helburua guri laguntzea eta oztopo gehiago ez jartzea da. Robotikaren mundua hori aztertzen ari da. Gizatasuna faktore garrantzitsua da. Adibidez, konputagailu batekin lan egiten baduzu, erantzun egokia jasotzeko bide bat makina hori zure emozioak interpretatzeko gai izatea da. Hurbilagoa egiten du. Eta edozein erabaki arrazional hartzeko ere geroz eta gehiago onartzen da onuragarria dela emozioak kontuan izatea.
3. saria:
Egileak: Aitziber Mendiguren, Luis F. Callado eta Joseba Pineda
(Argazkia: E. Imaz).Zergatik aukeratu duzue kafeina gaitzat?
Orokorrean, departamentuan menpekotasunarekin erlazionatutako substantziak ikertzen ditugu. Horregatik aukeratu genuen kafeina. Gainera, munduan gehien kontsumitzen den estimulantea da.
Kafeinak menpekotasunik sortzen du?
Menpekotasun fisikoa eta psikikoa bereizten dira. Animalietan eta gizakietan abstinentziaren zeinu kimikoa ikusi da, beraz, menpekotasun fisikoa sor dezake. Menpekotasun psikikoa —hau da, droga askatasunez uzteko gai garen— oraindik ez da frogatu. Artikulua idazteko, lan asko ikertu ditugu, baina ez dugu ondorio garbirik lortu, beste drogek ez bezala eragiten duelako.
Egilea: Gorka Azkune Galparsoro
(Argazkia: E. Imaz).Zertaz idatzi duzu artikuluan?
Energia nuklearraren gainean idatzi dut. Fusio nuklearra eta Iter proiektua azaltzen saiatu naiz.
Zergatik jarri diozu izenburu hori artikuluari?
Fusiozko energia izarretan agertzen da: helio eta hidrogeno gasek nukleoan fusionatzen dihardute, eta horri esker igortzen dute gureganaino iristen den argia. Energia hori garbia da, eta lehengaiak lortzeko errazak dira. Baina oso tenperatura altuak behar dira, eta orain arte ez da lortu sortutako energia erabilitakoa baino handiagoa izatea. Iter proiektuarekin hori lortu nahi da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia