}
Nerea Zabaleta Lasarte Biokimikaria

“SARS-1a eta MERSa azaldu zirenean gehiago ikertu izan bagenu, gaur egun egoera hobean egongo ginateke”

2020/05/05 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Munduko hamaika laborategi buru-belarri ari dira lanean COVID-19aren aurkako txertoan. Estrategia paralelo desberdinak probatzen ari dira, eta baliteke inoizko azkarren lortzea. Nerea Zabaleta Lasarte biokimikaria atsedenik gabe eta ilusioz beteta ari da txertoa garatzen Bostoneko Mass Eye and Ear ospitaleko laborategian, terapia genikoa erabilita. Aldi berean, argi du: “Bidean txerto asko eroriko dira: ez direlako oso eraginkorrak, garestiegiak direlako edo albo-kalteren bat sortzen dutelako”. COVID-19aren aurkako txertoaren gako nagusiak eman dizkigu.

sars-1a-eta-mers-azaldu-zirenean-gehiago-ikertu-iz
Arg. Nerea Zabaleta

Munduko laborategi asko ari dira, aldi berean, SARS-CoV-2 birusaren aurkako txertoak garatzen: Txina, AEB, Alemania, Erresuma Batua… Estrategia desberdinak ikusten ari gara. Zein izan daitezke eraginkorrenak?

Egia esan, denok proteina bera erabiltzen ari gara txertoa garatzeko. Infekzio natural batean, birusak kanpoaldean duen proteina batek —S proteinak— gure zeluletara lotzen eta barrura sartzen laguntzen dio. Oso ageriko proteina da, eta gure organismoak proteina horren aurkako antigorputzak sortzen ditu: horrela lortzen du birusaren aurkako immunitatea. Bada, txertoarekin, gauza bera: organismoari proteina hori erakutsi behar diogu, antigorputzak sor ditzan. Baina laborategi bakoitzak bere estrategia propioa garatu du proteina organismoan sartzeko.

Txertoa sortzeko estrategia bat da birus inaktibatua txertatzea, birusaren kanpoalde guztia duena, baina barneko material genetikoa falta zaiona. Beste aukera bat da proteina bakarrik sartzea, laborategian oso erraz sortzen baita. Eta beste aukera bat da txerto genetikoak egitea: gure zeluletan birusaren DNAren zati bat sartzea, hain zuzen proteina hori sortzeko balio duena. Hala, gure gorputz barrenean sortuko litzateke birusaren proteina hori, eta antigorputzak sortuko genituzke. Gure estrategia da hori, eta terapia genikoaren teknika erabiltzen dugu horretarako: SARS-CoV-2ren jatorrizko RNA DNA bihurtu, etaDNA-sekuentzia hori beste birus batean sartu dugu. Birus adenoasoziatuak erabiltzen ditugu: gizakien zelulak infektatu bai, baina gaixotasuna sortzen ez duten birus txiki batzuk. Birus naturalak dira, baina oso seguruak dira. Birusaren kanpoko kapsidea mantentzen dugu, barruko DNA kendu, eta guk nahi dugun beste birusarena sartu.

Denetik dago. Txinan, bektore biral bat erabiltzen ari dira, gu bezala, baina adenobirus bat erabilita. AEBko beste talde bat terapia genikoaz ari da ere, indar handiz, baina DNA erabili beharrean, RNA erabilita. RNA mezularia txertatzen dute, eta RNA horrek sortzen du koronabirusaren proteina. 

Nola baldintzatuko du txertoaren arrakasta aukeratutako estrategiak?

S proteina erakusteko erabiltzen dugun sistemaren arabera, desberdina da zure gorputzaren erantzun immunologikoa —eta txertoaren eraginkortasuna—. Desberdina da proteina bakarrik injektatzea —normalean sistema immunea aktibatzen duen laguntzaile batekin injektatzen dute—, edo guk erakusten diogun bezala, birus baten barruan.  Bektorea bera immunogenikoa da, eta baldintzatu egiten du eragingo duen erantzun immunea.

Horrez gain, antigorputzak biriketara eramatea lortu behar du txertoak, birusa biriketatik sartzen baita benetan, inoiz ez odoletik. Orduan, nahiz eta oso erantzun indartsua lortu eta antigorputz asko eduki odolean, ez badugu lortzen erantzun hori biriketara eramatea, ez dugu lortuko txerto on bat.

Bestalde, erantzun immune horretan, antigorputzez gain, erantzun zelularra ere badago. Infektatuta dauden zelulak hiltzeaz arduratzen dira. Baina hori ez da gehien interesatzen zaigun erantzuna, infekzioa bera ekidin nahi dugulako. Horretarako antigorputzak behar dira. Eta beste erantzun horrek, erantzun zelularrak, funtzionatzen du jada zelulak infektatuta daudenean. Beraz, txertoek antigorputzen bidezko erantzuna lortu behar dute.

Eta frogatuta dago sistema bat eraginkorragoa dela, edo kasuan kasu probatu behar da?

Ez, txerto bakoitza desberdina da, eta probatu egin behar da. Baina, gero, praktikoak ere izan behar dugu, noski. Txerto bat oso eraginkorra izan daiteke, baina ekoizteko zaila. Eta, helburua jende asko txertatzea izanik, balantze bat egin behar da txerto eraginkorraren eta ekoizteko erraza eta merkearen artean.

Zorionez, terapia genikoaz ari garenok dosi oso altuetan sortzen ohituta gaude, eta txertoentzat dosi txikiak behar izaten direnez, uste dugu erraz ekoizteko modukoa izango dela. Baina ikusi beharko dugu zein den txerto honen dosi eraginkorra.

Izan ere, jada txertoa garatutakoan, kopuru handietan ekoiztea izan liteke hurrengo estualdia, maskarillak edo arnasgailuak lortzea izan den bezala, ezta?

Arg. Nerea Zabaleta

Bai, txertoak garatzen ari garen guztiok dugu hori buruan, eta gure kalkuluak egiten ari gara. Eraginkorra den dosiaren araberakoa izango da, baina ez guk ez inork, oraindik ez dakigu zenbat eskalatu beharko dugun txertoaren produkzioa.

Azken txertoa, populazioa masiboki txertatzeko erabiliko den hori, zer izango da: estrategia bakarrekoa edo guztien nahasketaren emaitza?

Egia esan, ez da egiten entsegu komun bat non txerto-mota guztiak konparatzen diren, ez dago halako koordinaziorik. Bakoitzak bere entsegu klinikoak egiten ditu, eta, ondo ateraz gero, komertzializatu egiten du. Komertzializatutakoan, osasun-agintarien gain geratzen da erabakitzea zer txerto eman.

Gure organismoak oroimen immunologiko luzea lortzen du birus batzuen aurka, baina oso laburra beste birus batzuen aurka -esaterako, katarroa-. Zer dakizue SARS-CoV-2 birusari buruz?

Bai, birus edo bakterio bakoitzak oroimen immunologiko desberdina sortzen du. Batzuek oso immunitate zuzena eta luzea eragiten dute, urteetan mantentzen dena, eta beste batzuek momentuko erantzun immunologiko soila. Normalean, infekzio baten aurrean, antigorputz batzuk erantzunaren hasieran sortzen dira eta berehalaxe desagertzen dira. Behin immunitate adaptatiboa sortzen denean, denbora luzeko antigorputzak sortzen dira. Baina, infekzio batzuetako birus edo bakterioak ez dira gai immunitate adaptatibo efizientea pizteko,  infekzioan ez dagoelako nahikoa partikula biral, edo agente infekziosoaren ezaugarriengatik. SARS-CoV-2aren kasuan, badirudi oroimen luzea sortzen duela eta, beraz, txerto eraginkorrak sortu ahal izango direla. Gutxienez, larrialdi honetarako nahikoa immunitate sortu beharko luke. 

Egia da birusek mutatu egiten dutela eta horrek eragin dezakeela txertoaren eraginkortasunean, baina badirudi SARS-CoV-2ak, oraingoz, ez duela mutazio-tasa alturik erakutsi. Gripearen birusaren kasuan guztiz bestelakoa da: bere material genetikoa zortzi puska txikitan banatua du, eta, kasualitatez, zelula berean gripearen bi birus desberdin elkartzen badira, RNA horiek nahastu eta konbinazio berriak sortzen dira. Alegia, birus berriak. Hortaz, gripearen aurkako immunitatea urte batetik bestera mantentzen bada ere, birusa desberdina da eta ezin dio eraginkortasunez aurre egin.

Hainbat txertoren proba klinikoak 2. fasera iritsi dira jada. Prozesua azkartu eta txertoa eraginkorra den jakiteko, txertatutakoak gero birusarekin kontaktuan jartzearen aldeko ahotsak azaldu dira.

Hori guztiz debekatuta dago. Zientziaren historiak baditu horren adibideak, oso emaitza larriak izan zituenak. Entsegu klinikoen dogma da ziurtatu behar dugula pertsona hori geratzen dela berdin edo hobeto. Dogma hori hautsiko genuke. Nahiz eta katarro bat izan. Etikoki ez da zuzena, eta praktikoki ere ezingo litzateke egin: entsegu kliniko bat egiteko aseguru bat behar dugu, eta ez dut uste inork aseguratuko lukeenik hori!

COVID-19aren kasuan abantaila bat dugu: gaixotasuna oso azkar zabaltzen ari da, beraz, aukera handia dago entsegu klinikoetako "subjektuak" haien kabuz birusarekin harremanetan jarri eta guk emaitzak azkar ikusteko.

Badago saltatu daitekeen pausuren bat, edo prozesua azkartuko lukeen beste estrategiaren bat?

Adibidez, ikertzeko dirua izatea asko azkartzen ari da prozesua, egoera normalen aldean.

Otsailean argitaratu zuen Txinak birusaren sekuentzia, eta txertoen proba klinikoetan gaude jada. Aurrekaririk gabekoa da zientzia egiten ari den ahalegina, lan-kopuruan zein abiaduran, ezta?

Egia da pandemia asko izan direla historian, baina inoiz ez gaur egun gauden zientzia- eta osasungintza-egoera pribilegiatuan. Egia esan, ikuspegia asko aldatu dit krisialdi honek. Oso pozgarria izan da ikustea krisi-garaian zientzialariok elkarlanean aritzeko gai izan garela. Ikaragarria izan da. Jende asko ari da lagundu nahian: “Zertan lagundu dezakegu? —esaten digute—. Gure laborategia proteinak sortzen espezializatuta dago. Proteinak sortzen lagundu dezakegu behar duenari eta nahi duenari”. Horri esker ari gara hain azkar aurreratzen. Hau bizitzea pribilegio bat izan da. 

Inflexio-puntu bat izango al da hau zientzian?

Uste dut bere marka utziko duela, ikertzaileon artean sortu den konexio berezi hau mantenduko dela. Elkarrekin lan egiten badugu, dakiguna partekatzen badugu, ikerketak beste abiadura batean egiten du aurrera. Hori bai, izan dadila erritmo lasaiagoan, atsedenik gabe ari baikara lanean: astean zazpi egunez, egunean 12-14 orduz.

Eta zer beste ikasi duzu krisialdi honetatik?

Nire ustez, kontziente izan behar dugu pasatutako izurriak berriro etor daitezkeela, edo antzekoak, behinik behin. SARS-1a Asian eta MERSa Ekialde Ertainean azaldu zirenean gehiago ikertu izan bagenu, gaur egun egoera hobean egongo ginateke, akaso.

Arg. Nerea Zabaleta

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia