}

SARS-CoV-2 birusaz berrinfekzio baten berri eman dute

2020/08/24 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

sars-cov-2-birusaz-lehen-berrinfekzioaren-berri-em
Arg. Vectorfusionart/AdobeStock

Gizon bat SARS-CoV-2 birusaz bigarren aldiz infektatu dela jakinarazi dute Hong Kongeko Unibertsitateko ikertzaileek. Martxoan infektatu zen lehen aldiz; opitaleratuta egon zen, eta apirilean jaso zuen senda-agiria. Orain, berriz, Espainian izan ondoren detektatu diote birusa, abuztuaren erdian, eta ez du sintomarik izan. 

Ikertzaileek frogatutzat eman dute berrinfekzioa dela, eta ez gaizki sendatutako edo berpiztutako gaitza, oraingoan infektatu duen birusaren genoma eta udaberrikoarena desberdinak baitira: azterketa genetikoak erakutsi du 24 nukleotidotan desberdintasunak dituztela.

SARSarekiko eta MERSarekiko antigorputzek luze irauten dutenez, zientzialariek espero zuten gauza bera gertatzea COVID-19arekin. Alabaina, bazeuden zantzuak COVID-19a gainditzen duten paziente batzuen antigorputzek gutxi irauten dutela. Kasu honek hori berresten du. Alde horretatik, hotzeria eragiten duten beste koronabirusen antzekoa izango litzateke. Ikertzaileek ohartarazi dute, hori aintzat hartuta, COVID-19a gainditu dutenek maskara janzten eta tartea uzten jarraitu beharko luketela. Gainera, txertoa hartu beharko lukete.

Clinical Infectious Diseases aldizkarian argitaratuko dute artikulu zientifikoa, eta han emango dituzte xehetasun gehiago. Bitartean, Akiko Iwasaki Yale Unibertsitateko ikertzaileak iruzkin batzuk egin ditu Twitterren. Haren esanean, albistea ez da larritasunez hartu behar. 

Hain zuzen, asintomatikoa izateak erakusten du, antigorputzak izan gabe ere, lehen infekzioak eragindako erantzun immunologikoak sintomak garatzea eragotzi duela. Horrez gain, bigarren infekzioaren ondoren antigorputzak sortu ditu, eta hori itxaropentsutzat jo du Iwasakik. Hori bai, ez du uste  talde-immunitatea infekzio naturalen bidez lor daitekeenik; haren hitzetan, txertoa da talde-immunitate segurua eta eraginkorra lortzeko bide bakarra.

Bukatzeko, kasu hori adibide egokia iruditu zaio ikusteko nola babesten duen lehen infekzio batek hurrengoetatik, baina onartu du ikerketa gehiago behar direla, berrinfekzioen ondorioak ondo ezagutzeko.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia