}

SARS-CoV-2arekin nahita infektatu zirenen emaitzak argitaratu dituzte

2022/02/11 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

sars-cov-2arekin-nahita-infektatu-zirenen-emaitzak
Arg. Pixabay

Osasunaren Mundu Erakundeak pandemia-egoera adierazi eta gutxira, esperimentu berezi bat egitea proposatu zuten ikertzaile britainiar batzuek: boluntario osasuntsuak nahita infektatzea SARS-CoV-2 birusarekin, bilakaera ezagutzeko eta ondorioak ateratzeko. Proposamenak aurrera egin zuen, eta orain argitaratu dituzte behin behineko emaitzak.

Ondorio nagusiak hauek dira: birus gutxi nahikoak dira infektatzeko (infektatutako pertsona baten arnasaren tantaxka batean daudenak baino gutxiago); inkubazio-aldia lau egunekoa da; kasu asko asintomatikoak dira; karga birala altua da, baita asintomatikoetan ere; hasieran eztarrian erreplikatzen da, eta gero sudurrean; eta antigeno-probak bat datoz karga biralarekin. 

Bestalde, infektatu ez ziren boluntarioetako batzuetan (ez zuten antigorputzik sortu), birusak topatu zituzten, karga birala oso txikia batzen ere. Horrek esan nahi du pertsona batzuen immunitate-sistema gai dela birusa kontrolatzeko.

Infektatu zirenen artean, gehienek sintoma arinak izan zituzten, arnas aparatuaren goialdekoak, eta usaimenaren galera izan zen sintomarik bereizgarriena. Oro har, sintomak azkar desagertu baziren ere, usaimenaren galerak gehiago iraun zuen (boluntarioetako batean, hilabeteetan).

Ohartarazi dute, antigeno-testak karga biralarekin bat datozen arren, infekzioaren hasieran negatibo ematen dutela. Hortaz, infektatu baten kontaktu zuzenek kontuz ibili behar dute, nahiz eta negatibo eman, gutxienez lehen 24 ordutan. Bestalde, infektatutakoek bataz beste 6 egun eta erdiz kanporatu zuten birusa. 

Esperimentua alfa aldaerarekin egin zen; hau da, hedatu zen lehen aldaerarekin. Hortaz, litekeena da oraingo aldaerek beste era batera jokatzea. Gainera, zentzuzkoa denez, boluntario guztiak gazteak eta osasuntsuak ziren. Hala ere, esperimentuak zalantza etikoak eragin zituen.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia