SARS-CoV-2aren aurkako antigorputz neutralizanteek bost hilabetez irauten dute, gutxienez
2020/11/03 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Pandemiaren hasieratik, galdera errepikakorretako bat izan da zenbateko iraupena ote duen SARS-CoV-2aren aurkako immunitate-erantzunak. 30.082 pertsonaren datuak aztertuta, argitu dute COVID-19a modu arinean edo ertainean garatzen duten pertsona gehienek birusaren aurkako IgG antigorputzen erantzun sendoa sortzen dutela, eta, gainera, antigorputz-maila, gutxienez, bost hilabetez mantentzen dutela. Science aldizkarian argitaratu dute.
Gaixotasuna modu larrian garatzen dutenen antigorputz bidezko erantzuna nahikoa zehatz karakterizatu da lehendik, baina garrantzitsua da gaixo arinen eta asintomatikoen erantzuna ere aztertzea, horiek baitira kasu ohikoenak. Oraindik ez dago guztiz argi kasu arinetan antigorputz horiek SARS-CoV-2aren berrinfekzioaz babesten ote duten eta, egitekotan, zenbat denboraz babesten duten. Baina beste giza koronabirusen kasuan antigorputzek urteetan iraun eta berreinfekzioaz babesten dutela ikusita —eta kontuan hartuta, berrinfektatzekotan, gaixotasuna oso arin pasatzen dutela—, ikertzaileek uste dute, SARS-CoV-2aren kasuan ere, oso posible dela antigorputzek berrinfekzioaz babestea eta, kasurik okerrenean, gaixotasuna modu are arinagoan garatzea.
Era guztietara, ikertzaileek adierazi dute antigorputzen maila denbora luzez aztertzen jarraituko dutela ziurtasunez bermatzeko. Gainera, uste dute, datu hauen osagarri, antigorputzak birusaren kanpoaldeko S proteinari lotzeko prozesua hobeto definitzeak asko lagunduko lukeela pandemiaren aurkako politika eraginkorrak ezartzen eta txertoak garatzen.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia