Saturnoko ekaitz erraldoia, uste baino bortitzagoa
2013/06/24 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Saturnoko 2010eko Orban Zuri Handia izeneko ekaitz erraldoiak milaka milioi kilometroko hedadura hartzeaz gain, espero baino haize bortitzagoak sortu zituen. Hain zuzen ere, ekaitzaren dinamika azaltzen duen lan bat argitaratu du EHUko Planeta Zientzien Taldeak Nature Geoscience aldizkarian.
Gutxi gorabehera Saturnoko urte bakoitzean behin —Lurreko 30 urte— ekaitz erraldoi bat sortzen da. Planetaren atmosferan izaten duten itxura dela eta, orban zuri handi deritze. Azkena 2010eko Orban Zuri Handia izan zen, eta Cassini espazio-ontziak bereizmen handiko irudiak lortu ahal izan zituen. Ekaitzaren abiapuntua hodei zuri txiki bat izan zen, Ipar hemisferioko erdialdeko latitudeetan distiratsua zen hodei bat; azkar handituz joan zen, eta aktibo egon zen zazpi hilabete baino gehiagoan. Denbora horretan, hodei zurien nahaspila bat sortu zen, eta hedatu egin ziren harik eta milaka milioi kilometro karratu hartzen zituen hodei-eraztun zurrunbilotsu bat eratu arte. Planeta Zientzien Taldeak duela bi urte aurkeztu zuen ekaitzaren lehen azterketa, eta orain, lan berri honetan, ekaitzaren 'burua' edo 'fokua' xehetasunez aztertu dute.
Cassini zundak hartutako irudiak aztertuz ekaitzaren 'buruko' haizeak neurtu dituzte. Eskualde hartan, ekaitzak eta inguruko atmosferak elkarri eragiten diote, eta haize jarraitu oso bortitzak eratzen dira, orduko 500 km-ko abiadurakoak. "Ez genuen espero halako zirkulazio bortitzik ekaitza garatzen den eskualdean; ekaitzaren eta planetaren atmosferaren arteko interakzio bereziki bortitzaren sintoma da hori", azaldu du ikerketa zuzendu duen Enrique Garcíak (Fundació Observatori Esteve Duran – Institut de Ciències de l’Espai, CSIC).
Bestalde, ikertzaieleek ekaitzaren modelo matematikoak sortu dituzte. Kalkuluen arabera, ekaitzaren fokua sakona da, 300 km hodei ikusgaien gainetik, eta ekaitzak ur-lurrun kantitate itzelak garraiatu zituen ur- atmosferaren goiko geruzetara. Hodei ikusgaiak sortu ziren eta energia-kantitate handiak askatu; energia-injekzio horrek eta Saturnoko haize nagusiek elkarri eragin zioten, eta 500 km/h-ko abiadurako haizetea sortu zen. Halaber, azterketak erakutsi du ekaitzaren jarduera izugarria izan arren ez zela gai izan etengabe jotzen duten planetako haize nagusien erregimena nabarmen aldatzeko; baina interakzio bortitza gertatu zen.Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia