Scramjet motorra aztergai
2002/07/30 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Kohete eta hegazkin supersonikoetan erabiltzeko motor berriarekin probak egiten ari dira Australiako basamortuan.
Hegazkin supersonikoek Londres-New York bidaia lau ordutan egiten dute. Baina, scramjet motorraren bitartez, hegazkinak Londrestik Sidneyra bi ordutan joango direla iragarri dute ingeniariek. Motor hori Match 7 abiadura lortzeko prestatu nahi dute, hain zuzen ere.
Motorra ez dago bukatuta. Izan ere, probetan hegazkina kohete batetik jaurti dute; scramjet motorra Match 5 abiaduratik aurrera jartzen da martxan. Orain arteko probak lurraren kontrako talka batekin bukatu dira, zortzi minutuko hegaldiaren ondoren. Baina zientzialariek uste dute motorra behar bezala pizten dela, eta ongi funtzionatzen duela. Horrela den ala ez jakiteko, basamortuan
eroritako 'hondakinak' jaso eta aztertu egin beharko dituzte.
Scramjet motorrak ez du zati mugikorrik.Hegaldian behar duen oxigenoa atmosferatik xurgatzen du zuzenean; oxigeno hori konprimitu eta hidrogenoarekin nahasten du. Ustez, 8.000 kilometro orduko abiadura lortzen da teknologia horren bidez. Queensland-eko Unibertsitateko ingeniarien ustez, azken proban hori guztia ondo egin zuen.
Teknologia berritzailea da, eta ohiko koheteetan erabiltzen dena baino eraginkorragoa. Dena dela, zuhur jokatu beharra dago: izatekotan, scramjet motorraren bidezko lehen hegaldia besterik ez da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia