Sendagaiak nahierara askatzen dituen mikrotxip batekin lehen saio klinikoa egin dute
2012/02/16 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Kanpotik kontrolatuta sendagaiak nahierara askatzen dituen mikrotxip batekin saio klinikoa egin dute, lehenengoz. Eta emaitzak onak izan dira, Science Transational Medicine aldizkarian argitaratutako artikuluaren arabera.
Mikrotxipa pauso-markagailu baten tamainakoa da, eta sendagaia gordetzen duten biltegi txikiak ditu. Biltegi horiek lehertuz askatzen da sendagaia. Aurrez programatu daiteke mikrotxipa, maiztasun jakin batekin sendagaia askatzeko; edo kanpotik bidalitako seinale baten bidez kontrola daiteke. Horrelako mikrotxipak laborategian arrakastaz probatu izan badira ere, animaliekin egindako probetan ikusi da mikrotxipa txertatzean haren inguruan zuntz-ehun bat sortzen dela, eta ikertzaileek kezka zuten ehun horrek sendagaiaren xurgapenean eragingo ote zuen. Hain zuzen ere, ikerketaren helburuetako bat zen ikustea ehun horrek sendagaiaren eraginkortasuna txikitzen ote duen.
Osteoporosia tratatzeko sendagai batekin egin dute saio klinikoa. Gaixotasun hori oso aurreratua dagoen kasuetan, eta hezur-haustura izateko arrisku handia duten gaixoetan, gaur egungo tratamendua egunero injektatu behar den hormona bat da. Saio klinikoan, Danimarkako zortzi emakumeren gerri-aldean txertatu zituzten mikrotxipak, eta, mikrotxiparen inguruan zuntz-ehuna sortu bazen ere, ikusi zuten mikrotxipak eguneroko injekzioek adinako eraginkortasuna izan zuela, eta tratamenduak hezur-sorkuntza hobetu zuela.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia