Sexismoak adineko emakumeetan galera kognitiboa eragiten duela frogatu dute
2025/01/07 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
AEBn egindako ikerketa batean frogatu dutenez, estatu sexistenetan jaiotako emakumeek galera kognitibo handiagoa dute zahartutakoan, genero-berdintasun handiagoa duten estatuetakoak baino. Columbia unibertsitateak gidatu du ikerketa, eta, haren arabera, batzuen eta besteen arteko diferentzia 9 urte zahartzearen parekoa da, eta bereziki nabarmena da emakume beltzetan. Alzheimer’s & Dementia: The Journal of the Alzheimer’s Association aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak, irekian.
Aurretik egindako beste ikerketa batzuek ere erakutsi izan dute matxismoak garunean eta kognizioan eragiten duela. Adibidez, 2023an PNASen argitaratutako ikerketa batean, 29 herrialdetako 7.876 erresonantzia magnetikotako irudiak aztertu zituzten, eta ondorioztatu zuten, genero-desoreka handia dagoen herrialdeetan, emakumeen garunen kortexa meheagoa dela gizonena baino; bereziki, eskuineko hemisferioan. Aldiz, parekidetasun handiagoa dagoen herrialdeetan, ez da halako alderik nabaritzen kortexen lodieran.
Ikertzaileek azaldu zutenez, emozioek eta traumek ez ezik, baldintza kaskarragoetan bizitzeak, baliabide material gutxiago izateak eta hezkuntza mugatuta izateak ere eragin zuzena dute garunaren garapenean.
AEBn egindako ikerketan ere faktore horiek berretsi dituzte, eta nabarmendu dute ondorioak areagotu egiten direla arrazakeria eta genero-diskriminazioa gurutzatzen direnean. Horrenbestez, iradoki dute desberdintasun sozialak orekatzea estrategia eraginkorra izan daitekeela alzheimerraren prebalentzia jaisteko emakumeetan, eta gogorarazi dute sexismoa egiturazkoa dela. Hain zuzen, AEBn alzheimerra duten pazienteen bi herenak emakumeak dira.