}

Shakespeareren sonetoak DNAn kodetuta

2013/01/31 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

shakespeareren-sonetoak-dnan-kodetuta
EMBLko ikertzaile bat DNA sintetikoari begira. Arg. EMBL Photolab

DNA sintetikoa memoria gisa erabili dute ikertzaile britainiarrek, testuak, irudiak eta audioak gordetzeko. Zehazki, Shakespeareren 154 sonetoak, Martin Luther King-en “I have a dream” hitzaldia, Watson eta Crick-en artikulu ospetsua, ikertzaileen ikerketa-zentroaren argazkia (European Bioinformatic Institute), eta datuak nola kodetu diren azaltzen duen artxiboa kodetu dituzte DNAn. Nature aldizkarian argitaratu dute lana.

Neandertalen edo mamuten DNAk erakutsi dute informazioa denbora luzez gordetzeko euskarri aproposa dela DNA. Hain zuzen ere, ikertzaileek azpimarratu dute hotzean eta lehor gordez gero, milaka urtetan iraun dezakeela, arazorik gabe. Gainera, oso txikia da DNA; esaterako, CERN-ek gaur egun gordeta dituen 90 petabyte-ak gordetzeko, nahikoa litzateke 40 g DNA.

Iaz, Harvard Medical Schooleko beste talde batek liburu bat kodetu zuen DNAn. Kasu hartan kode sinple bat erabili zuten, non adenina eta zitosina 0 ziren, eta guanina eta timina 1. Horren arazoa zen batzuetan nukleotido beraren zerrenda luzeak sortzen zirela, eta irakurtzean erroreak gertatzen zirela. Oraingoek zifratze konplexuago bat erabili dute: byte bat kodetzeko (zortzi 0 edo 1) bost nukleotidoko segida bat. Gainera, erroreak saihesteko, 117 nukleotidoko zati txikitan zatitu dute kodea. Horrela, aurreko taldeak baino 3 aldiz dentsitate handiagoan kodetu dute informazioa, eta % 100eko doitasunez berreskuratu ahal izan dute DNAn gordetako informazio guztia.

DNA memoria gisa erabiltzen hasteko ikertzaileek ikusten duten arazo handiena kostua da. Izan ere, megabyte bat kodetzea 9.000 euro inguru kosta zaiela kalkulatu dute, eta DNAtik irakurtzea 160 euro. Dena den, hurrengo urteetan kostu horiek asko jaitsiko direla iragartzen dute, eta teknika hau laster baliagarri izan litekeela denbora luzez gorde eta gutxitan erabili behar den informazioa gordetzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia