Shell Wildlife argazki-sariketaren irabazlea
2006/10/19 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Mortsa bat janari bila itsas hondoan. Horrela deskriba daiteke Shell Wildlife sariketa irabazi duen argazkiak erakusten duena.
Argazkilaria, Goran Ehlme britainiarra, argazkia baztertzeko eta ezabatzeko zorian egon zen kamera digitalean ikusi zuenean. Urpean zegoen, eta, jakina, betaurrekoak jantzita ez zuen ondo ikusten kameraren pantailatxoa. Une hartan iruditu zitzaion hauts-laino bat besterik ez zela ikusten, eta ia ezabatu egin zuen. Baina hatza botoi gainean zeukanean ohartu zen beste zerbait zegoela irudian: mortsaren burua.
Argazkia gorde, eta saria irabazi zuen. BBC katearen Wildlife aldizkariak eta Londresko Natura Historiaren Museoak antolatzen dute sariketa; aurten, 18.000 argazkik baino gehiagok hartu dute parte.