}

Sobietar alderdi komunisten proiektua

1986/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Duela hamar urte, Sobietar Alderdi Komunistaren 25. Kongresuan gizaldiko proiektua iragarria izan zen. Deuela gutxi proiektu erraldoi hau lurperatu egin da.

Asmoa zera zen; Siberiako iparraldeko ibaien 400 km3 ur urtero Volga eta Sutxona ibaietara transbasatzea Kaspio eta Aral itsasoen inguruko lurraldeak ureztatzeko.

Lana 1983.ean hasi zen. Aurten bigarren etapari eman behar zitzaion hasiera. Siberial izeneko ubide baten eraikuntza zegoen tartean. Ubide honek (2.400 km luze eta 200 zabalekoa) Siberiako Ob ibaiaren urak Aral itsasora isuri behar zituen. Brezhnev-en ideia erraldoi hau Gorbatxov-en pragmatismoak lurperatu du.

Asmoak bultzatzaile sutsuak zituen Alderdi Komunistaren barnean. Hegoaldeko Kazakhstan eta Uzbekistan-eko errepubliketako politikari eta ekonomilariak gogor aritu dira transbasearen proiektua bultzatzen. Hauen eritziz iparraldetik lortutako urari esker, posible litzateke zekale-ekoizpena 25-30 milioi tonatan handitzea.

Hala ere, proiektuaren aurka ozenki hitzegin da azken bi urteotan. Siberiako baliabideen ustirapena koordinatzen duen Novosibirsk Ikerketa-Institutua izan da kritikatzailerik handienetakoa. Bertako ikerlariek erokeria ekonomiko, ekologiko eta politikotzat jo dute proiektua. Alde batetik egin beharko liratekeen inbertsio itzelak ez lirateke berreskuratuko gutxienez proiektua amaitu eta hogeitamar urte pasa arte. Bestetik, proiektuak hamaika animali eta landare-espezie hondatuko lituzke. Siberiako ingurugiroa zeharo aldatuko litzateke.

Mendebaldean ere ez zuen proiektu honek lagun handirik, Artikoko ur hotzen transbasearen ondorioz. Siberiako eguraldi eta klimaren bideak asko aldatuko zirateenaren beldurra zegoen.

Azkenik, joan den martxoan egin den Alderdi Komunistaren kongresuan proiektua bertan behera ustea erabaki zen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia