}

Soinua eta argia kontrolpean

2005/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

img hspace="5" src="Images/A209-024.jpg" vspace="5"/>

Kristal sonikoa edo fononikoa kristal fotonikoaren baliokide akustikoa da. Hau da, kristal fotonikoetan, errefrakzio-indizea aldatuz, nahi den uhin-luzerako argiari uzten zaio pasatzen, eta ez beste uhin-luzera bat dutenei. Gauza bera lortu dute soinuarekin: kristalaren ezaugarriak aldatuz, nahi den maiztasuneko soinuari uzten zaio sartzen, eta ez beste maiztasunetakoei.

Kristal berezi hori egiteko, material bateko zilindroak sartu dituzte beste inguru batean; hala, kristalak pasatzen uzten duen maiztasun-tartea zilindroen aldizkakotasunaren araberakoa da. Aldizkakotasuna txikitzean, tartea maiztasun handietara mugitzen da. Maiztasun hipersonikoetan, 1 eta 100 gigahertzen artekoetan, aldizkakotasuna argi ikusgaiaren uhin-luzerarenaren antzekoa da. Horrek esan nahi du kristalak nahi den tarte fotonikoari eta fononikoari uzten diela pasatzen aldi berean.

Ikerketa AEBetako MITekoek, Kretako Unibertsitatekoek eta Max Planck institutukoek egin dute elkarlanean. Haien ustez, kristal sonikoek aplikazio ugari izan ditzakete, hala nola, zirkuitu elektronikoetan zarata gutxitzeko, nanoegituretan bero-fluxua kontrolatzeko, eta materialetan argi- eta soinu-uhinen elkarrekintzak sortzeko.