}

Solido arinena

2002/05/10 Elhuyar Zientzia

NASAk solido arinena aurkeztu du, eta hala onartu dute, gainera, Guinness errekorren liburukoek. Osagaiak beirarenak bezalakoak izan arren, hau da, silize dioxidoa eta hondarra, bere dentsitatea 1.000 aldiz txikiagoa da (zehazki, mililitroko hiru miligramo pisatzen ditu). Izan ere, % 99,8 gasa da, eta gelatina bezala prestatzen da: silizio likidozko konposatu bat eta azkar lurruntzen den likido bat nahastuz lortzen den gela presio-eltzearen moduko tresna batean lehortzen da. Nahastea loditu egiten da eta gero, kontu handiz, berotu eta despresurizatu egiten da siliziozko belaki gardena lortzeko.

Izoztutako kearen itxurako material horrek, hauskorra badirudi ere, oso ondo jasaten ditu jaurtiketak eta espazioko ingurunea. Hain zuzen ere, espazioan erabiltzeko diseinatu dute, eta 2004ean Wild 2 kometaren partikulak harrapatzeko erabili nahi dute. Dena dela, ez da antzeko material bat erabiltzen den lehenengo aldia, Mars Pathfinder ibilgailuak Marten egindako misioan tenperaturatik isolatzeko erabili baitzuen ia oraingoa bezain arina zen aerogela NASAk.

Gehiago jakiteko, egin klik hemen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia