}

Sonanbuluak. Gauez baina konturatu gabe

1986/12/01 Agirre, Jabier - Medikua eta OEEko kidea Iturria: Elhuyar aldizkaria

Sonanbuluaren irudia ohizkoa bihurtu da txiste eta komikietan. Zeintzu dira, bada, gertakizun honen agerpen edo zeinuak? Zein da sonanbulismoaren egiazko arrazoia?

Sonanbuluaren irudia ohizkoa bihurtu da txiste eta komikietan: gau-jantziz estalirik, teilatu gainean, ziurtasun osoz dabilen gizona, edozein hitz edo hotsek esnatuz gero, oreka galdu eta behera amildu daitekeena. Baina topiko guztiekin gertatzen den bezala, irudi hori ezaguna izan arren, faltsua da: ziurtasuna ez da hain ziurra, ez dago batere frogatua sonanbuluak besoak zabaldurik dabiltzanik, hitz egite hutsak ez ditu esnarazten, etab. Zeintzu dira, bada, gertakizun honen agerpen edo zeinuak? Zein da sonanbulismoaren egiazko arrazoia?

Sonambulismoa (latinezko SOMNUS: Loa, eta AMBULARE: ibili), h.d. "lotan ibiltzea" oso fenomeno bitxia izan da betidanik jende xehearentzat. Ohizko psikiatriak gogoz aztertu izan du pertsona helduen sonanbulismoa (umetan agertzea normalagotzat jotzen da) eta erreakzio neurotiko bezala kontsideratu da: lo dagoenak ohea utzi eta bere nahiak ase edo bere tentsioak baretuko dituen zerbaiti ekiten dio (galdutako zerbaiten bila hasi, edo bere egunerokoan idazten has daiteke).

Sonanbuluak berak, ez digu inolako argitasunik emango, noski. Beren familiarteko edo lagunek dakite beren ibilalditxoen berri. Egiten duena eginik ere, sonabulua ez da egindakoaren erantzule. Amets egin ondoren geratzen zaigun oroitzapen lauso eta zirriborrotsu hori ere ez du izango; bere amnesia totala da.

Duela urte gutxi batzuk arte, sonanbulua ametsetan zegoen bitartean irteten zela ohetik pentsatzen zen. Gaur egun hipotesi hori guztiz baztertua gelditu da, egindako esperimentuei esker. Gauza jakina da, loaldiaren azaleko faseetan —REM fase bezala ezagutzen direnetan (REM, Rapid Eye Movement, Begien Mugimendu Azkarra)— egiten direla ametsik gehienak. Baina une horietan gorputza guziz erlaxatua dago, eta nekez uler daiteke egoera horretan, muskuluak lasa daudenean, pertsona ohetik jaikitzeko gai izatea. Alderantziz, frogatu ahal izan da sonanbulua lo sakonean dagoenean soilik bihurtzen dela aktibo. Eta fase honetan ez da ametsik gertatzen. Gau batean pertsonak lo sakoneko fase bat baino gehiago izaten dituenez, posible da sonanbulu batek bere IHARDUERAK zenbait aldiz burutzea goizean esnatu aurretik.

Eta iharduera horiek ez dira beti jeiki-ibili modukoak. Kasu askotan mugimendua askoz ere apalagoa izan daiteke: ohean agondu, ezpainak mugitu, besoarekin mauka tiratu, begiak denbora osoan itxita mantentzen dituen bitartean. Sonanbulua oso kapaz da orduerdi pasatxoz "lanean" aritzeko. Bere begiak irekita edo itxita egon daitezke: irekita daudenean begirada finkoa dute, baina ez dute inguruko ezertxo ere ikusten.

Sonanbulua bere etxean zehar, inoiz ere ikusi gabe ezagutuko lukeen itsua bezala mugitzen da. Egia da inoiz sukaldera joan, hozkailua ireki eta esnea edango duela, baina aldez aurretik hozkailua non zegoen bazekielako egin dezake hori. Ezagutzen ez duen etxe batean, gisa horretako balentria guztiz ezinezkoa litzateke.

Sonanbulurik gehienak oso astiro mugitzen dira. Beren ibilerak koordinaziorik gabekoak dira, erritmo-aldaketa eta kordokaldi edo astinaldiak agizkoak dira. Gaizki sinkronizaturiko robot baten mugimenduak gogorarazten dituzte. Besoak gorputz-alboetan zintzilik, edo eskuekin gauzak aztatuz, baina ezer jakinik ukitu gabe. Familiartekoek segurtasun-neurriak hartu nahi izaten dituzte, istripu posibleak baztertzeko. Baina, kontuz! ez du ezertarako balio atean sarrailak ipintzeak; sonanbuluak atera nahi badu eta ateak traba egiten badio, leihotik irtengo da.

Ikusi dugunez sonabuluen iharduera lo sakoneko faseetan ematen da. Fase horiek bereziki luzeak eta iraunkorrak dira haurtzaroan —lo gauden bitartean, hazkunde-hormonak bere lana egiten du eta umea horrela hazten da—, eta pertsona adinean aurrera doan neurrian laburutu egiten dira. Pertsona zaharrengan, batez ere, loaldi osoa azaleko edo REM fase batean gertatzen da, eta lo sakona ia erabat desagertzen da. Ia sonabulu guztiak umeak izatearen arrazoietako bat hauxe izan zitekeen.

Sonanbulismoaren intzidentzia, edo zenbat kasutan ematen den beste era batera esanda, ez dago oso argi. Baina espezialista gehienek diotenez zortzi umetatik bat sonanbulua izan daiteke (lehen ikusi dugunez sonanbulu izateko oso maila ezberdinak daude). Zortziren bat urterekin has daiteke fenomeno hau, astean bi aldiz errepikatuz. Pubertaroarekin batera desagertzen da normalean.

Pertsona helduen artean berrogeitik batek bakarrik jasaten du sonanbulismoa. Eta ia beti aurrekin edo antezedenteak aurkitzen dira familietan. Aurregoera honek arrazoi genetikoak egongo ote ziren pentsatzera eraman zituen espezialistak. Baina badira beste arrazoi batzuk ere; psikikoak batipat, sexualitate erreprimitu baten agerpenak agian edo babes-nahi ezkutuak. Pertsona helduetan sonanbulismoa erregresio bat bailitzan onartzen da; berriro ere ume izateko nahikunde inkontziente bat. Dena den, sonabuluak ez dauka inhibizio horren berri eta bere inkontzientea aske uzten du, gainontzeko pertsonek ametsetan daudenean egiten duten bezalaxe.

Orain arte ikusitako guztia sonanbulu OSASUNTSUEI dagokie, h.d. gauez duten portaera bitxi honetaz landa, bizimodu guztiz normala daramaten pertsonei, osasun betea daukatenei. Badira sonanbulismo patologikoak ere, aurrez neurosiak edo epilepsiak jota dauden pertsonetan agertzen direnak.

Bukatzeko esan dezagun sonanbulismoak ez duela nahitaez gauean agertu behar. Orain dela gutxi egunkari guztiek ekarri zuten lo zegoen bitartean bere fusila manipulatu zuen soldadu suediarraren notizia: fusilak tiro egin eta laguna hil zuen. Gertakizun ikaragarri hau eguerdi-eguerdian gertatu zen: soldadu sonanbulua gauez goardia egin ondoren goizeko hamarrak inguruan oheratu bait zen. Agintariek mutila soldadutzatik libre utzi zuten arren, epaitua izan zen tiro-unean bere ekintzetaz kontziente zen ala ez erabakitzeko. Epaileen berediktua, mediku- eta psikiatra-talde batek lagundurik, ahobatekoa izan zen: "ERRUGABEA". Lo zegoen bitartean mutil hura ez zen, inola ere, bere ekintzen erantzule.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia