}

Sortzearen zutabeak, berrituta 20 urte geroago

2015/01/07 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

sortzearen-zutabeak-berrituta-20-urte-geroago
Sortzearen zutabeak (arranoaren nebolusa). Ezkerrean 1995eko irudia; eskuinean, 2014ko bereizmen handiagoko irudia. Arg. NASA/ESA

Hubble teleskopioak unibertsoaren milaka irudi egin ditu, baina bat aukeratu beharko balitz ikur gisa, “Sortzearen zutabeak” izango litzateke irudi hori: izarrarteko gasezko hiru zutabe erraldoi, arranoaren nebulosan, Lurretik 6.500 argi-urtera. Izarren sorlekua dira zutabeak, eta hortik izena.

1995koa da jatorrizko irudia, eta, orain, Sortzearen zutabeen bereizmen eta hedadura handiagoko irudi berri bat argitaratu du NASAk, 2015ean Hubble teleskopioak 25 urte beteko dituela ospatzeko.

Irudi berriak zutabeen behealdea ere erakusten du, baita zutabe txikiago batzuk ere, espazioaren eremu zabalago bat hartuta osatu baitute: 5 argi-urte da goitik behera, guztira. Gardenago ere ageri dira zutabeak; izan ere, argi ikusgaiko WFC3 kameraz gain, infragorri hurbileko UVIS kamera ere erabili dute irudia osatzeko. Erradiazio infragorria gasean eta hautsean barrena sartzen da, zutabeen eremu dentsoenetan izan ezik, eta horregatik dute zutabeek itxura hori.

Arizonako Unibertsitateko Paul Scowen astronomoaren esanean —jatorrizko irudiaren sortzailea Jeff Hester-ekin batera—, irudi berriak adierazten du sortzearenak ez ezik, suntsipenaren zutabeak ere badirela arranoaren nebulosako horiek: “Harrigarria da zein behin-behinekoak diren egitura horiek. Gure begien aurrean ari dira deuseztatzen. Zutabeen ertzetan, mamu-itxurako laino urdinxka horietan, materia berotzen eta espazioan desagertzen ari da etengabe. Beraien eboluzioaren une labur eta apartean harrapatu ditugu zutabeak”, dio. Scowenek ez du galdu duela 20 urteko emozioa zutabeez aritzean, eta ez da gutxiagorako, haien edertasun berritua ikusita.