SpaceX-ek astronautak espazioratu ditu lehenengoz
2020/06/01 Elhuyar Iturria: Elhuyar aldizkaria
Joan den larunbatean Cabo Cañaveraletik Falcon 9 suziri batean jaurti zuten Dragon Crew espazio-ontzia (biak SpaceX konpainiarenak), barruan NASAko bi astronauta zeramatzala. Hemeretzi ordutara lotu zen kapsula Nazioarteko Epazio Estazioarekin (ISS). NASAk eta SpaceX-ek elkarlanean egin duten DM-2 misioa arrakastatsua izan da, beraz. Konpainia pribatu batek halako zerbait lortzen duen lehenengo aldia da, baita lur estatubatuarretatik ateratzen den lehen misio tripulatua ere, 2011z geroztik.
Jaurtiketa maiatzaren 27an egitekoa zen baina kondizio meteorologiko desegokiak zirela eta, larunbatera atzeratu zuten. Bigarren saiakera horretan ere izan zuten nahikoa zalantza, berriz ere kondizio meteorologikoengatik, baina, azkenean jaurti zuten Falcon 9 suziria. Dragon Crew ontziaren barruan Doug Hurley eta Bob Behnken astronautak zihoazen. Hurley izan zen, hain zuzen ere, 2011an transbordadore estatubatuarrekin egin zen azken misioan espazioratu zen astronautatako bat. Geroztik, Soyuz errusiarrak erabili behar izan dituzte NASAko astronautek.
Dragon Crewren berrikuntza garrantzitsuenetako bat da kapsula erabat modu autonomoan lotzen zaiola espazio-estazioari. Dena primeran joan zen, eta Hurleyk ISSra sartzean buruan kolpe bat hartu eta zauritu bazen ere, bi gizonak onik iritsi ziren. Harrera egin zieten beste hiru gizonek. Alde horretatik aurrerakuntza handirik ez du ekarri misioak; aurreko eskifaian emakumeak egon baziren ere, oraingoan gizonezkoak dira denak, berriz ere.
NASAk oraindik ez du erabaki misioak zenbat iraungo duen. Bukatzean, ondo bidean, bi astronautak Dragon Crew kapsulan etorriko dira bueltan Lurrera.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia