Spray-ontzi berria: ez-poluitzailea eta kargagarria
1992/11/01 Mujika, Alfontso - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zenbat aerosol- edo spray-ontzi dituzu etxean? Kontatu al dituzu inoiz? Labea garbitzeko, altzariak garbitzeko, intsektuak akabatzeko, orrazkerari iraun erazteko, galtzarbe nahiz oinetako izerdi-usaina kentzeko, gelako giroa perfumatzeko, sarrailak, bisagrak eta torlojoak lasaitzeko, ... Ziur asko, kolore eta neurri desberdinetako spray ontzien bilduma polita izango duzu.
Erreparatu al diezu ontzian letra txikiz idatzita dauden oharrei? Ez naiz letra nabarmenez ageri diren “Ez du ozonoa kaltetzen”, “Ez dauka klorofloruro hidrokarburorik”, “Produktu ekologikoa” bezalako oharrez ari. Horiek azken orduko marketing-kanpainen mezuak baino ez dira. Errepara iezaiezu ontziaren behealdean ageri diren (legez ageri behar) bestelako hauei: Kontuz! Presiopeko ontzia. Ez eguzkitan utzi, ezta 50 °C-tik gorako tenperaturan ere. Ez ezazu zula eta ez bota sutara, hutsik badago ere. Ez erabil sugarrik edo gorputz goririk dagoen lekuan. Ontzi hau suhargarria da. Erabat hustu zakarrontzira bota aurretik.
Beraz, arriskutsua da; atmosfera kaltetzen du; garestia da eta metalezko ontzi hori hustu ondoren ezin da berriro erabili eta bota egin behar da. Gainera, spray-ontzia erabili baino lehen ongi astindu behar da eta ontzia zutik mantendu, asko okertu, etzan edo buruz behera jarriz gero ez bait du produktua ongi kanporatzen.
Yves Privas izeneko frantses injineru batek elektronikoki gidatutako spray-ontzi bat asmatu berri du. Mikroprozesadore batek solenoide bat kontrolatzen du eta beronek atzeraurrerako ponpa bat higierazten du 40 ziklo segundoko abiaduraz. Ponpa horrek 40 eta 80 mikra bitarteko diametroko tantatxotan haustutzen du produktu likidoa. Behar den energia elektrikoa bateria kargagarri batek ematen du. Pultsadorea behin sakatuta, 8 minutu irauten du spray-aren ahalmenak eta edozein posiziotan erabil daiteke, buruz gora, buruz behera, okertuta nahiz etzanda. Ontzia astindu beharrik ez dago, ez bait du gas propultsatzailerik erabiltzen. Beraz, atmosfera ere ez du kaltetzen eta ez da suhargarria. Produktua plastikozko (polietilenozko) ontzi ordezkagarritan gordetzen da. Ontziko produktua agortzen denean, kendu eta haren ordez beste ontzi bat jartzen da.
Frantziako l’Oreal kosmetiko-etxeak urte honen amaierarako merkaturatu nahi du spray-ontzi kargagarria eta beste enpresa batzuetan ere probaldian dago orain. 4.000 pezetatan (200 liberatan) salduko da. Hala ere, asmatzailearen ustez “epe luzera sistema hau merkeagoa da gas propultsatzailea erabiltzen duten ohizkoak baino, behin bakarrik erosi behar delako eta produktua polietilenozko ontzietan jartzea aski merkea delako”.
ZERTAN DATZA SPRAY-ONTZI ARRUNTA?
Spray-ontziaren barnean produktua, egoera likidoan, eta gas propultsatzaile bat daude. Gasak ontziaren hondorantz konprimatzen du likidoa. Ontziaren goiko ahoraino doan tutu baten muturra dago ontziaren hondoan. Konprimatutako likidoa tututik igotzen da spray-ontziaren ahoan dagoen balbularaino.
Goiko pultsadorea sakatzean, balbula ireki egiten da eta presiopean dagoen likidoa irteera-tutuan gora abiatzen da. Irteera-tutua oso estua denez, likidoak tutuaren paretaren aurka talka egiten du eta, ondorioz, likidoa tanta mikroskopikotan haustutzen da. Tanta nimino horiek airearekin nahasi eta airean eskegita gelditzen dira.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia