SQUID: EMNa eremu magnetiko baxuan
2002/03/25 Lasa Iglesias, Aitziber - STEAM Hezkuntza arloko arduraduna
EMNan irrati-frekuentziako espektroskopia egiten da eremu magnetiko baten barnean, eta zenbat eta eremu magnetiko handiagoan izan, orduan eta espektro zehatzagoa. Propietate hori erabilita, nahasteen konposizioa ezagut daiteke, EMNak ez duelako nukleo jakin bat 'salatzen': nukleo horren ingurukoek bere eremu magnetikoan eragina dutenez, nukleo-taldeen presentzia ere iragar daiteke teknika horren bidez.
Kaliforniako Unibertsitateko Alexander Pines kimikaria eta Lawrence Berkeley Laborategi Nazionaleko John Clarke fisikaria saiatu dira konposatuak eremu magnetiko baxuetan identifikatzen. Horretarako, ura, azido fosforikoa eta trimetil fosfatoa dituen lagina aztertu dute eremu magnetikoarekiko ultrasentikorra den SQUID detektagailuan, eta fosforo-oxigeno-hidrogeno taldea bereizi da espektro-lerroan.
Saiakuntza horren arrakastak itzelezko garrantzia du, gaur egun EMN bidezko analisiak egiten direnean, garestiena eremu magnetiko altu horiek eragitea baita. EMNak hainbat aplikazio ditu kimika organikoko analisi-sistema orokorretan eta medikuntzan, adibidez hiru dimentsioko ereduak egiten dira alzheimerra diagnostikatzeko, baina baita beste gauza askotarako ere.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia