Stardust-en kometak ezusteko jatorria
2006/12/18 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Stardust misioak kometa baten hautsa Lurrera ekarri eta, horren bitartez, kometa horren jatorria ezagutzea zuen helburu, Wild 2 kometarena, hain zuzen ere. Bada, misioa arrakastatsua izan da: 2004an kometaren hauts-partikula batzuk jaso zituen Stardust zundak, eta 2006ko urtarrilean Lurrera itzuli zen.
Orain, zundak ekarritakoak aztertu dituzte NASAko adituek, eta ezustekoa jaso dute. Izan ere, kometa gure eguzki-sistematik kanpora sortua zela uste zuten, eguzki-sistema bera sortu baino lehenago. Baina kometaren hautsak beste zerbait dio. Hautsa aztertzen hasi zirenean sortu ziren lehenengo zalantzak, eta orain ziur esateko moduan dira: kometaren zati handiena Eguzkian sortua da, Eguzkia sortzen ari zenean, hain zuzen ere.
Aurkikuntza horren aurrean, adituak aho bete hortzekin geratu dira; izan ere, aurkikuntza ez dator bat eguzki-sistemaren sorrerari buruzko teoria eta ereduekin.