STEAM hezkuntza, eskolatik at!
2021/06/30 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)
STEAM hezkuntza eskolaren testuinguruan kokatzeko joera dugu. Ikerketek, aldiz, erakutsi dute eskolaz kanpoko zientzia-bizipenek eragin positiboa dutela haur eta nerabeen alfabetatze zientifikoan. Zer aukera ditugu? Zergatik da hain garrantzitsua eskolaz kanpo ere halako jardueretan parte hartzea? Nola eragiten du gaztearen inguruak?
Ikerketek erakutsi dute eskolaz kanpoko zientzia-bizipenak onuragarriak direla haur eta nerabeen alfabetatze zientifikorako: lagun eta senideekin zientzia-azoketara joatea, museoak bisitatzea, irteerak egitea, etab. Zer onura ekartzen ditu?
- Kontzeptu zientifikoak hobeto ulertzea. Aisialdian zientzia-edukiak bertatik bertara ikusteak teoriatik praktikara salto egitea dakar. Hala, gai baten inguruan emandako azalpenak hobeto barneratzen dituzte.
- Material eta tresna gaurkotuetarako sarbidea ematen dute. Izan ere, zientzia-azoka batean edo zientzia-museo batean topa ditzaketen material eta tresnetako asko ez dira eskolan edota etxean izaten.
- Lan zientifikoaren zeharkakotasuna erakusten dute. Zientzia eguneroko alor askotan dagoela ikus dezakete, batik bat gizarteko zenbat gai kritikoetan. Adibidez: kutsadura, jasangarritasuna, etab. Eskolaz kanpoko jardueren bidez, halako gaien inguruan hausnartzen, eztabaidatzen eta pentsamendu kritikoa garatzen dute.
- Zeharkako balioak sortzen dira. Jarduera horietan eduki berriak ezagutzeko aukera izaten dute, eta haietariko askok zenbait balioren lanketa dakarte berekin. Adibidez, estereotipo okerrak apurtzen dituzte zientzia-azoka batean emakume ikertzaileekin daudenean edota zientzia-museo batean emakume ikertzaile baten historia ezagutzen dutenean. Horrek neskei eragiten die batik bat.
Familia eta kideak
Opor-garaian, familiarekin eta kideekin (lagunekin) denbora gehiago igaro ohi dute haur eta nerabeek. Ikerketek erakutsi dute familien eta kideen eragina izugarria dela gazteengan, eta, batik bat, neskengan.
Gurasoen sinesmen eta itxaropenak STEMekiko
Gurasoen sinesmenek eta itxaropenek eragina dute nesken STEMekiko interes eta jarreretan. Semeari edo alabari tratu ezberdina ematen dieten sinesmen tradizionaleko gurasoek, esaterako, estereotipo negatiboak indartzen dituzte generoari eta STEMi buruz.
Esate baterako, testuinguru batzuetan, gurasoek itxaropen txikiagoa dute neskek matematikan dituzten gaitasunetan eta balio txikiagoa ematen diote neskek zientzietan eta matematikan parte hartzeari.
Gurasoen itxaropenak alaben ikasketekiko
Gurasoen itxaropenek eragina dute seme-alabek —eta, batez ere, alabek— etorkizunerako hautatzen dituzten ikasketetan.
Zenbait ikerketak iradokitzen dutenez, nesken ikasketa-hautaketetan eragin handiagoa dute gurasoen sinesmenek alaben interesek baino. Batez ere, amen sinesmenek eragin handiagoa dute neskengan mutilengan baino, eta, beraz, haien hezkuntza-errendimenduan eta aukera profesionaletan.
Gurasoen itxaropenak alaben ikasketekiko
Gurasoen hezkuntza-maila eta maila sozioekonomikoa zenbat eta altuagoa izan, orduan eta nota hobeak dituzte seme-alabek matematikan eta zientzietan. Beste senide batzuek ere izan dezakete eragina nesken STEMekiko orientazioan.
Zerikusia izan dezake gurasoek eskolan eta etxean ikasteko laguntza gehigarria ematearekin, seme-alabentzat itxaropen akademiko handiagoak izatearekin eta genero-rolei eta ibilbide profesionalari buruzko sinesmen tradizional gutxiago izatearekin.
Familiaren testuinguru soziokulturala
Familiaren testuinguru soziokulturalak ere eragiten du neskek STEMen izango duten parte-hartzean; etniak, hizkuntzak, migrazio-egoerak eta familia-egiturak.
PISA 2012 txostenak erakutsi zuen semeek alabek baino aukera handiagoa zutela zientziekin lotutako eskolaz kanpoko jardueretan parte hartzeko, hala nola telebistan zientzia-programak ikusteko, zientziei buruzko webguneak bisitatzeko, edo egunkarietan eta aldizkarietan zientziako artikuluak irakurtzeko. Baliabide mugatuak dituzten familiek diru falta, denbora falta edo Interneterako konexio falta izan ohi dute zientziak ikastea sustatzeko.
Kideak eta lagunak
Gazteek lagunekin duten harremanek sinesmenei, portaerari, emaitza akademikoari eta haurren motibazioari eragiten diete, bereziki nerabezaroan.
STEM ikasketei dagokionez, kideek eragin handia dute nesken STEM etorkizunean. Haien konfiantzan, motibazioan eta taldekide sentitzearen sentimenduan eragiten dute. Errendimendu akademikoari balioa ematen dieten lagunak dituzten neska ikasleek joera handiagoa dute STEM ikasketak hautatzeko. Era berean, horrelako ikasketak baztertu ohi dituzte hurbileko inguruneak emakumeentzat desegokitzat jotzen baditu.
Zer egin dezakegu, beraz, neskei eta mutilei STEAMen ateak irekitzeko? Hona hemen zenbait proposamen:
- Adin gutxirekin ezarri ikaskuntzarako eta interesa pizten hasteko oinarriak. Izan ere, adinean gora egin ahala, gustatzen ez zaizkigun arloak baztertzeko joera dugu, eta, ondorioz, STEM gaiekiko interesa adin txikiarekin indartzea komeni da.
- Gurasoak, tutoreak, zaintzaileak eta familia inplikatu. Goiko lerroetan azaldu bezala, STEAM hezkuntza ez da eskolatik soilik bultzatu behar; eskolaz kanpoko testuinguruak eta jarduerek eragin handia dute gazteengan, eta, batik bat, neskengan. Ondorioz, eragile denek aktiboki jokatu behar dute.
- Aurreiritziak zuzendu: STEMekiko eta STEM profesionalekiko izan daitezkeen aurreiritzi okerrak zuzentzea komeni da; horretarako, ahalik eta ikuspegi errealenak eta aniztasunik handienekoak aurkeztu behar dira.
- Gurasoen eta seme-alaben arteko elkarrizketa sustatu: haien sinesmen eta itxaropenek eragin handia dute gazteek ikasketa hautatzeko unean, batik bat nesken kasuan. Ondorioz, komenigarria da gertuko eta konfiantzazko harreman osasuntsua izatea guraso eta seme-alaben artean.
- Gurasoek modu aktiboan eragin dezakete beren seme-alaben STEM diziplinetara jo dezaten.
Zientzia-kapitala eta erreferenteak
Eskolaz kanpoko STEM jardueren bidez, zientzia-kapitala deritzona handituko dugu. Zientzia-kapitala pertsona bakoitzak zientziarekin duen harreman eta konpromisoaren neurria da: zientzia zenbat baloratzen duen, ea zenbateraino ikusten duen zientzia bere bizitzarekin konektatuta dagoela, ea zenbat sentitzen duen zientzia “beretzat dela” eta ea zientzia-gaiekin “seguru” sentitzen den.
Alde horretatik, zientzia-kapital handia duten familietako gazteek joera handiagoa dute STEM eremuko profesioetarako, kapital txikiko familietako gazteek baino. Ondorioz, perfil bereko familietako seme-alabek hautatu ohi dituzte zientzia-ikasketak, eta zaildu egiten da STEM profesionalaren kolektiboaren homogeneotasuna apurtzea.Era berean, STEM lanbideen aniztasuna ezezaguna da; ondorioz, gazte askok ez dira identifikatzen estereotipatua dagoen zientzialariaren irudiarekin: “STEAM ez da niretzat”. Gazteek uste dute profesionalak <<oso bizkorrak>>, <<ikastunak>> eta <<friki/geek-ak>> direla; beraz, ondorioztatzen dute <<ni ez naiz horrelakoa, eta hori ez da niretzat>>. Horrez gain, zientzialaria gizon zuri gisa irudikatu izan da.
Horrek ere neskengan du eragin handiagoa. Ikerketek erakutsi dute neskek, oso txikitatik (6 urte inguru), pentsatzen dutela ez direla mutilak bezain azkarrak. Horrek eragin handia du haien ikasketa-ibilbidean, nahiz eta ikasketetan emaitza hobeak lortu eta zientzia atseginago izan umetan.
Horregatik, oso garrantzitsua da STEM aniztasun hori ikusaraztea eta erreferente egokiak ematea. Hona proposamen batzuk:
- Emakumezko erreferenteak: haiek lagundu dezakete neskengan STEM diziplinen aldeko interesa pizten. Elhuyar aldizkariaren Ekinean atalean ezagut daitezke emakume zientzialariak.
- Irakasle emakumezkoak: STEM ikasgaietan irakasle emakumezkoak izateak eragin positiboa du nesken STEMekiko interesean.
- Nesken artean eskolaz kanpoko STEAM jarduerak egitea, edota erreferenteekin jarduerak egitea, hala nola aurrez aurreko bilerak, bideoak, edo arrakasta-kasuak erakustea.
Erreferentziak:
STEAM hezkuntza eta STEM profesioak gazteak inspiratzeko. Elhuyar (2020)
Couso, D., Jimenez-Liso, M.R., Refojo, C. & Sacristán, J.A. (Coords) (2020) Enseñando Ciencia con Ciencia. FECYT & Fundacion Lilly. Madrid: Penguin Random House.
Descifrar el código: la educación de las niñas y las mujeres en ciencias, tecnología, ingeniería y matemáticas (STEM), Unesco, 2019