}

STEAMen A, komunitatea sortzeko atea

2020/11/23 Lasa Iglesias, Aitziber - STEAM Hezkuntza arloko arduraduna

Haur eta gazteen STEM identitatea eraikitzen laguntzeko STEAM bizipenak sortzeko, beharrezkoa da STEM komunitate profesionalaren eta hartako protagonisten parte-hartzea. Bizilabe sarea ikasgelaz haragoko ekimen bat da, parte-hartze hori bideratzen duena.

 

steamen-komunitatea-sortzeko-atea
Arg. Pernan Goñi Olalde

 

STEAM hezkuntzako ekimenek gorakada nabarmena izan dute azken urteotan. STEM bokazioak sustatzeko edo talentua erakarri, mantendu eta sortzeko interesa gero eta handiagoa da, eta gero eta ekimen gehiago jartzen dira abian, bai eskola-eremuan, bai handik kanpo. STEM gaitasunak behar ditugu mundu jasangarri bat eta herritarren ardura eta gaitasun kritikoa sustatzeko, aurrean ditugun erronka handiei aurre egin ahal izateko; horretarako, STEM profesionalak behar ditugu. Hala ere, ez dirudi gazteek etorkizunean STEMak aukeratzeko asmorik dutenik, ez behintzat esparru horietan etorkizunerako aurreikusten diren beharrei erantzuteko beste. Nesken kasuan, gainera, datuak are okerragoak dira, eta garrantzitsua da horren atzean dauden arrazoietan sakontzea eta haiei aurre egiteko ekintzak egitea.

Descifrar el código: la educación de las niñas y las mujeres en ciencias, tecnología, ingeniería y matemáticas (STEM) txostenean (2019), Unescok azaltzen du STEM lanbideetako rol estereotipatuek eragin handia dutela neskengan. Hala, txostengileen arabera, autohautespenerako joera da neskek STEM hezkuntza hautatzeari uzteko arrazoi nagusia. Horretan, eragin nabarmena dute genero-rolen sozializazio-prozesuak eta ideia esteroeotipatuek, hala nola generoari eta STEMi lotutako estereotipoek. Txostenarekin jarraituz, STEM ikasketak eta karrerak gizonezkoentzat direla adierazten duten genero-estereotipoek eragin negatiboa izan dezakete nesken artean, STEMekiko interesari, konpromisoari eta errendimenduari dagokienez, eta litekeena da atzera eginaraztea haiekin erlazionatutako ibilbide profesionaletan. Estereotipo horiek bereganatzen dituzten neskek mutilek baino eraginkortasun pertsonal eta konfiantza txikiagoa dute beren gaitasunetan, eta gaitasun pertsonalak eragina du bai STEM hezkuntzako emaitzetan, bai STEM karreretan jarraitzeko asmoetan. Azterlan batzuek frogatu dute, gainera, neskek, adinean aurrera egin ahala, interesa galtzen dutela STEM irakasgaietan, eta iradokitzen dute haurtzaroan esku hartu behar dela eremu horietan, nesken interesa indartzeko.

STEAMen Ak, hasiera batean, Artea adierazten zuen, baina orain barnean hartzen ditu zeharkakotasuna, sormena eta diziplinartekotasuna. A hori ikus daiteke ate gisa ere; komunitateari zabaltzen zaion ate bat, STEAM hezkuntza-jardueretan aktiboki parte har dezan. Izan ere, hezkuntza-komunitateko eragile guztiek dute zeresana STEAM hezkuntzan: familiek, komunitate zientifikoak, enpresek, administrazioak, gizarte-eragileek eta, oro har, gizarteak. A horrek aukera ematen du paradigma aldatzen lagundu dezaketen profil eta lanbide desberdinagoak sartzeko.

Badira proposamen batzuk arrazoi horiei aurre egiteko edo ondorioak minimizatzeko, hala nola laborategi praktikoak eta diseinuan oinarritutako ikaskuntza bultzatzea, neskek zientzian eta teknologian konfiantza har dezaten, eta gehiago erakustea estereotipoak hausten lagundu dezaketen rol-ereduak.

 

STEM identitatea sustatzeko bizipenak: Bizilabe eredua

Gazteentzako ikerketa-zentroen Bizilabe sarea Bilbon jarri zen martxan, 2017an, eta Euskal Herriko udalerri batera baino gehiagotara zabaltzen ari da, Elhuyarren eskutik eta herri bakoitzeko udal-administrazioekin lankidetzan. Sare horren helburua da eskualde bakoitzean ekosistema bat sortzea, lagundu eta bultzatuko duena harremanetan jartzea STEM komunitate profesionala, neska-mutilak, eskola-ingurunea eta familiak. 2020ko urrirako, bost udalerritan izango dute martxan Bizilabe eremua.

Bizilabe zentroetan, 10 eta 19 urte bitarteko haur eta gazteek eskolaz kanpoko espazio batean sortzen eta esperimentatzen dute. Espazio horretan, zientzia eta teknologia, ezagutzak eta prozedurak, STEM lanbideak eta haien protagonistak hurbildu nahi zaizkie, eta inspirazio-iturri izan.

Bizilaberen estrategia metodologikoa STEAMekin lotutako bizipenak sortzean oinarritzen da, haurren arteko topaguneak eta emozio positiboak eraginez. Eskaintza zabala du: jarduera jarraitua urtean zehar, Elhuyar sortzen ari den STEM emakume profesionalen sare batek (ikertzaile gazteak gehienak) ematen dituen lantegi monografikoak, eta jarduera informalak, non komunitateak ateak irekitzen baititu haurrekin eta gazteekin elkartzeko. Garrantzitsua da lanbide horien irudi positiboa sustatzea, STEM identitatea eraikitzen laguntzeko, eta, horretarako, funtsezko zeregina dute ikasturtean zehar Bizilabeko ikasleekin harremanetan jartzen diren emakumeek.

Elhuyarrek a priori ikasleentzat erakargarriak diren eta estereotipoei aurre egiten dieten gaiak eta emakumeak biltzen ditu, eta jarduera diseinatzen laguntzen dio profesionalari, hura praktikoa eta manipulatiboa izan dadin. Behin edukiak eta haien ikuspegia definitu ondoren, parte hartzen duten STEM emakumeek badakite garrantzitsuena zer den: diren bezala agertzea, beren lanbideari, lanari, proiektuei eta beren bizitza-ibilbideari buruz hitz egitea, zalantzak eta akatsak erakustea, neska-mutilen proiektuei buruzko interesa izatea, eta STEM lanbideei buruzko uste faltsu zabalduak desmitifikatzen laguntzea.

Beste jarduera garrantzitsu batzuk ere egiten dira Bizilabe sareko zentroetan: bisitak ikerketa-zentroetara eta inguruko enpresetara, proiektuak erakusteko azokak, Bizilabek zientziako emakume eta neskatoen nazioarteko eguna gogoratzeko otsailaren 11ren inguruan egiten dituen jarduerak, zientzia-tailerretan, ginkanetan edo auzoetako festetan edo Zientziaren astean egiten diren bestelako jardueretan parte hartzea, eta Europako Ikertzaileen Gaua ospatzea, besteak beste. Zientzietako hezkuntza informaleko jarduera horiek guztiak aukera bat dira estereotipo negatiboei aurre egiteko edo STEAMekin lotutako emozio positiboak sortzeko.

Bizilaberen esperientziak erakusten duenez, STEMeko profesionalen bisita presentzialak eta birtualak edo lantokietarako bisitak oso ondo baloratzen dituzte ikasleek, eta baita familiek ere, uste baitute beren seme-alabek asko ikasten dutela eta Bizilabeko jarduera motibatzailea eta inspiratzailea dela. Orobat nabarmentzen dituzte lantegien gidarien profila, giro ona, aniztasuna, errespetua eta lankidetzarako jarrera. Emaitza horiek pizgarri dira ildo horretan lanean jarraitzeko. 

Artikulu hau (edo esperientzia hau) Graó Aula de Innovación Educativa eta Guix. Elements d’Acció Educativa argitaletxeen aldizkarietan argitaratu da, 2020ko azaroko zenbakietan.