STEM Planetak, Elhuyarrek eta Bioarabak ikertzaileak eta ikasleak elkartu ditu Iruñeko Planetarioan
2024/01/30 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)
Nafarroa eta Arabako Bigarren Hezkuntzako ikasleek euren proiektuak garatzeko gomendioak jaso dituzte ikertzaileen eskutik. Proiektu horiek apirilean Iruñeko “Teknozientzia Azokan” aurkeztuko dira eta maiatzean Bilboko ‘Elhuyar Zientzia Azokan’.
STEM Planetak, Elhuyarrek eta Bioarabak antolatutako “Parekoen arteko topaketan” Nafarroako eta Arabako 100 ikasletik gora eta 11 ikertzailek hartu dute parte, eta ideiak elkar trukatzeko baliatu dute saioa. Bertan izan dira ikasle eta ikertzaileekin batera, Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburua, Patricia Fanlo; Javier Armentia, Iruñeko Planetarioko zuzendaria; Danel Solabarrieta Arrizabalaga, Elhuyar Zientzia Azokako arduraduna; Ignacio Garitano Gutierrez, Bioaraba-ko Zuzendaritza Zientifikoko laguntzailea, eta Marie Heguy-Urain, Euroeskualdeko hiritartasun proiektuen kudeatzailea.
Goizeko hamarretan hasi da ekimena. Mahai bakoitzean zientzialari bana eta gazte talde bat egon dira. Lehenik zientzialariak bere burua aurkeztu eta egiten duen lanaren berri eman die gazteei, eta, ostean, gazteek egiten ari diren proiektuaren berri eman diote zientzialariari. Ideiak elkar trukatuta, zientzialariak zenbait iradokizun eta aholku eman dizkie gazteei eta, gazteek zientzialariari galderak eginez, bere jarduna gehiago ezagutzeko aukera izan dute. Segidan, mahaiez mahai mugitu dira zientzialariak, ideiak mahai bakoitzean elkar trukatuz. Ekimen honi esker, gazteek lehen eskutik ezagutzen dute ikertzaileen lana eta euren proiektuak garatzeko aholkuak jasotzen dituzte.
Guztira Bioaraba-ko eta Navarrabiomed-eko bio-osasungintzako 11 ikertzaile izan dira. Ikasleak, berriz, ‘Elhuyar Zientzia Azoka’ proiektuan parte hartzen ari diren Bigarren Hezkuntzako ikastetxe hauetatik etorri dira: IES Koldo Mitxelena BHI, IES Zabalgana BHI, IES Miguel de Unamuno BHI, San Fermin Ikastola, IES Plaza de la Cruz, IES Ibaialde eta Colegio Hijas de Jesús-Jesuitinas.
Gaurko ekimenean parte hartu duten gazteek ‘Elhuyar Zientzia Azoka – Nafarroa│Teknozientzia’ azokan aurkeztuko dituzte euren proiektuak apirilaren 27an. Ostean, maiatzaren 22tik 25era, Bilboko Elhuyar Zientzia Azokan aurkeztuko dituzte.
Saio hau antolatu da, besteak beste, Euroeskualdeko Hiritartasuna deialdiari, FECYT-i (Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren eta Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa), NICDO-ri (Nafarroako Gobernuko elkarte publikoa) eta Nafarroako Foru Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari esker.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia